«Ikasketa-prozesu bat eskaintzen dugu, modu autonomo eta praktikoan»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 28a, 07:59
Saioa Aranburu BiziLabeko begiralea da. J. ARTUTXA

Haurra zela, gurasoekin mendira joateko ohitura handia zuen Saioa Aranburuk (Tolosa, 1995), eta oso gustuko zituen natura eta ingurumena. Gerora, 13-14 urte zituela, zientzia ikasketak burutzeko grina piztu zitzaion, eta horrela, biologia-ikasketak egin zituen unibertsitatean. Izatez biologoa bada ere, hezkuntzako masterra egin zuen, irakaskuntzan espezializatu ahal izateko; eta gaur egun, Bizilabek Tolosaldean dituen zentroetako begiralea da.

Zer da Bizilabe Tolosaldea proiektua?

2020-2021 ikasturtean, 10-14 urte bitarteko gaztetxoei aisialdi modu berri bat eskaintzeko sortu da Bizilabe proiektua; horregatik, Bizilabe Tolosaldea Bizilabe proiektuaren zati bat besterik ez da. Tolosaldearen kasuan, eskualdeko udalek, Tolosaldea Garatzen garapen agentziak eta Elhuyarren artean bultzatzen dute.

Berez, Bizilaberen lehen ikerketa zentroa, Bilbon sortu zen, 2017an. Hurrengo urteetan, zabaltzen joan da eta doa sare hori, Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Une honetan, Bilbon, Elgoibarren, Soraluzen eta Tolosaldean ditugu zentroak. Bilbon, gainera, talde bat baino gehiago dituzte.

Zertarako sortu ziren Bizilabe tailerrak?

Gazteen ikerketa-zentro modura sortu ziren, betiere, aisialdiarekin lotuta. Sormena garatzeko eta ideiak euren kabuz garatu ahal izateko bultzada ematen diegu. Hala ere, gazte horiengan zientziarekiko zaletasuna edo grina sortzea da helburu nagusia.

Nola heldu zitzaizun tailer horietan lan egiteko aukera?

Tolosaldea Garatzen garapen agentziatik heldu zitzaidan aukera. Bertan, ezagun bat dut lanean, eta berak eman zidan jarduera horien berri; gerora, begirale modura aritzeko eskaintza luzatu zidan, eta horrela nabil urtarrilaz geroztik. Bestalde, Tolosaldea Garatzen agentziaren barruan, Eskola Agenda 2030 egitasmorako, Tolosaldeko herri guztietako koordinatzaile modura ari naiz lanean.

Nola aritzen zarete lanean zentroetan edo tailerretan?

Tolosaldeari dagokionez, bi zentro ditugu: Tolosan eta Amasa-Villabonan. Hala ere, esan beharra dago, 10-14 urte bitarteko eskualdeko gazte guztiei luzatzen zaiela tailerretan parte hartzeko aukera. Amasa-Villabonan, astearteetan izaten dira tailerrak, 17:15eatik 18:45eara bitarte, Gaztelekuan. Tolosan, berriz, bi multzo ezberdin ditugu, adin-tarte ezberdinekoak. Biak ere ostegunetan izaten dira; lehena, 17:15eatik 18:45eara, 10-12 urte bitartekoentzat; bigarrena, berriz, 18:45eatik 20:15eara. Kasu honetan, Tolosaldeko Lanbide Heziketa Institutuan izaten dira tailerrak.

Zenbat gazte dituzue oraingoz zentro horietan? 

Amasa-Villabonan, lau gaztek hartzen dute parte tailerretan. Tolosan, berriz, zortzi gazte aritzen dira lehen taldean; bigarrenean, berriz, bost.

Aisialdi-eskaintza bat da berez; baina, badu hezkuntzatik eta irakaspenetik ere, ezta?

Ikerketa ezberdinek azaltzen dutenez, bizitzan zehar izaten ditugun bizipenek eta esperientziek, batez ere denboran zehar luzatzen direnek, eragin handia izaten dute, gerora, egiten ditugun aukeraketa guztietan. Ikusi ahal izan dugunez, gazte askok ez dute zientzia eta teknologiara lotutako ekintzarik inguruan, eta horrek noski, eragin zuzena du euren ikasketak hautatzeko garaian.

Horregatik, zientzia eta teknologia arloetako ikasketa-prozesu bat eskaintzen dugu, modu autonomo eta praktikoan. Gai horien inguruan gazteek duten ezagutza areagotzen saiatzen gara, esperimentazioen bitartez, tailerretan ikasten dutena, gerora, bertatik kanpo ere irakatsi dezaten. Baina, ez dugu ahaztu behar, aisialdi-eskaintza bat dela, eta beraz, ezinbestekoa dela gazteek ondo pasatzea.

Besteak beste, zer da gazteek tailer horietan egiten dutena, eta zer ikasi dezakete?

Zientzia eta teknologia terminologia zabala duten bi gai dira. Horregatik, lehen tailerretan, horien inguruko informazio orokorra helarazi zitzaien gazteei. Alor bat baino gehiago barne biltzen dituzte, eta beraz, horiek ezagutzen aritu ziren. Biologiarekin, geologiarekin, kimikarekin nahiz teknologiarekin lotutako jarduerak burutu zituzten, eta horien inguruan aritu ziren ikertzen. Ikasturteak aurrera egin ahala, gainera, lan konplexuagoak burutzen joango dira gazteak. Adinez zaharrenak direnak, adibidez, proiektu luzeagoetan edo mardulagoetan murgilduko dira.

Bestetik, otsailaren 11ren bueltan, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatu genuen, eta horrekin lotuta, emakume zientzialari bat aukeratu zuen talde bakoitzak, eta horien inguruan arakatzen aritu ginen. Esperimentu ezberdinak egin zituzten emakume horien omenez, eta bideoetan jaso genituen guztiak. Honi esker, alde batetik, emakume horiei egindako lana aitortu zitzaien, baina bestetik, eta are garrantzitsuagoa dena, emakume erreferenteak sortu genituen.

Begirale edo irakasle modura, zein da gazteengandik jasotzen duzun inpresioa?

Era guztietako sentsazioak izaten ditut. Hala ere, batez ere, ilusioz beteta eta gogotsu etortzen direla nabarmenduko nuke. Aisiarako eskaintza bat izanik, interes eta motibazio handia azaltzen dute, baita ikasteko ere. Aldi berean, oso garrantzitsua da eskolaz kanpoko jarduera bat dela gogoraraztea.

Zergatik uste duzu dela baxua zientzia eta teknologia ikasketak hautatzeko gazteen joera?

Lehen esan bezala, eragin handia dute bizitzan zehar izandako esperientziek. Bestetik, gazteek prototipo jakin bat dute buruan zientzialariaren profilarentzako: gizonezkoa, zuria, jakintsua, pazientzia handikoa, sortzailea eta egoera sozio-ekonomiko ertainekoa. Hori dela eta, gazteak ez badira lanbide horrekin identifikatuta sentitzen, oso urruneko ofizio bat bezala ikusten dute, eta zailtasun ugari ikusten dizkiote horretan aritzeari. Bestetik, nabarmentzekoa da alor horietan dagoen genero arrakala. Kasu honetan, garrantzi handia du lehen aipatzen nuen emakumezko zientzialarien erreferentzia falta horrek.

Oso adierazgarria da generoen arteko ezberdintasun hori, eta aipatu beharra dago ez dela eskualdean bakarrik gertatzen, baita Euskal Herriko beste herrietako tailerretan ere. Mutilek, gainera, neskek baino interes handiagoa azaltzen dute teknologia alorrean. Ondorioz, esan genezake, gaztetatik islatzen dela errealitatean gertatzen dena.

Bitxikeria modura, Amasa-Villabonako tailerretan parte hartzen duten gazte guztiak mutilak dira; Tolosan ere gehiengoa dira. Otsailaren 11n egindako lan ezberdinei esker, mutilek gaiarekiko hausnartu zezaten ere saiatu ginen. Berehala jabetu ziren munduan badirela emakumeak diren zientzialariak, lehenago, ia inor ez baitzuten ezagutzen.

Zer egin daiteke genero arrakala hori aldatzeko, edo behintzat, neskek interes handiagoa azaltzeko?

Lehenik, aipatutako gizonezko zuriaren estereotipo horrekin amaitu beharra dago, gure burutik ezabatu behar dugu. Bestetik, ezinbestekoa da pixkana-pixkana zientzia gazteengana gerturatzen joatea. Horretarako, hezkuntza arloan ere, hau da, ikastetxeetan, beharrezkoa da bultzada hori ematea; ikerketa ezberdinek diotenez, gazteek inguruan izan duten zientzia-kantitatea baita, gero bide hori hartu ala ez erabakitzeko gakoetako bat. Gustatuz gero, egin daitekeen zerbait dela ikusi behar dute; edonork egin dezakeela. Azkenik, emakumezko zientzialari erreferenteak behar ditugu.

Erlazionatuak

ZTIAM arloko bizipenen labea

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 ots 28 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!