Udal zergak eta tasak %2,5 igoko dira datorren urtean

Ataria 2021ko urr. 6a, 07:58

KPIaren azpitik igoko dira; oposizioak igoera %1,5koa izatea proposatu du.

Tolosako Udaleko iraileko osoko bilkuran datorren urteko ordenantza fiskalen inguruan aritu ziren, garai honetan ohikoa den moduan. KPIaren igoera %3koa izango da eta Tolosan %2,5 igoko dituzte udal zerga eta tasak. EAJko Begoña Tolosak esan zuen proposatutako aldaketak denborarekin aztertu dituztela eta izango dituen ondorioak aztertu dituztela ere. Iaz garai honetan ziurgabetasuna zela nagusi esan zuen eta «ahalegin berezia» egin zutela tasak eta zergak bere horretan mantentzeko. «Zorionez egungo egoera bestelakoa da. Adierazle guztiak aldekoak dira eta badirudi, pixkana ari garela normaltasuna berreskuratzen, arlo guztietan». Udalaren helburu bakarra herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea dela nabarmendu zuen. EH Bilduk aurkeztutako zuzenketaren inguruan esan zuen «zaila» dela proposamenak aztertzea «zehaztasunik gabe, helburuak zein diren jakin gabe».

Izan ere, EH Bilduk %1,5eko igoera orokorra proposatu zuen «argindarraren prezioaren igoerak etxeko eta enpresa txikien fakturan izan duen eragina dela eta». «Udal zerga hauek progresiboak ez direla eta igoera honek denei modu berean eragiten digula kontuan izanik, igoera leun bat proposatzen dugu».

Azkenean %2,5eko igoera onartu zen, baina igoera hori ez da aplikatuko apirilean onartutako prezio publikoen kasuan. Kulturari dagokionez, kultura sustatzen jarraitzeko helburuz, zine bonuen prezioa ez aldatzea erabaki zuten.

ZERGA GEHIAGO

Zergekin jarraituz, ibilgailuen gaineko zerga, ondasun higiezinen gainekoa eta zaborrari dagokiona interesik gabe zatika ordaintzeko aukera emango dute, Udaten eginda eta momentuan bertan baieztapena jasota. Era berean, herritarrei erraztasunak emateko, hobariak eskatzerako orduan erakundeek dituzten dokumentuak ez dira eskatuko tramiteak arintze aldera. DGTarekin ere hitzarmena sinatu dute, trafiko buruzagitzan egiten diren tramiteak udalean bertan egin ahal izateko.

Honi guztiari lotutako bi zuzenketa gehiago aurkeztu zituen EH Bilduk. Udal gobernuak ezezko bozka eman zien horiei ere. Lehena zerga, tasa eta prezio publikoetan ematen diren hobari, prezio jaitsiera eta diru laguntzen datuak generoaren arabera jasotzeko izan zen, eta bestea, trakzio mekanikoko potentzi handiena duten turismo eta motoei koefizientea igotzekoa. Lehen zuzenketari buruz Begoña Tolosa jeltzaleak erantzun zienez genero ikuspegiaren gaia elkarrekin hasiko dira lantzen: «politiko-teknikoki landu eta zehaztuko dugu: zein helburu, helburuak lortzeko zein irizpide aztertu eta ea irizpide horiek aztertzeko gai garen». «Ez gaude zuen proposamenen aurka, baina gauzak lasai aztertu behar dira».

HAPO

Bestelako gaiak ere jorratu zituzten, iraileko osoko bilkuran. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala egiteko prozesua abiaraztea onartu zuten eta hain zuzen, eskualdeko ospitaleari lotuta dago gai hori. Udalak esan zuen Plan Orokorraren aldaketa puntuala legez ezarritako prozedura jarraituta egin behar dela, herritarren parte hartzearekin, eta horri begirako programa onartu zuten. Talde eragilea eratzea adostu zuten, eta herritarrekin bi saio egitea aurreikusi du udalak, «ekarpenak jasotzeko bata, eta behin betiko dokumentua herritarrekin partekatzeko, bestea».

Kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuen kontrataziorako lizitazioa martxan jartzea erabaki zuten, bestalde. Kontratu berriak 10 urteko iraupena izango du eta kontratuan inbertsioak aurreikusi dituzte.

Izaskungo Aldapako saneamendua hobetzeko hitzarmena onartu zuen udalbatzak, era berean, eta herri erdigunean dagoen tren geltokiko eremua irisgarriagoa izateko konpromiso-maileguak onartu zituzten, Adif-ekin elkarlanean. Bukatzeko, burujabetza energetikoari buruzko bi mozio aurkeztu zituzten. EH Bilduk bat aurkeztu zuen eta EAJ-PSE-EEk bestea. Bigarrenek aurkeztutakoa onartu zen, bi alderdi horien aldeko botoekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!