Asuncion ospitaleko lanak, hizpide

Ataria 2021ko urr. 6a, 07:58

Tolosako Udaleko azken osoko bilkuran eztabaidagai izan dira ospitaleko lanak.

Asuncion ospitalean egiten ari diren obrak izan zituzten hizketagai azken osoko bilkuran eta Egoitz Sorozabal (EAJ) zinegotziak esan zuen ospitaleak udaletxean obrak egiteko proiektu bat aurkeztu zuela, baina udaletxearen erantzunik jaso gabe, «hau da, lizentziarik gabe», obrak egiten hasi zela. «Obra horien berri izan bezain laster, obra guztiak eteteko erabakia hartu zen». Espediente bat dago orain abian, eta hainbat fase izango dituela azaldu zuen zinegotziak: zigor espedientea abiarazi zen eta ibilbide administratiboa darama, eta obrei dagokienez, bi obra bereizi behar direla esan zuen, «batetik eraikinaren barrualdeko lanak eta eraikinari handitzeari dagozkionak, bestetik». Udalak «legalizazio» proiektu bat eskatu zion Asuncioni, Sorozabalen hitzetan, eta hori aurkeztuta jarraitu ahal izan zuten barruko lanekin, ez ordea kanpoaldekoekin, «segurtasuna bermatzeko behar beharrezkoak ziren lanak baino ezin izan dituzte egin». Asuncionek udalaren erabakiari errekurtsoa aurkeztu dio, «errekurtso hori aztertu ondoren, atzera bota zen arrazoi juridiko-teknikoak medio eta orduan bai, xehetasun azterketa aurkeztu zuten». Xehetasun azterketa horrek bere bidea egingo duela esan zuen.

Andu Martinez de Rituerto (EH Bildu) zinegotziak hartu zuen hitza gai honi buruz aritzeko, eta galdetu zuen ea zein helbururekin ari diren Asuncion ospitaleko handitze lanak egiten, eta zein etorkizun izango duen, eskualdeko ospitalea eraikiko dela jakinda.

Era berean, adierazi zuen etorkizuneko ospitale horren kokalekuak ez duela arazo izan behar, toki horrek eskualdeko beharretara egokitutako ospitale bat eraikitzeko baldintza guztiak betetzen baditu. Horretarako beharrezkotzat jo zuen ospitale horrek izango dituen zerbitzu eta prestazioak aldez aurretik zehaztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!