ERREPORTAJEA

Bakarrik hitz egiteko jaioak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 10a, 08:57

Norberak bere buruarekin hitz egiteari dei geniezaioke bakarrizketa. Geroz eta gehiago entzuten ditugu kalean, musukoez bestaldera. Hala ere, ezagunagoak dira literatura generoetakoak, publikoa dutenak, eta komedian bada azken urteetan bere plaza lortu duen bat: 'Stand-up'.

Norberak bere buruarekin hitz egiteari deitzen zaio bakarrizketan aritzea. Bakarrizketa bat, berriz, bakarrizketari batek egiten duen hizketaldi luzea da. Ahots ozenez, bere pentsamenduak adierazten ditu, publiko jakin bati zuzenduz. Literatura generoetan, hala nola, olerkian, antzerkian edo eleberrian, erabiltzen den baliabideari ere bakarrizketa deitzen zaio.

Narratibaren arloan, pertsonaia baten barneko mundua agerian uztea izaten da helburua, eta kontalariak ez du parte hartzen. Bi mota daude: bakarrizketa aipatua, ahots ozenez esandakoa, estilo zuzenean idatzia eta aitortzarekin lotuta dagoena; eta barne-bakarrizketa, kontalari edo pertsonaiaren gogoeten jarioa zuzenean ematen saiatzen den teknika. XX. mendeko eleberrietako ezaugarri bat da, adibidez, James Joycen eta Virginia Woolfen lanetakoa. Hala ere, XIX. mendekoetan ere aurki daiteke.

Antzerkiaren kasuan, genero dramatiko bat da bakarrizketa, antzezlari bakarrak jokatzen duen zatia. Sentimenduak eta pentsamenduak publikoari adieraztean datza, antzezlariaren ezaugarriak ezagutu ahal izateko. Emozioak azaleratzea da helburua, eta beraz, balio psikologiko handia du. Oso ospetsuak dira Shakespeareren lanetakoak; esaterako, Hamlet obrako «Izan ala ez izan» esaldiarekin hasten dena.

Bada komedia genero bat, azken aldian arrakasta izugarria duena: Stand-up. Kasu honetan, umorista edo aktorea zuzenean zuzentzen zaio ikus-entzuleari. Umorista bakarra izaten denean, bakarrizketa komikoa izaten da. Publikoarekin elkar eragitea izaten da helburua, elkarrizketa ezberdinen bitartez. Umore beltzezkoa izan ohi da, eta hipokrisia, ironia eta kritika soziala modu entretenigarrian aipatzen dira, politikariei, gizarteari, balioei, ohiturei edo tradizioei nahiz nork bere buruari iseka eginez.

 

«Ez dugu uste txisteak ezinbestekoak direnik»


Zein da bakarrizketa batek izan behar duen funtsezko elementua?

M. G.: Komunikatzeko gaitasuna.
B. L.: Indar handia behar da, kontatzen duzuna sinisteko, ikuslearekin konektatzeko, eta batez ere, gozatzeko.

Zer da garrantzitsuagoa, 'acting'-a edo jarioa eta inprobisatzeko ahalmena izatea?

M. G.: Ez nuke jakingo aukeratzen. Kontatzeko zerbait dutenak ditut gustukoen, baina berdin zait zein teknika erabiltzen duten.
B. L.: Garrantzitsuena ez da zer kontatzen duzun, baizik eta nola egiten duzun. Publikoa bizirik sentitzea da helburua, emozioekin barruak mugituz.

Ezinbestekoak al dira txisteak?

M. G.: Ez dut uste ezinbestekoak direnik. Gaur egun, barrea sortzen duen guztia da txistea. Ni kilima emozionalak sortzen saiatzen naiz.
B. L.: Niretzat ere ez. Txisterik gabeko kontakizunek ere barreak sor ditzakete, moduen arabera.

Zer egin behar da publikoak zure txiste batekin erreakzionatzen ez badu?

M. G.: Kontuz ibili behar da aurreikuspenekin. Ezinezkoa da publikoak barre noiz egingo duen jakitea, eta halakoetan beharrezkoa da inprobisazioa.
B. L.: Ezinezkoa da neurtzea, gainera, publikoa ezberdina da saio bakoitzean.

Nor da zuen bakarrizketari erreferentea?

M. G.: Leo Bassi.
B. L.: Pepe Viyuela, Gardi Hutter, Beatriz Egizabal... eta asko gustatu zitzaidan Marys Urruty.

Eta zein da bakarrizketetarako tokirik aproposena?

M. G.: Oreretako De Cyne Reyna taberna tenplu bat izan zen, baita Burgosko La abuela vuela ere.
B. L.: Espresuki zu ikustera joaten direneko edozein.

 

 

«Bost minutuko bakarrizketa batean beharrezkoak ditut lauzpabost txiste»

 

Zein da bakarrizketa batek izan behar duen funtsezko elementua?

Txiste onak. Txiste kontaketa bat ez da bakarrizketa on bat, hausnarketatik ere behar duelako, baina oinarrian txisteak behar dira.

Zer da garrantzitsuagoa, 'acting'-a edo jarioa eta inprobisatzeko ahalmena izatea?

Denetik behar da. Ongi idatzi behar da, eta gero, ondo defendatu. Antzeztearena gauza delikatua da. Momentuan esaten ari zarena une horretan bertan okurritu zaizula sinetsarazi behar diozu publikoari. Beharrezkoa da espontaneotasun sentsazioa eman beharra daukazu.

Ezinbestekoak al dira txisteak?

Stand-up komedia ezin da umorerik gabe ulertu. Bost minutuko bakarrizketa batean beharrezkoak ditut lauzpabost txiste. Hitz egitea ondo dago, baina…

Zer egin behar da publikoak zure txiste batekin erreakzionatzen ez badu?

Zuhaitz Gurrutxagak behin esan zidan oso garrantzitsua zela saioan zehar zer gertatu daitekeen aurreikustea, eta gertatuko den horren arabera zer egingo duzun pentsatuta izatea. Txisteekin barre eginez gero, ospatu egingo dut, bestela, zure buruari egurra ematea da erabili daitekeen tekniketako bat. Hori, ordea, ezin duzu une oro erabili.

Nor da zure bakarrizketari erreferentea?

Louis CK.

Eta zein da bakarrizketetarako tokirik aproposena?

Oñatiko plaza, bertako publikoa oso ona izan zen. Baina badira gehiago: Victoria Eugenia, Kursaal… Orain ikusteko dago Leidor eta Jimmy Jazz aproposak diren ala ez.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!