Aiko taldeko kidea da Sabin Bikandi. Larunbatean 12:30ean, Tolosako kultur etxean izango da, talde bereko Patxi Labordarekin batera hitzaldia ematen.
Zer da zuretzat erromeria?
Batez ere dantza da, dantzaldia. Dantza herrikoia, parte hartzailea, interaktiboa. Sarritan dantza modu pasiboan ulertzen dugu, norbait dantzan eta gu eserita ikusten. Guretzat dantza egitea dantzaldian parte hartzea da.
Eta zein funtzio du?
Oraindik ere, Aiko taldearentzat, dantzak izan duen funtzio nagusia harremanarena da, komunikazioarena. %90etik gora, gure gurasoen lehenengo errekadua dantzaren inguruan izango zen seguruenik: dantza eskatu, dantza egin, gero etxera bueltan lagundu, hurrengo dantzaldirako gelditu... Harremanak horrela hasten ziren.
Funtzio horrek oraindik ere jarraitzen du?
Erromerietan bai, baina dantzak hartu dituen beste bide batzuetan konplexuagoa da. Dantzak oholtza gainera salto egin zuenean eta espektakulu bilakatu zenean, beste era bateko baloreak islatu ziren. Erromerietan, ordea, harremana da garrantzitsua, kontaktua, elkarrekin egotea. Horregatik gaude pasatu dugun boladaren ondoren, dantzan berriro egiteko gosez eta beharrizanez. Gizakiak gara eta gizakiak gizakia behar du aldamenean aurrera egin eta bizitzeko.
Dantzak aldaketak izan ditu?
Euskal Herrian gerra aurretik hasi ginen oholtza gainera dantza eraman nahian. Unibertsaltasunaren bila ere, gure dantzakera eta gure hizkuntza koreografikoa ahaztu eta jantziagoa zelakoan, balletetik eta dantza klasikotik hartzen hasi ziren. Hala ere, orokorrean badago joera bat iturrietara bueltatzearena, eta gure apustua hori da.
Dantzarako ohitura nola dago gaur egun?
Dantza egiten dugu, dantza hor dago. Zein dantza? Hori beste kontu bat da. Nik dantza ekinez eta eginez ikasi nuen. Gaur egun ere jendeak dantza egiten jarraitzen du, mugitzen, musika asko entzuten, kantatzen. Dantzaz inguratuta gaude.
Gazteek nola ikusten dituzte erromeriak?
Adin bat egoten da gauza bakoitzarentzako. Baditugu gazteak inguruan, ikastaroetara etortzen dira, gure taldean ere badaude, baina sasoi bat egoten da gauza bakoitzarentzako. Denek dute lekua erromerietan.
Bide onetik doaz?
Gu gure bidetik pozik goaz, hainbat bidaiderekin. Sarritan zer dantza egiten den baino garrantzitsuagoa da laguna izatearena. Gero beste guztia moldatzea da, kontua da, lagunak izatea. Gure kasuan, lagunak baditugu eta bidea polita da, merezi du. Helburua, heltzea baino bidean gozatzea da.