Gu gira Euzkadiko gazteri berria... dio Mixel Labegueriek 60ko hamarkadan idatzitako Gazteri berria abestiaren letrak. Bada, gaur eguerdian, antzeko atmosfera bat arnastu zitekeen Tolosako Leidor aretoan. Izan ere, Euskal Herriko Gazte Abesbatzarentzat izan da aurtengo edizioko Sari Nagusia. Sari horri esker, 2023an ospatuko den Europako Abesbatzen Sari Nagusian lehiatzeko aukera izango du Basilio Astulezek eta Aitor Biainek zuzendutako taldeak. Baina Sari Nagusia ez da Euskal Herriko Gazte Abesbatzak lortutako sari bakarra izan; polifonia eta folklorea sailetan ere irabazle izan da etxeko taldea.
Aurtengo edizioan nabarmendu den beste taldea Madrilgo Gazte Abesbatza izan da. Koru honek entzuleek bozken bidez ematen duten saria eta euskal abesti baten interpretazio onenarengatik ematen dena eskuratu ditu. Lehiaketan parte hartu duten beste taldeetatik, Hungariako Cantemus Children’s Choir eta Estatu Batuetako Missouri State University Chorale izan dira sariren bat lortu duten bakarrak.
700 ikusle inguru bildu dira Tolosako 52. Abesbatza Lehiaketaren amaiera ekitaldian. Gozatzeko asmoz bertaratu, eta baita hala egin ere. Eskualdeko artisten eskutik eman zaio hasiera. Izan ere, Bernardo Atxagak idatzitako Zer duzu Laika? ipuina musikatu zuen David Azurza tolosarrak, eta gaur, Azurza bera zuzendari zuela, ipuin musikatua interpretatu du Gernikako Gaudeamus koralak, Kuraia Ensemble musika taldearen laguntzarekin. Kontakizuna, berriz, Andoni Alemanek eta Miren Belokik egin dute. Jarraian, protagonista berdinek, Joxe Mari Iturralde tolosarrak idatzitako Hurkus errementaria ipuin musikatua interpretatu dute. Saio berezia eta ezberdina izan da.
«Erakusleiho bikaina»
Aurtengo edizioan, Helene Stureborgek eta Mikael Wedarek (Suedia), Frieder Berniusek (Alemania), Marco Antonio Garciak (Espainia), Alain Louisotek (Frantzia), Peter Phillipsek (Erresuma Batua) eta Xabier Sarasolak (Euskal Herria) osatu dute epaimahaia.
Sarasola bera izan da, gainera, epaimahaiko lehendakaria. «Oso pozik» eta «harro» dago egun hauetan Tolosan ikusi eta entzun duenarekin: «Edizio bikaina izan da, eta maila oso altua izan dugu». Tolosa izan da, gainera, abesbatzen lehiaketa bat berriro martxan jarri duen lehen herria. «Iaz ezin izan genuen lehiaketa ospatu, eta aurten sekulako poza hartu dut oholtzak berriro abesbatzez beteta ikustean», aitortu du Sarasolak.
Epaimahaiko lehendakariak abesbatza guztien lana eskertu nahi izan du eta, batez ere, Madrilgo Gazte Abesbatza eta Euskal Herriko Gazte Abesbatza zoriondu ditu: «Abeslari gazteen kalitatea nabarmenduko nuke aurten». Musika munduan murgildu nahi duten Euskal Herriko haur eta gazteentzat, sari hau irabaztea «erakusleiho bikaina» izan daitekeela gaineratu du. «Gazte bat kirolari izatea ohikoagoa da abesbatza batean aritzea baino. Hortaz, jakin dezatela hemen ere gozatu ahal izateko nahikoa leku badutela. Orain, etorkizuna ziurtatzea izango da helburua», azaldu du Sarasolak.
‘Lau teilatu’-ren doinuan
Tolosako Abesbatza Lehiaketa gauza askorengatik da berezia. Besteak beste, munduko abesbatza ezberdinetako kideek elkarrekin harremanak egiteko duten aukeragatik, baina baita Tolosan egun horietan sortzen den giroagatik ere. Gaur, sari banaketa ekitaldia amaitu berritan, Leidorren atzealdean, Euskal Herriko Gazte Abesbatzako kideak eta zuzendariak elkarri helduz eta borobilean jarrita, Itoiz taldearen Lau teilatu abestiaren bertsio bat interpretatu dute, entzuleen pozerako. Gero, txalo sorta eder bat eskaini diete.