Hitzez Hitz

«En castellano por favor», oraindik ere

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Telleria. Galtzaundiko kidea 2021ko ots. 1a, 09:58

Udaltzain baten artxiboko irudia. ATARIA

Hautsak harrotu ditu sare sozialetan Tolosako sarreran udaltzainen kontrol batean adunarrari gertatutakoak. Azkenaldi honetan, antzeko beste kasuren bat izan dugu Tolosako kalean zerbitzari publiko gazte baten aldetik, «En castellano por favor» formatuan. Ahalduntze zaharberritua.

Ezer baino lehen, eta gertaera hauek irmo salatzearekin batera, aitortu beharra dago praktika hauek ez direla eguneroko jardunean modu orokorrean ematen Tolosako udaletxean. Ondo aspaldikoa da Euskararen Legea, eta ez dago ukatzerik bere arrastoa utzi duela administrazioan bezala beste esparru publikoetan ere. Edozein kasutan, modu argian eta erabakimenez, dagokionak moztu beharreko jarrerak.

Hautsak harrotu ditu sare sozialetan Tolosako sarreran udaltzainen kontrol batean adunarrari gertatutakoak

Kasu hauen berri izanda, oroimenak garai ez hain aspaldikoetara egiten digu hegan: Udal Euskara Zerbitzua, aitzindarietako bat, abian jarri zen garaietara; kanpaina haien berritasuna, «Lehen hitza euskaraz», «Lehen erantzuna euskaraz», «Kontuak euskaraz» (orduan ohikoak ziren banku-taloiak euskaraz betetzen ikasteko), etab. Ondoren etorri zen Galtzaundi Euskara Taldearen sorrera, Euskaldunon Egunkaria amets zena paper bihurtzeko kanpainan Tolosan burutu ziren ekimenak, ia erabat erdaldunak ziren inauterietan karroza eta konpartsetan euskara gero eta proportzio handiagoan erabiltzeko bultzadak... Aldeko bilakaera egon dela erabilera neurketek esaten digute. Baina, bueltan-bueltan, holako episodioak agertzen zaizkigu tarteka.

Gertaera hauek ez dute justifikaziorik; izatekoan, esplikazioa. Eta ez bakarra. Agian badu zerikusirik administrazioko lanpostuetan, udaletxekoan kasu honetan, ez dela ematen garai batean ezagutu genuen egonkortasuna; enplegatu berrien joan-etorria etengabea da. Gurearekin zerikusirik ez duten errealitate soziolinguistikoko zonaldetatik datozenak askotan. Eta horrek berekin dakar gure herriak eta bere izaerak ez ezagutzea. Erremediatu ezean, nago fenomeno hau handitu egingo dela datozen urteotan gertatuko den erretiro indize altuak eraginda. Adin piramideari erreparatuta, aurreikus daitekeen kontua da.

Bestalde, hezkuntza sare desberdinen defentsan eztabaidarik baden honetan (nor publikoago izan, nork euskalduntzen duen gehiago...) iruditzen zait oker handia egingo genukeela hezkuntzaren funtzioa, hizkuntzari dagokionez, euskararen ezagutza maila gutxienekoa lortzera mugatuko bagenu (eta gutxieneko hori lortzen denik ere ezin esango dugu). Hori baino zerbait gehiago eskatu behar diogu. Eta hezkuntza sistemak, berak bakarrik ez bada ere, tramitezko ezagutza hutsetik haragoko plus bat eman behar die ikasketa aldia bukatzen duten gazteei. Eta plus horren jabe izan behar dute, ezinbestean, lan mundura salto egitean soldata diru publikotik jaso nahi dutenek. Ikustarazi beharko zaie zentralitatea ez duela behar langile publikoaren erabilera eskubideak, baizik eta herritarrak administrazioarekin jarduteko egiten duen hautuak; errespetuz eta kontsiderazioz; eta hor ezin dugu amore eman.

Esandakoa: gertaera hauek ekiditeko ahalmena duenak, har ditzala hartu beharreko neurriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!