Mahala Binakako Euskal Pentatloia 2021

«Txapelketa hau ondo dago jendea pentatloian parte hartzera animatzeko»

Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 28a, 13:59

Finalera pasatzeko aukerak dituztela dio Iñaki Errazkin pentatloilari tolosarrak, baina aldi berean egin beharreko lanak motzak direla ekarri du gogora, eta edozein akatsek finaletik kanpo utzi zaitzakeela nabarmendu du.

Iñaki Errazkinek (Tolosa, 1989) Aratz Mugertzarekin osatzen du bikotea II. Mahala Binakako Euskal Pentatloian parte hartzeko. Iazko edizioan ere elkarrekin parte hartu zuten, baina Mugertza ez zegoen fisikoki guztiz ondo eta proba utzi behar izan zuten.

Prest zaudete kanporaketarako?

Bai, gutxi geratzen da eta gogoz gaude biok parte hartzeko. Bikote oso ona egiten dugu, eta ikusten da Aratzek lehengo urteko amorru hori duela; oso ondo ari gara entrenatzen eta ea aurten zorte pixka bat dugun plazan hori erakusteko.

Aurreko urtean pena izan zen gertatutakoa.

Bera astean zehar kexaka zebilen, asteazkenetik edo, eta animatu zen larunbatean azaltzera, baina oso gaizki zegoen. Dudatan izan ginen kanpoan, atera edo ez atera, baina bertan geundela-eta erabaki genuen aterako ginela probatzera. Ez zen ondo atera eta uztea erabaki genuen. Aurten, gogo gehiagorekin gaudela esan daiteke, eta hori entrenamenduetan nabaritzen da.

Nola ari zarete prestatzen?

Astean zehar bakoitza bere kasa aritzen gara eta pare bat astez behin geratzen gara bere etxean edo hemen inguruan entrenamenduren bat egiteko.

Entrenatzeko materiala izatea ez da erraza izango.

Orokorrean ez da erraza, baina lehengusua aizkolaria daukat eta haren bitartez aritzen naiz pixka bat, eta nire aldetik esan daiteke nahiko erraza dudala entrenatzeko. Aratzek-eta etxean ondo daukate muntatuta aizkoran entrenatzeko.

Aurten hamabi bikote izango zarete kanporaketan. Seinale pixkana indar gehiago hartzen ari dela pentatloia.

Bai, jende askok ikusten du eta animatzen ari da jendea. Banaka ez da agian hainbeste jende animatuko, baina binaka margen pixka bat ematen dio probatzeko erdi dudatan dagoenari. Txapelketa hau ondo dago jendea pentatloian parte hartzera animatzeko.

Herri kiroletako izen handiak izango dira aurtengoan. Espero zenuen horrelakorik?

Batzuen parte hartzea agian bai, besteena ez, baina mundu horretan dabilenari gustatzen zaio gauzak probatzea, eta pentsatzen dut beraien maila emango dutela. Guretzako hori ona da, izen handiagoa ematen diolako pentatloiari. 

Finalera pasatzeko zeinek du aukerarik?

Egia esan ez daukat oso garbi. Izenak-eta azaltzen dira, denek esaten dute ondo daudela, baina gero norbaitek kale egingo du. Izetak eta Peñagarikanok aurreko urtean erakutsi zuten zer maila zuten, eta nik horiek sartuko nituzke. Larrañaga eta Goenatxo badakigu zer kirolari diren. Atutxa eta Urruzuno faboritoen zerrendan nituen baina azkenean ez dira lehiatuko Inhar Urruzunoren lesioagatik.

Zuen aukera nola ikusten duzu?

Nik uste dut gu ere sartzeko moduan gaudela.

Estu egongo da sailkapena.

Noski, azkenean kanporaketako lana oso motza da. Nik izenak esan ditut, baina larunbatean pixka bat deskuidatzen bazara, agian kanpoan geratuko zara. Lan guztiak egin behar dira txukun, eta egun ona atera behar zaizu.

Estrategiaren bat baduzue Mugertzak eta zuk?

Bolako lanetan nik gehiago jasoko dut eta berak aizkoran nik baino gehiago egingo du. Beste guztia berdin egingo dugu, korrikan igualtsu gabiltza eta.

Zein da zuretzako probarik zailena?

Nik zuloa harria jasotzen eta aizkoran nuen, eta bi horiek entrenatzen ditut, eta hala ere ez dut asko hobetu. Gehiena kostatzen dena aizkora da, ordu gehiena sartu behar dena. Harriak ere teknika asko eskatzen dizu, indar asko gastatzen da hor, eta gero horrek hurrengoa baldintzatzen dizu.

Proba batetik besterako aldaketak ere entrenatzen ari zarete?

Bai, noski. Bola azkar jaso eta gero denbora asko pasatzen baduzu batetik bestera, ez du ezertarako balio.

Pena da publikorik ez dela izango.

Pena da, baina ikusita beste kiroletan jenderik gabe dabiltzala, esperokoa zen. Esperantza dugu, hau pasaz gero, finalean jendea sartzen utziko digutela.

Erlazionatuak

Sei postu daude jokoan

Imanol Garcia Landa 2021 mai 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!