Mahala Binakako Euskal Pentatloia 2021

11 bikote izango dira azkenean binakako pentatloiko larunbateko kanporaketan

Ataria 2021eko maiatzaren 27a

Mahala Binakako Euskal Pentatloiaren kanporaketa larunbatean jokatuko da Tolosako zezen plazan, 18:00etatik aurrera. Ataria Irratiak zuzenean kontatuko du bertan gertatzen dena. Antolatzaileek gaur egin dute azken aurkezpen ekitaldia, herri kirolariak eta Tolosako udal ordezkariak alboan zituztela.

Gari Etxeberriak eman du albistea aurkezpen ekitaldian: Inhar Urruzunok min hartu du eta ez da osatuko larunbaterako. Ondorioz, Aitzol Atutxa eta berak osatzen zuten bikotea lehiatik kanpo geratu da. Hala eta guztiz ere, 11 bikote ariko dira finalerako sei txartelen lehian. Horien artean egongo da Iñaki Errazkin, eskualdeko ordezkari bakarra. Tolosarrak Aratz Mugertzarekin osatuko du bikotea.

Binakako pentatloi txapelketaren kanporaketa 18:00etan hasiko da, eta Ataria Irratiak zuzeneko kontakizuna egingo du Tolosako zezen plazatik. Mikrofonoa eskuetan dutela ariko dira Joseba Otaegi, Alatzne Etxaburua eta Jon Goikoetxea 'Boli'.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!