"Udalak azken asteotan egindako erantzunkidetasunez jokatzeko eskariari ezin hobeto erantzun dio Tolosak", esan du Tolosako Udalak inauteri egunei buruzko balorazioa egiterakoan. "Jarrera ezin hobea azaldu dute tolosarrek azken egunotan. Neurriak zorrotz errespetatu dira eta herritarrek zuhurtziaz, elkartasunez eta arduraz jokatu dute ostegunetik asteartera", gaineratu du.
Horiek horrela, udalak herritarren "jarrera bikaina" azpimarratu eta eskertu nahi izan ditu "elkarlanaren bideari eutsiz, egunotan, egoerari eustea eta elkar laguntzea lortu dugulako, eta garrantzitsuena, elkar zaintzea".
Eragileekin batera Leidorren edota etxean ikusteko hainbat ikuskizun antolatu dira eta hori buruz esan du eta on line eskainitako emanaldiek "harrera oso ona" izan dutela eta 5.000 ikustalditik gora izan dituztela. Emanaldirik ikusiena ostiraleko udal musika bandaren kontzertua izan zela zehaztu du ere.
Gertakizun aipagarririk ez
Inauterietako egunak "giro lasaian eta normaltasunean" joan direla esan du eta tabernak itxi ondoren jende pilaketa batzuk eman badira ere, "pertsonak zailtasunik gabe sakabanatu" direla esan du. Era berean, herriko sarrera-irteeretan, garraio publikoko geltoki zein geralekuetan eta jende pilaketak eman zitezkeen guneetan zaintza lanak indartu dituztela esan du eta horrek lagundu duela "neurriak gogorarazten eta betearazten".
Era berean, AiLaket-eko kale hezitzaileak ere aritu dira kalez kalez gazteekin prebentzio lanketa egiten ostegun, igande eta astelehenean. "Guztira 55 kuadrillarekin egin dute lan. Guztiek azaldu dute oso jarrera egokia eta ezagutzen zituzten arauak, hortaz, balorazioa oso ona izan da".
Udalak nabarmendu du modu koordinatuan egin dela lan, "elkar laguntzeko eta elkarrekin egoerari eusteko", eta herriko eragile, merkatari eta ostalariek egindako lana eta izandako jarrera eskertu eta aitortu nahi izan ditu. "Indarrak batuta lortu baitugu Tolosa babestea, elkar zaintzea, eta elkarrekin egoerari aurre egiten jarraitzea". "Aurtengo egunak igarota, iritsiko dira 2022ko inauteriak, eta orduan bai, ospatuko ditugu, inoiz baino gogo eta ilusio gehiagorekin Tolosako Inauteriak".