Gazteria kanturako ere prestu duen herria

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio 2021ko aza. 1a, 18:57

Zortzi herrialde ordezkatu duten beste hainbeste talde eta guztien artean nabarmentzekoa bertakoa, Euskal Heriiko Gazte Abesbatza.

Musukoaren urte bezala gogoratuko dugu hau eta ea azkena den ez baita kantuan aritzeko baldintzarik aproposena. Halere, izan da asebetetzeko arrazoirik aurtengo lehiaketa laburrean.

Kulturak eta bereziki abesbatzen munduak jasan behar izan duen galga larria gainditu eta dugun ondarea erakusteko balio izan du. Bada lanerako eta kanturako prest dagoen gazte trebe andana, baina ez du ikusgarritasun nahikorik jasoko ziurrenik kultura hitzak ahobetetzen duen gure herri jator eta petral honetan.

Gaztetasunaren indarra eta bizitasunari eta jada duten formakuntzari etekin ederra atera diote Biain eta Astulez zuzendari prestuek. Behar bada, sutsuegi hasi ziren polifoniaren atalean, tinbre aberats eta garbiz eta goiko erregistro dizdiratsuak atsegin gintuen bat batean. Ravelen zailtasun maisuki azalduak, Rossiniren aire operistikoa eta Snow dance for the dead-ean bortitz, gaztetasunaren aldarri. Folklorean sosegu handiagoz, jarioari ekin eta entzuleengan sorrarazi zuen zirrarak goia jo zuen Itoizen Lau teilatu-ren goxotasunean, V. Zubizarretak moldatutako Ama Begirazazu eta Elberdinek osatutako Amorioa eskal kanten bilduma herrikoiekin. Garai bateko euskal taldeen nortasun zen erregistro koloretsua itzuli digute. Mila esker!

Juan Pablo de Juanek maisuki zuzendutako Coro de Jovenes de Madriden lan bikaina; gaztea, ugaria, ahoskera garbi, soinu aberats eta orekatuakoa. Xehetasunean landutako partituren mezua zehaztasunez entzunarazteko lan fin, oso espresibo eta eraginkorra eskaini ziguten: Victoria, Holst, Pärt... Folklorean, ahoskera gardenez, aspaldi entzungabeak genituen Akerra ikusi dugu Guridiren moldaketa eta Donostiak armonizatutako Hiru Txito jostalariak Elberdin izan zuen amaierarako traka txinpart egiteko hautu. Esaldien artean eraikitako harnasketa lasaigarri eta esanguratsuak berezitu dituzte eta Belloporturen Lastozko zubiya partiturak dituen idazkera xehetasunez betea nola ulergarri burutu hobekien asmatu zutenak izan genituen.

Kataluinako Cor Bruckneri buruz, atsegina adjektiboa erabiltzera ausartuko naiz; Monteverdiren beti konprometitua den poesia eta polifoniaz aurkeztu zitzaizkigun eta Julia Sesé zuzendariaren adierazkortasun eskeaz garai eta estilo desberdinetan airoski bidaiatzeko gonbita luzatu ziguten.

Missouri State University Choralek zuzendariaren maisutasuna lehen obratik jarri zuen agerian Lauridsenen obra konplikatuan batuta, eskuan mugimendu nimiño eta ez alperrikakoekin, zorrotz hasi bezain pronto. Egitarauaren hautaketan aldiz, gutxiago asmatu zuelakoan naiz: lehia estuan bakoitzak hobe defenda dezakeen esparrura jo behar du parekoa gainditzeko. Behartua zen Bustoren Laudate Pueri konplexuarekin erakutsitako aziertoa, antzinako musikan malkartsuago zitzaien eta halere bi obra kantatu zituzten. Folklorean berriz, berotasun nabarmena erakutsi zuten amerikar kanta ederretan; xinpleak diruditen horietan horrelako enpaste konpaktu eta amultsuak lortzea ez da erraza eta egundoko kohesio tinbrikoa erakutsi du talde honek. Egitarauaren aniztasunean gehiago arriskatu izanak errenta gehixeago eman izango liekeela pentsatzen dut, eta bazuten horretarako gaitasunik. Oro har, talde oso erakargarri, jantzi eta gaitasun zabalekoa.

Gurean aspalditik ezaguna dugun Hungariako Laudemusek ez du garai bateko loria erakutsi, garaiotan haur eta gaztetxoen lan eremuak eta metodoek beste esparru batzuetara jo dute, baina halere hor emaitza eta meritua Zabü zuzendariarena. Talde lan eskergaren ondorioz lotutako unisono ia perfektuak edo Holsten Ave Maria-ri eskegitako ahotsen arteko elkarrizketak eta Hungariako folklore doinu eta erritmoez sentiarazten duten sakontasunak pedagogo jakintsuaren lanaren emaitza baino ez dira.

Fortius, Letonia eta Vox Populi Estoniatik iritsitako bi talde hauek bigarren mailako lan txukuna eskaini ziguten.

Guztien antipodan eta lanketa hankamotzarekin Norvegiatik etorritako Stemmer. Beti dago salbuespenerako tokirik.

Erlazionatuak

Etxean geratu da txapela

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 aza 01 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!