WATTARIA

Energiaz betetako materialak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2021eko martxoaren 22a

Litiozko bateriak eraikitzeko mugikorretarako edo auto elektrikoetarako, kasu erabili beharreko materialak estrategikoak direla esan ohi da: herri zehatz batzuetan bakarrik aurki daitezkeela eta, ondorioz, hauen ustiapena gatazkatsua izan daitekeela. Datozen lerrootan gaiari eutsi eta zenbait material estrategikoren jatorria azalduko dut.

Badago bat baterien munduan gabiltzanon ahotan bolo-bolo dabilena: kobaltoa. Metal honen ia %60ak Kongoko Errepublika Demokratikoan du jatorria. Material hori erauzten aritzen diren langileen lan baldintzak, antza, ez omen dira erabat duinak. Gainera, erauzketa metodoak ere zalantzagarriak ei dira, batez ere segurtasun eta ingurumen inpaktuari dagokionez. Bi horiek dira oihartzun gehien duten faktoreak. Zalantza egiten dut baina, jarraian azaldutako faktorea, prezioa, merkeagoa balitz, faktore horiek ez luketela egun duten pisua izango. Kobalto libra batek 23.6 dolar amerikar balio du, eta 42.5 dolar kostatzera ere iritsi da. -Metalen prezioen inguruan interesa izanez gero, mining.com web atarian bilduma interesgarria daukazue-. Noan harira: kobaltoak eragin oso onuragarria du baterietan, baina garestia da eta kaltetu egiten ditu herrialde txiro baten gizartearen bizi baldintzak eta ingurumena. Hori dela eta, ikerketa lerro garrantzitsu bat kobaltoa nikelaren bidez ordezkatzean datza. Azken honek, noiz noiz, kobaltoak berak baino emaitza hobeak ematen baititu. Hori bai, egonkortasun txikiagoa dauka, eta orotara karga eta deskarga ziklo gutxiago egiten ditu.

Arazoak ez dira kobaltoa nikel bidez ordezkatuta konpontzen, nikelak ere herren egiten baitu


Dena den, arazoak ez dira kobaltoa nikel bidez ordezkatuta konpontzen, nikelak ere herren egiten baitu. Munduan barrena hobeto banatua dago, eta Indonesiak ekoizpenaren %25a duen arren, Kanadak, Errusiak eta Australiak, bakoitzak, %10a daukate. Bere prezioa ere ez da asaldagarria (8.9 dolar/libra), baina, azkenaldian, Indonesiako gobernuaren erabakiek bateria ekoizleen beldurra piztu dute. Herrialde honek material 'gordina' (erauzi berria) esportatzeari uko egin eta fundizio lanetan hasi nahi du. Materiala industrialki tratatu nahi duela, alegia, eta garestiago saldu. Finean, material honek mugitzen duen diru kopuruaren zati handiagoa eskuratu. Horrek eragina izango du materialaren prezioan. Dagoeneko, aurretik, 2017an, kanpo salmentetan muga ipintzea erabaki zuen eta metal honen prezioaren sekulako gorakada gertatu zen; Indonesiak har ditzakeen erabakiekin egoera okerrera joan daiteke.

Kobaltoak eragin oso onuragarria du baterietan, baina garestia da eta kaltetu egiten ditu herrialde txiro baten gizartearen bizi baldintzak eta ingurunea


Kuriosoa da, baina litio-ioi baterien material estrategikoak deskribatzen hasi eta litioa bera izendatzen amaituko dugu. Argentina, Txile, Bolivia eta Australia dira litio ekoizle nagusienak, baina, oro har, litio dezente dago munduan zehar sakabanatuta. Arazoa da, litioa erauzteko meatze eragiketa batzuk ingurumenean inpaktu negatiboa izan dezaketela. Li-ioi bateriekin lortu nahi den helburuetako bat erregai fosilek ingurumenean duten eragin kaltegarria mugatzea dela kontutan izanda, nahiko paradoxikoa da irtenbide honek ere amalurrean eragina izatea, ezta? Okerragoa ote da sendagaia gaixotasuna baino?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!