ELKARRIZKETA

«Barrea ibilgailu bat da guretzat, eta ez amaierako helburua»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 10a, 08:58

Elkarrizketa formal bat egiteko deituta ere, umorea soinean jantzita daramate May Gorostiaga (Tolosa, 1971) eta Bea Larrañaga (Errenteria, 1975) artistek. Umoristak dira, clown edo pailazoak, eta tarteka, bakarrizketan aritzen dira. Lehenak, duela 23 urte estreinatu zuen saioa ekarri du gogora. Bigarrenak, berriz, Soy la bomba, bonba bat naiz saioa estreinatuko du hemendik gutxira.

Zer dira zuentzat bakarrizketak?

May Gorostiaga: Zaila da definitzea, mota asko daudelako, eta urtetik urtera garatzen joan direlako, beste edozein kultur diziplina bezala. Garrantzitsuena zera da, hasieratik helburua zein den argi uztea. Stand-up generoa, adibidez, oso satirikoa eta zirikatzailea da, hasieran, ezohiko lekuetan jorratzen zena, underground tabernetan; gainera, oso maskulinizatua zen. Orain, ordea, bestelako plaza bat lortu du, eta emakumezko bakarrizketariak ere geroz eta gehiago dira.

Genero honek, ordea, etenik gabeko txurro fabrika modura funtzionatzen du. Diktadura bat da. Ezinbestekoa baita minutuero barreak eta algarak eragitea. Hori bai, behin bakarrizketa amaitzean, ez duzu gogoratzen zein zen diskurtsoaren edukia. Txiste edo pasadizo konkretuez soilik gogoratzen zara. Bestalde, clown edo pailazoon kasuan, poetikoagoa izaten da saioa. Barrea gauzak kontatzeko ibilgailu bat da guretzat, eta ez amaierako helburua. Umorearen bitartez konektatzen dugu publikoarekin.

Azpimarratzekoa da stand-up generoa formatzeko ia ez dagoela ikastarorik, eta artista gehienak autodidaktak direla. Nik John Vorhausen Como orquestar una comedia liburua gomendatuko nuke. Oso ondo dago, antzezlanak edota bakarrizketak idazteko.

Zuen kasuan, era ezberdinetan aritzen zarete.

M. G.: Nik clownaren edo pailazoaren bidea hartu nuen hasieratik.

B. L.: Nik ere antzerkian eta clown hizkuntzan erabiltzen dut bakarrizketa. Ez dut laugarren horma bezala ezagutzen dena erabiltzen, hori apurtzen dut. Etengabeko harremana izaten dut publikoarekin.

Noiz hasi zineten bakarrizketekin?

M. G.: Duela 23 urte eskaini nuen nire lehen saioa, May Family izenekoa, Oreretako De Cyne Reyna kafe-antzokian. Lehen, horrelako tabernak, gaztetxeak nahiz auzoetako lokalak tenplu ederrak izaten ziren bakarrizketetarako. Hemen ere lortu da underground formatu hori izatea, eta hori mantentzen saiatu beharko genuke. Gaur egun, bakarrizketari gehienek 500 lagunentzako eskaintzen dituzte saioak, baina kontuan hartu behar da horretan aritzen garen askok zer nolako lana egin dugun aurretik.

B. L.: Ana Perezekin hasi nintzen clown ikastaroetan, Asvinenean. Izugarri ikasi nuen antzezten; intentsitate handiko ariketa izan zen. Gerora, bakarka hasi nintzen gidoi ezberdinak sortzen. Une honetan antzezlan ezberdinetan nabil, artista gehiagorekin.

Eta orain, saio berri bat prestatzen ari zara, ezta?

B. L.: Bai. Soy la bomba, bonba bat naiz izena du eta euskaraz eta gaztelaniaz egingo dut. Kalean egiteko prestatutako ikuskizuna da, eta oinarrian, umore absurdoa du. Hala ere, emakume baten ikuspegitik egindakoa denez, hausnarketarako ere balio dezake. Goxoa Etxezarretaren istorioa kontatzen da; izugarri maite ditu Chantillyzko bonbak, bere pasioa dira, eta pasteltxo horiekin aldatu nahi du mundua.

Zuen ustez, indarra hartzen ari den generoa da?

M. G.: Alde batetik bai, batez ere, telebistagatik; bozgorailu modura funtzionatu du. El club de la comedia saioa izan zen lehena. Ni, gainera, finalerdietara iritsi nintzen 2000. urteko edizioan; euskaldun bakarra izan nintzen. Orain, ETB-ko Barre Librea ere badabil babesa ematen. Ondorioz, gehiago mugitzen ari den generoa dela esango nuke. Hala ere, puntu kritikoa galtzen ari dela iruditzen zait.

B. L.: Nik ere osasuntsu ikusten dut. Emakumeen kasuan, bakarkako saioak egiten ari diren artista ugari ezagutzen ditut.

Inoiz pentsatu al duzue bakarrizketetatik bizitzea?

B. L.: Nire kasuan, horrela bizi naiz. Oso gogorra da, une oro bakarrik aritzea egokitzen zaizulako. Saioaren ondoren publikoarekin iritziak eta sentimenduak partekatzeko tarterik ere ez duzu izaten. Aldi berean, sekulako ikasgaia da. Gainera, beharrezkoa da prozesu hori horrelakoa dela onartzea, eta batez ere, egiten duzunarekin gozatzea.

M. G.: Ni horrela ibili nintzen bost urtez, underground munduan, tabernaz taberna. Espainian zehar bidaiatzen nuen; egun batean Galizian egiten nuen saioa, hurrengoan, Granadan, eta hirugarrenean, Katalunian. Herri berean bi saio ere egiten nituen. Oso berandu bukatzen nuen, eta beraz, oso gogorra egin zitzaidan. Esperientzia oso polita izan zen, baina ezinezkoa da bizi osoan horrela ibiltzea.

Zein da euskarazko bakarrizketek egun bizi duten egoera?

M. G.: Gehiago entzuten dira, eta horri esker, kalitatea geroz eta handiagoa da. Erreferente edo ereduek asko lagundu dute horretan. Pare bat nabarmenduko nituzke: Jon Martinez Txiki eta Barry Manley irlandarra. Bestetik, antzerkitik heldu direnak ere aipatuko nituzke, Aitziber Garmendia, adibidez.

Erraza da euskarazko bakarrizketak sortzea?

B. L.: Niri oso zaila egiten zait, oraindik ere ikasten ari naizen hizkuntza delako. Inprobisatzeko garaian ere muga handiak izaten ditut, eta askotan, amorru handia sentitzen dut, euskara guztiz menperatzen ez dudalako. Beharra sentitzen duzunean, eta hobeto funtzionatu dezakeela uste duzulako, esamolderen bat gazteleraz botatzeko lizentzia har dezakezu.

Hala ere, kasu horietan, arnasa hartzeko geldialdi bat egiten dut, ezer esan gabe geratzen naiz, eta hori oso ondo etortzen da askotan, saioaren erritmoa hausteko. Nekagarria suertatu daitekeelako bakarrizketa batean guztia segidan botatzea. Publikoak, gainera, barre egiten du batzuetan.

M. G.: Pixkanaka euskal poetika berri bat ari da sortzen. Hala ere, egia da kontsumitzen dugun kulturaren %80a gaztelaniazkoa dela. Txiste bat edo hitz-joko bat duzunean, euskarara itzulpena egitea izaten da lehen pausoa. Ez dugu euskaratik sortzen. Ipuin kontalariek, beharbada, sekulako abilezia dute euskaraz sortzeko. Baina, berriro diot, helburua barre algarak sortzea bada, zuri bost axola zaizu zein hizkuntzatik sortzen duzun.

Arestian, 'Barre Librea' aipatu da. Zer iritzi duzue programa honen inguruan?

B. L.: Hasiera batean, Stand-up generora bideratutako bakarrizketek ez ninduten erakartzen. Hala ere, umoretik bizi diren artista ezberdinentzako topaleku bikaina da. Nirekin lanean aritu direnak ere ikusi izan ditut bertan, eta poz handia sentitu izan dut.

M. G.: Barrea da, baina ez hain librea, ezin dituzulako hainbat gauza esan. Ezin zara bere herritik kanpo golfean jokatzera joaten den agintari batekin sartu, eta ezin dituzu txertaketen inguruko jokabide okerrak aipatu. Taberna batean, berriz, posible da hori egitea. Hala ere, Barre Librearen kasuan eskertzekoa da gizartean indar handia duten edukiak jorratzea.

Erlazionatuak

Bakarrik hitz egiteko jaioak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 api 10 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!