«Denon abesbatza da gurea, euskaldun oro ordezkatzen duena»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 1a, 18:58

Tolosan irabazi ondoren, 2023an Europako Sari Nagusian lehiatuko da Euskal Herriko Gazte Abesbatzak; zuzendariaren iritziz, lan handia egin da Euskal Herriko abesbatzetan, eta beraz, «oso pozik» dago.

EAEko hiru lurraldeetako 40 gaztek osatzen dute Euskal Herriko Gazte Abesbatza, Basilio Astulezek eta Aitor Biainek zuzentzen dutena. Xabier Sarasolaren iritziz, ahots kalitate bikainekoa eta teknika maila oso altua duen taldea da: «nazioarteko edozein abesbatzekin lehiatu dezakeela erakutsi du». Astulez zuzendariak ere gazteen lana goraipatu du.

Zer suposatzen du zuretzat Tolosako lehiaketa irabazteak?

Europako Sari Nagusia lehiatzeko aukerarena zerbait anekdotikoa suertatu daitekeen arren, Tolosan irabazle izatea oso berezia da. Inoiz ahaztuko ez dudan uneetako bat bizi izan dut gaur Leidorreko oholtza gainean.

Igaro dugun bolada txarragatik, zapore gozoagoa du garaipen honek?

Zalantzarik gabe. Mila oztoporekin aurkitu gara, eta hala ere, aurrera egin dugu. Gure kasuan, adibidez, Euskal Herriko herri ezberdinetako 40 abeslari biltzeak lan handia eskatzen du. Azken urte eta erdian askotan moldatu behar izan dugu egutegia, eta azkenean, guztion esfortzuari esker atera ahal izan dugu guztia aurrera.

Nola sentitu zarete oholtza gainean?

Lehiaketa hasi aurretik esan nuen aukerak urriak izan arren, garaile suertatu gintezkeela. Emaitzez haratago, oholtza gainean izandako sentsazio eta emozioak ere oso onak izan dira, bizi osorako oroimenean geratuko direnak.

Garaipen hau inflexio-puntu bat izan daiteke Euskal Herriko gainerako abesbatzentzat?

Noski! Eta ez gure taldeagatik bakarrik. Nahiko esanguratsua da 16 urteko gazteak horrelako oholtza batean maila bikainean kantuan ikusi eta entzutea. Tolosakoa munduko plaza zailenetako bat da; beraz, harrotasunez diot egin dugunak meritu izugarria duela.

Garaipen honek bultzada bat ekarri behar du atzetik. Laguntza afektiboaz gain, babes ekonomikoa ere behar dugu. Oholtza garrantzitsuenetara igotzeko erraztasunak eman behar dizkigute, izan ere, guk erakutsi dugu edozein lehiaketa irabazteko gai garela, Euskal Herrian ere abesbatzarako etorkizuna ziurtatuta dagoela. Gainera, argi geratu da abesbatza batean abestea ez dela soilik helduen kontua. Harrobi ederra dugu, abesbatzak ikaragarri maite dituena, eta hori indartu behar dugu.

Hortaz, nola aurreikusten duzu 2023an Europa mailan lehiatzeko aukera?

Urrun sentitzen dut oraindik, baina aldi berean, poz handia eragiten dit. Guztion abesbatza da gurea, euskaldun oro ordezkatzen duena. Euskal Herriko produktu garrantzitsuenetako bat da. 

Erlazionatuak

Etxean geratu da txapela

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 aza 01 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!