WATTARIA

Bateria berdeagoak

Erabiltzailearen aurpegia

Ohikoa da baterien inguruan hitz egiterakoan ondoko esaldia entzutea: «Energia gehiago behar omen da litio-ioi bateria bat egiteko eta kutsagarriagoa omen da gero bere erabileran 'aurrezten' dena baino». Ez naiz aditua fabrikazio kontuetan, baina oker ez banago baieztapen hori ez dago errealitatetik urruti. 

Izan ere, hainbat material lortzea eta jatorritik garraiatzea ez dira oso prozesu berdeak. Gainera, material hauek industrialki tratatzeko produktu kimiko toxikoak erabiltzen dira. Ez da, beraz, produktu garbi bat. Hala ere, badaude hainbat estrategia arazo honi aurre egiteko.

Lehena, baterien berrerabilpenean oinarritzen da. Ea azaltzen dudan adibide erraz batekin: autoa mugitzeko energia handia behar da, baina gure egunerokoan erabiltzen ditugun beste gailu askok ez dute horrenbeste energia behar. Normalean, bateria baten bizitza, hasierako iraupenaren %80ra murriztean amaitzen da. Erabiliaren erabiliaz, iraupena jaisten joaten da: %100ean hasi eta, erabilera bakoitzean, gutxituz. Ondorioz, errekargarik gabe 500 km egiteko gai den auto baten bizitza 400 km soilik egiteko gai denean amaitzen da.

Hainbat material lortzea eta jatorritik garraiatzea ez dira oso prozesu berdeak

Autoen litio-ioi bateria handiak bateria txikiak elkarrekin konektatuta osatzen dira. Zergatik ez hartu hil berri den auto-bateria handi hori, ireki, eta osatzen duten bateria txiki horiek energia behar txikiagoak dituzten gaietarako erabili? Zergatik ez erabili bateria txiki horietako bat bizikleta elektriko baterako, beste batzuk gurpildun auto baterako, eta besteren bat xurgagailu adimendua mugiarazteko? Edo kontrako estrategia jarrai genezake: jaso ditzagun 50 autoren bateriak, konekta ditzagun elkarrekin, eta erabil dezagun super-bateria hori energia sarean arazoak daudenean (ekaitza dagoenean, adibidez) gure instalakuntzak indarrean jarrai dezaten energia sarea konpontzen den bitartean. Berrerabilpenaren estrategiarako, hala ere, beharrezkoa da bateriaren erabilera arduratsua izan dela bermatzea: erabilera gogorra izan badute eta kaltetuta badaude, arriskutsua izan daiteke hauek berrerabiltzea.

Bigarren estrategia, berrerabilpenaren ostean ere balio duena, materialen birziklapena da. Demagun gure telefonoaren bateriarenak egin duela, eta ezin dela beste ezertarako erabili: zergatik ez bateria horiek birziklapen planta batera eraman eta bertan industrialki tratatu litioa, kobaltoa, nikela, grafitoa eta beste hainbat osagai kritiko berreskuratzeko? Izan ere, aurreko Wattarian aipatu bezala, material hauek lortzea gatazkatsua eta garestia da. Bateriak agortu ondoren materialok berreskuratzea garrantzitsua da, alde batetik, bateria berriak sortu ahal izateko eta, bestetik, hondakin gutxiago sortzeko. Izan ere, birziklatu ezean, bateria hauek zabortegi batean amaituko dute.

Materialak behin erauzita hainbat bizitza izan ditzakete, lehenik berrerabilita eta ondoren, gehiago berrerabili ezin direnean, birziklatuta

Aipatutako adibide hauetan materialen bizitza luzatzen da: materialak behin erauzita hainbat bizitza izan ditzakete, lehenik berrerabilita eta ondoren, gehiago berrerabili ezin direnean, birziklatuta. Estrategia hauek jarraituta aurrerapauso handia emango da jasangarritasunaren alde.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!