Hemezortzigarren edizioa beteko du aurten Inpernuko Poza Trikitixaren Jardunaldiak. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatzen du eta Tolosan egingo dute larunbat honetan. Erromeria izango dute hizketarako gaia. Berez, Donostian egin ohi zen, eta iaz Tolosara lekualdatu bazuten ere, pandemia tarteko, streaming bidez egin behar izan zuten. Aurten, ordea, Tolosako kultur etxea baliatuko dute jardunaldiak egiteko.
Trikitixa Elkartetik esan dutenez «erromeriak izan dira trikitiaren sorburu eta ikasteko toki, erromerietatik abiatuz sortu izan zaizkigu hainbeste trikitilari bikain. Erromeriek, gainera, funtzio sozial ezinbestekoa bete izan dute eta gizartearekin batera eraldatuz joan dira, egokituz, trikitiak ere hertsiki loturik eraldaketa hori bizitu duelarik».
Besteak beste, erromerien gaur egungo funtzioaren inguruan hitz egin nahi dute eta horretarako bi ekitaldi izango dira. Batetik, hitzaldia eskainiko dute Aiko taldeko Sabin Bikandik eta Patxi Labordak, 12:00etan, kultur etxean. Eta bestetik, mahai ingurua egingo dute, 16:30ean, leku berean, Aritz Ibañezen gidaritzapean. Xabier Etxabe, Xabier Itçaina eta Joseba Altube izango dira hizlariak.
Bi hitzorduetan erromerien munduan eskarmentu handiko pertsonak izango dira. Aiko taldeko Sabin Bikandik eta Patxi Labordak erromerien inguruko euren ikuspegia azalduko dute. «Erromeriaren kontzeptua eguneratzeko hausnarketa bikaina eskaini ahal digu talde honek. Erromeriek izan duten eraldaketa euren baitan bizitu dute Euskal Herriko plaza ezberdinetan; protagonista zuzena da talde hau gai honen inguruan», esan du elkarteak.
Mahai ingurua
Mahai inguruan erromeriaren lurraldez lurraldeko aldaketez ariko dira Aritz Ibañez dantzari eta kazetari nafarrak gidaturik. Gipuzkoatik Xabier Etxabe ariko da. Eusko Ikaskuntzako partaidea da eta hainbat ikerketa eginak ditu kultura, dantza eta erromerien inguruan.
Xabier Itçaina Ipar Euskal Herriko ordezkaria izango da. Emile Durkheim Bordeleko ikerketa zentroko zuzendaria da eta Euskal Herria ardatz hartuta hainbat liburu argitaratu ditu, besteak beste, herri kultura eta tradizioak ere kontuan izanik.
Azken hizlaria, Joseba Altube izango da. Bizkaiko errealitatearen inguruan ariko da. Hainbat urtez Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari izan da eta dantzaren errealitatea zein Bizkaiko erromerien funtzioa aurrez aurre bizitu ditu.