ELKARRIZKETA

«Umorea egite hutsagatik gustatzen zait umorea egitea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 10a, 08:59

Umorista gutxiren moduan, pandemia bete-betean hasi da Antton Telleria (Tolosa, 1993) bakarrizketekin; bere publikoak, hortaz, beti jantzi izan du musukoa. Nekatutak izeneko ordubeteko saioa eskainiko du, hilaren 16an, Leidorren. Gai korapilatsuez ariko da, umoretik noski, eta batetik bestera jauzika. Abiadura handian doan tren bat dela dio, eta orain, bidaia berri bati ekingo dio. Kezkatuta egon arren, bere saioan ondo pasatzen dutenak gonbidatuko ditu bere bagoien parte izatera.

Gauzatxoak datoz, gauzatxoak datoz... eta azkenean iritsi dira.

Bai. Ez nuen pentsatzen egun batean bideo zoro bat grabatzen hasi, eta gauzatxoen kontzeptuak edo kanpainak hainbesteko arrakasta izango zuenik. Aitak askotan esan izan dit ondo dagoela kanpainak egitea, baina gero, kontuz ibili behar dela espektatibekin. Ni behintzat, egurra emateko prest nago.

Lehenik eta behin, zorionak! Izan ere, Tolosan behintzat, 'sold out' kartela jarri behar izan dute.

Hala da bai. Oraingo sold out-ak, ordea, ez dira garai batekoak bezalakoak, baina oso pozik nago.

Nolatan piztu zitzaizun bakarrizketa bat idazten hasteko ideia?

Betidanik oso gustuko izan ditut bakarrizketak. Hiru urte dira nahiko friki nabilela. Youtuben edonork ikusi ahal ditu; baina Netflix eta HBO plataformetan ere ikusten ditut. Ordainpeko friki bihurtu naiz. Behin bakarrizketari onenak ikusten hasten zarenean, zure ikusmena, entzumena eta idazkera fintzen dituzu. Gai zara bakoitzak zein indargune dituen ohartzeko. Gero, ordea, zuri egokitzen zaizu hastea, eta nire kasuan ez dut inoiz horrelakorik egin. Testu bat idazten hastea beti izaten da nagikeria handiko lana.

Hala ere, geroz eta zaletasun handiagoa nuen formatu honekiko, eta «hasiko naiz» pentsatu nuen bat-batean. Maiatza aldera, martxoko eta apirileko konfinamenduaren ondorioak nabaritzen hasi nintzen. Guztiok burutik jota geunden garai hartan, ez genekien zer kristo egin. Orduan nekatuta nengoen, kezkatuta, beldurtuta… Nire kabuz hasi nintzen ideia ezberdinak garatzen, asmo handirik gabe, itxialditik noiz aterako ginen jakin gabe.

Aspalditik zenuen buruan honetan aritzea?

Askotan pentsatu izan dut, «noizbait egingo dut». Lehenik, amesten hasten zara, baina gero agian ez duzu modu egokiena bilatzen. Alde horretatik, konfinamendua oso interesgarria izan zen. Saiakera bat egiteko erabakia hartzearekin batera, poz galanta sentitu nuen, eta horrek indar handia eman zidan. Gauza bat da ikusle modura duzun maila, begirada zorrozten delako; eta bestea erabat ezberdina, sortzaile modura duzuna. Azken honetan, hasiberrien kasuan, markagailua zeroan jartzea izaten da onena.

Erabat ezberdinak dira ondo idazten jakitea eta publiko aurrean aritzeko gai izatea.

Nire kasuan, idazkeraren kontua garatutako zerbait dela esango nuke, horretan aritzen naizelako lanean. Gehien gustatzen zaidan gauzetako bat da, askatasunez egin dezakedalako, nire neurrira, nahi dudana irudikatuz eta sortuz. Orain, berriz, jendaurrera atera eta publikoarekin etengabeko sokatiran aritzen ikastea egokitzen zait.

«Gogoko dut zuzentasuna begien parera ekarri eta belarrondoko bat ematea, 
eta gero berriz zuzentasunera itzuli eta beste belarrondoko bat ematea»

Zergatik 'Nekatutak', eta ez, nekatuta?

Hasteko, ez dagoelako ondo esanda, eta grazia egiten dit horrek, batez ere, ikuskizun bati gaizki idatzitako izen bat jartzeak. Gramatikalki eta moralki ondo ez dauden gauzak esatea gustatzen zait. Izenak bat egiten du nire izpirituarekin. Kalean, batek baino gehiagok esan dit, argitu nahian edo, «badakizu gaizki dagoela, ezta?» [Barreak] Oro har, oso gustuko dut zuzentasuna begien parera ekarri eta belarrondoko bat ematea, eta gero berriz zuzentasunera itzuli eta beste belarrondoko bat ematea.

Izen okerra dela diozu, baina gure artean ere badira euskaraz atzizkiak gaizki erabiltzen dituztenak.

Honi esker, askok lehen aldiz pentsatuko dute izenburua gaizki idatzita dagoela. Niri, ordea, interesgarriagoa zait beste aldea, euskaldun zahar eta jatorrena; alergia puntu batekin nabaritzen ditut. Tamainan bada ere, pixka bat kabroia izatea gustatzen zait.

Nolakoa izan da 'Nekatutak' saioa prestatzeko aurreko lana?

Barre Librea saiora joateko aukera eman zidatenean hasi zen dena. Oso kontentu geratu nintzen bakarrizketa harekin. Erabat asetzea lortu nuen, eta horrela hasi nintzen, pixkanaka, plaza ezberdinak probatuz, ikasteko eta trebatzeko balioko zutelakoan. Beranduago, etengabe gidoi berri bat idazten ari nintzela ohartu nintzen.

Bakarrizketa saio asko, bakarrizketari bat baino gehiagokoak izan ohi dira, eta horrela osatzen dute ikuskizun osoa. Hemen, ordea, ez nuen horretarako aukerarik topatu, eta neronek osatu behar izan dut saio osoa. Horretan aritu naiz azken lau hilabeteetan.

Nola aritzen zara? Arkatza eta papera hartuta?

Google Drive plataforma erabiltzen dut. Harrikadak idazteko dokumentu bat dut bertan, eta edonon nagoela, ideia zororen bat okurritzen bazait, bertan idazten dut ideia horren atomo moduko bat, hitz klabea, alegia. Gero, ideiei forma ematen joaten naiz, diskurtso bat osatu arte. Izan ere, gai ezberdinak garatzeaz gain, gustuko dut gaien arteko loturak ere garatzea.



Hain justu, Ertzaintza, ETA, futbola, psikologoak… eta noski, irakasleak izango dituzu hizketagai. Zein da zure asmoa?

Amorru handia ematen dit populismoak. Sare sozialetan, hain ebidenteak eta txalotzekoak diren adierazpen horiek egiteak. Nekatuta nago zentzua galtzen duten zuzentasunekin; noski, esparru batzuetan zentzua dute. Baina, jendeari atsegina egingo zaiola dakizun zerbait batere landu gabe eta merke-merke botatzea ez dut batere gustuko. Nirea, aurkako bidea da. Polemikoak izan daitezkeen posturak hartu nahi ditut, iritzi edo jarrera hori ahalik eta txiste, kolpe edota hausnarketa onenekin defendatuz. Oso txalogarria eta zuzena ez den jarrera bat hartuko dut, helburu bakarrarekin: jendeak ondo pasa dezala eta barre egin dezala.

Gai batzuk, ordea, delikatuak izan daitezke...

Bai, baina jendea ari da gai horiei buruz barre egiten. Espainiako umoristen kasuan, sekulako arrakasta dute ETA-ri buruzko txisteek, erreparorik gabekoek. Hemengoei ere gustatzen zaie hori; hortaz, zergatik ez dugu euskaraz egingo?

Euskaraz egitea, hautu naturala izan da, ezta?

Bai. Berez, zeinen erraza izango litzakeen bakarrizketak euskaraz egingo ditudala herri honek behar duena hori dela esango banu. Hortaz, nik euskaraz egingo ditut gazteleraz hain ondo ateratzen ez zaizkidalako. Ez da guztiz horrela, baina nik hala diot.

Zuri egindako elkarrizketa batean aipatzen zenuen ez dela erraza umorea egitea. Zailagoa izango da publikoak zure umorea ulertzea, ezta?

Une honetan, oraindik ere urrats ugari ditut emateko. Bakarrizketak egiten hastea nahiko esperientzia gogorra dela esaten da, faktore askorengatik. Jendaurrean aritzearena, adibidez, gaindituta dudala esango nuke, baditut horretarako baliabideak. Hala ere, publikoari barre eginarazteko asmoz igoko nahiz oholtza gainera. Beraz, badut trauma puntu bat. Umorezko bakarrizketa bat egingo duzula argi utziz gero, eta txisteak bota eta barregarri izan nahi ondoren, publikoak barre egiten ez badu, porrota oso gogorra eta mingarria izan daiteke.

Adibidez, saioa Oñatin eginez gero, haiei buruzko bost txiste botatzen badituzu, mundiala izan daiteke, arrakastarako bide posible bat da. Nekagarria ere izan daiteke, ezin duzulako herri guztiekin gauza bera egin, eta beharrezkoa delako materiala unibertsala izatea.

Bestetik, kontuan izan behar da bidaia baten hasiera dela. Askok lehen aldiz ikusiko naute bakarrizketari modura; agian, gutxi batzuei soilik gustatuko zaie ikusi eta entzungo dutena, eta auskalo zenbat igoko diren nire trenera. Tren bat naiz, abiadura handian doan tren bat.

«Satisfazio puntu bat sortzen dit jendea barrez ikusteak, eta aldi berean, errudun sentitzen dela  nabaritzeak»


Bestetik, jendea probokatzea gustuko duzula diozu. Zer dela eta?

Populismoari kontra egiteagatik. Satisfazio puntu bat sortzen dit jendea barrez ikusteak, eta aldi berean, errudun sentitzen dela nabaritzeak.

Umorea bizitza ulertzeko modu bat da askorentzat. Zuretzat, umorea, eta batez ere ironia, bizitzeko tresna da, akaso.

Bai. Une honetan horren beharra sentitzen dut. Umorista askoren profila da umorea zein garrantzitsua den aldarrikatzea; aldi berean, beti kezkatuta daude. Nire kasuan, ironia erabiltzea da gauza asko esateko modurik onena; zuzenean esan beharrean, pare bat txorakeri sartuz. Askotan, beste helburu batzuetarako erabiltzen da umorea. Niri behintzat, umorea egite hutsagatik gustatzen zait umorea egitea. Esaterako, nire iritziz, bakarrizketa askotan, diskurtso epiko edo hunkigarriek ez dute tokirik; ikusle modura haserretu egiten naute. Badirudi, umorea egitea ez dela nahikoa izaten, beti behar duzula azken mezu bat, baina nire ustez ez da horrela.

Etengabe aritzen zara sare sozialetan hitz-jokoak eta txisteak idazten. Ba al duzu denbora librerik?

Bai, noski, horregatik idazten ditut. Nire egoa elikatzeko modua da.

Zu, beraz, populista kontsideratzen zara?

Hipokrita hutsa izan naiteke, baina hala naiz, bai. Populistak ez diren txisteak egitea gustatzen zait, baina gero komunitate horren babesa jaso nahi izaten dut. Aitortu beharra daukat miserable hutsa naizela.

Apirilaren 15ean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eskainiko duzu saioa; 16an, berriz, Tolosako Leidorren. Bakarren bat gehiago bai?

Gasteizkoa ez da zehazki lehen emanaldia izango. Martxoaren 26an, Algortan izan nintzen, Nekatutak saioa eskaintzen, aurrestreinaldi modura, 40 lagunen aurrean. Aukera aproposa izan zen, konfiantza apur bat hartzeko balio izan zuelako. Izan ere, Gasteizen eta Tolosan kolpetik aritzea gehiegi izan zitekeen. Horien ondoren, apirilaren 24an Aramaion izango naiz, eta Azkoititik ere iritsi zait eskaera.

 

Motzean


Noren hitz-jokoak dira hobeak, zureak ala Iker Laurobarenak?
Laurobarenak, zalantzarik gabe.

Zein da Euskaltzaindidarako asmatutako hitz onena?
Lorrazkera: esnatu berritan izaten den/dudan txima festa.

Zein da inoiz ikusi eta entzun duzun bakarrizketarik onena?
Louis CK-ren 2017. Sekulakoa.

Ba al duzu maniarik?
Desastre samarra naiz, eta maniak eragiten dizkiet ingurukoei. Bat aukeratzekotan, populistei egurra ematea, betiere, dialektikoki.

Eta ohiturarik?
Sukaldean aritzea. Paella asko famatu izan dut.

Erlazionatuak

Bakarrik hitz egiteko jaioak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 api 10 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!