Hitzez Hitz

Iñaki Larrañaga, maisu eta bidelagun

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Telleria. Galtzaundiko kidea 2021eko uztailaren 30a

Iñaki Larrañagaren artxiboko irudia. ATARIA

Nire aurreko artikuluan zeharka aipatutako kontu zaharrekin nator berriz ere. Iñaki Larrañaga soziolinguistaren heriotzak eman dit aitzakia oraingoan. Gure inguruan soziolinguistika aplikatuaren lehen adreiluak jarri zituen apaiz lazkaotarra. Aspaldiko kontuak izaki eta bere izaera erreserbatua tarteko, izen honek ez die agian gauza handirik esango irakurle gehienei. Baina gaur egun Tolosak duen euskararen ezagutza eta erabileran zerikusi handia izan zuen laguna genuen Iñaki. 

1980. hamarkada erdi aldera ezagutu genuen Tolosako udaletxean; Udal Euskaltegia martxan zen ordurako, Mirentxu Etxeberria alkate, Iñaki Larrañaga Euskara Batzordearen aholkulari aritu zenean; ondo gogoan dugun Inaxio Agirre zen batzorde hartako lehendakari; EAJ alkatetzan, ezker abertzaleko zinegotzia batzorde baten presidente. Beste garai batzuetako kontuak gurean. Euskararen egoerarekin sentsibilitate berezia zuten biek ala biek. Astelehen arratsaldeetan ordu luzez biltzen zen batzorde hori, egoera kezkagarri hura iraultzeko moduez eta balizko urratsez hausnartzeko. Lehen kanpaina haietan aholkulari eta gidari izan zen Iñaki Larrañaga jakintsua. Eta metodo zientifikoa aplikatuz, baita ondoren burutu izan diren euskararen erabileraren neurketetan ere.

Gure hizkuntzaren historian urtealdi honek anekdotaren kategoria suposa dezake. Baina urte gutxi izan arren, eman diren aldaketaz jabetzeak merezi du. Gertaera pare bat orduko egoera ilustratzeko.

Udalak etxeetara bidaltzen zituen ordainagiriak (ura, argia, etab.) gaztelera hutsean idatzita ateratzen ziren. Euskara Batzordeak proposatuta, kanpaina bat burutu zuen Euskara Zerbitzuak: agiri guztiak euskara hutsean bidaliko zituen aurrerantzean, eta halakorik nahi ez zuenak eskaera egin beharko zion udalari, gazteleraz jasotzen jarraitzeko. Eta izan zen erreakziorik.

Lehen kanpaina haietan aholkulari eta gidari izan zen Iñaki Larrañaga jakintsua

Aurreneko kasuan, herriko famili ondo abertzaleko patriarka joan zitzaigun goiz batean udaletxera; euskara jatorraren zale izaki, batuak begietako mina ez ezik urdaileko bihotz errea ere eragiten zion, nonbait eta erdaraz nahiago zuela esanez, hala bidaltzeko eskatu zigun. Gaur egun apenas geratuko den batuaren beharra eta onurak zalantzan jarriko dituenik. Aldaketaren seinale.

Bigarren kasu bat ere badut gogoan, batere abertzalea ez zen gizaseme harena. Euskaraz jakin ez arren, bere abizen ondo euskaldunen jabe izateaz harro; kontuak eskatu zizkigun inoren baimenik gabe aldatu zuelako udalak berari zuzendutako agirien hizkuntza, konturatu gabe seguruenik, gaztelera hutsean bidaltzeko ere ez zuela inolako baimenik emanda. Aurrekoak ez bezala, jarrera honek badu jarraitzailerik oraindik.

Bizi zen moduan, diskrezio osoz joan da Iñaki. Baina ez oharkabean, denontzat behintzat

Bere ahots sakonaz, bere hizkera pausatuaz, bere ikuskera, bere iritziak, bere gomendioak aletzen zituen udaletxe zaharreko gela ilun hartan Iñaki Larrañagak. Eta jarraibide horiek gero bidea egiten zuten Tolosan bezala, inguruko herrietan. Ondorioak begi bistakoak dira urteetan aurrera goazenontzat.

Bizi zen moduan, diskrezio osoz joan da Iñaki. Baina ez oharkabean, denontzat behintzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!