Tolosako zezen plaza herri kirolaren festa izango da bihar, 18:00etatik aurrera: II. Mahala Binakako Euskal Pentatloiaren kanporaketa izango da jokoan. Hamaika bikote, hamabi aurkeztu baziren ere, azken unean, Inhar Urruzolok lesio bat medio, ez du parte hartuko eta horrenbestez ezta Aitzol Atutxak ere ariko dira lehian eta ekainaren 20an, 17:ooetan, egingo den finalerako sei bikote azkarrenak sailkatuko dira. Egun horretan ere emakumezkoen binakako finala egingo da. Biharko kanporaketako 22 parte hartzaileren artean bakarra da eskualdekoa: Iñaki Errazkin tolosarra. Iazkoan bezala, Aratz Mugertza mutrikuarra izango du bikotekidea.
Kanporaketan finaleko lanaren erdia egingo dute kirolariek. Harri-jasotzen hogei jasoaldi egin beharko ditu bikote bakoitzak 100 kiloko bolarekin eta gutxien jasotzen duenak, behintzat, zortzi jasoaldi egin beharko ditu. Giza proban bi plaza egin behar dituzte 400 kiloko harriarekin, eta bakoitzak bana egin beharko du. Aizkoran bi kanaerdiko moztu behar dituzte, eta enbor erdi bakoitzeko gutxien egiten duenak gutxienez hamabost kolpe eman behar dizkio. 50 kiloko txingekin sei plaza egin behar dituzte, bakoitzak hiruna. Korrikako saioan bi kilometro, eta gutxien egiten duenak gutxienez zortzi itzuli plazari. Kanporaketan lau txanda izango dira.
Publikoak ezingo du sartu zezen plazara biharko saioan, baina antolatzaileen nahia finala ikusleekin lehiatzea da. Ataria Irratiak zuzenean emango du biharko kanporaketa.
Mikel Agirre. Ondarroa (Bizkaia). 28 urte. 1,85 metro eta 90 kilo.
Ousmane Drame. Bizkaitarra, Kaolacken (Senegal) jaioa. 37 urte. 1,90 metro eta 105 kilo.
Jose Martin Bustinza Tubi. Dima (Bizkaia). 49 urte. 1,86 metro eta 116 kilo.
Jokin Eizmendi. Zarautz (Gipuzkoa). 36 urte. 1,83 metro eta 116 kilo.
Iñaki Errazkin. Tolosa (Gipuzkoa). 32 urte. 1,90 metro eta 90 kilo.
Aratz Mugertza. Mutriku (Gipuzkoa). 32 urte. 1,74 metro eta 74 kilo.
Daniel España. Valsain (Segovia, Espainia). 32 urte. 1,78 metro eta 80 kilo.
Julio Jimenez. Arevalo (Avila, Espainia). 49 urte. 1,80 metro eta 120 kilo.
Ioritz Gisasola Zelai IV.a. Mallabia (Bizkaia). 23 urte. 1,80 metro eta 78 kilo.
Jon Gisasola Zelai V.a. Mallabia (Bizkaia). 22 urte. 1,83 metro eta 90 kilo.
Aritz Irazabal. Ugao-Miraballes (Bizkaia). 30 urte. 1,86 metro eta 91 kilo.
Benat Amade. Algorta (Bizkaia). 37 urte. 1,87 metro eta 88 kilo.
Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a. Aizarnazabal (Gipuzkoa). 47 urte. 1,70 metro eta 84 kilo.
Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a. Aia (Gipuzkoa). 28 urte. 1,87 metro eta 90 kilo.
Jagoba Otaegi. Aizarna (Gipuzkoa). 28 urte. 1,71 metro eta 85 kilo.
Luis Txapartegi. Aizarna (Gipuzkoa). 50 urte. 1,73 metro eta 95 kilo.
Kepa Peñagarikano. Azpeitia (Gipuzkoa). 40 urte. 1,90 metro eta 98 kilo.
Gorka Etxeberria. Orio (Gipuzkoa). 26 urte. 1,77 metro eta 88 kilo.
Jon Unanue Goenatxo III.a. Azkoitia (Gipuzkoa). 28 urte. 1,81 metro eta 98 kilo.
Mikel Larrañaga. Azpeitia, (Gipuzkoa). 31 urte. 1,88 metro eta 98 kilo.
Xabier Urrutia. Arraiotz (Nafarroa). 40 urte. 1,83 metro eta 95 kilo.
Julen Kañamares. Arostegi (Nafarroa). 31 urte. 1,78 metro eta 86 kilo.
Argazkiak: Joseba Urretabizakia.
Jarraitu zuzenean kanporaketa 'Ataria Irratia'-n
Ataria Irratiak zuzenean kontatuko du II. Mahala Binakako Euskal Pentatloiaren kanporaketa, bihar. Irratsaio berezia 18:00etan hasiko da Tolosako zezen plazatik. Komentarista lanetan Alatzne Etxaburua, Joseba Otaegi eta Jon Goikoetxea Boli ariko dira. Etxaburua herri kirol munduan historia egindako kirolaria da, besteak beste, historiako emakumeen arteko lehen apustua irabazi zuelako 2015an, Zizurkilen. Otaegi aizkolariak eta arraunlariak pentatloia barrutik ezagutzen du. 2019an Euskal Pentatloiaren finalera iritsi zen zizurkildarra. Boli lokotx biltzaile, goi mendizale eta herri kirol munduaren jarraitzaile sutsua da. Hiruak izango dira bihar Tolosako zezen plazan Ataria Irratiko mikrofonoarekin.
Horrez gain, zuzeneko kontakizun horretan, binakako pentatloi txapelketako hainbat protagonista izango dira egindako lanaz hitz egiten, 18:00etatik aurrera. Ataria Irratia eskualdean FM bidez entzun daiteke, 107.6 dialean. Mugikorretik edo gailu elektronikoetatik entzuteko, nahikoa da www.ataria.eus webgunean sartu eta irratiaren atalean klik egitea.