Zoritxarrez, aurten Tolosak ezin izan du inauteririk ospatu, nork esango zukeen. Udalak azken asteotan behin eta berriz adierazi du gure jai parte hartzaile eta jendetsuenari uko egitea beharrezkoa zela, elkartasun keinu gisa, guztion osasuna babesteko eta elkar zaintzeko, gerora deitoratuko genituzkeen ondorioak saihestu genitzan. Benetan uste nuen posible zela indarrak batzen bagenituen eta hala izan da.
Udalean herrigintzan aritu naizen urte hauetan guztietan, ikasi eta ikusi dut (nahiz eta dagoeneko sumatzen nuen) lurralde-eremuak edota nortasun-ezaugarri zehatz batek baino, herri izateko borondateak, elkarrekin partekatzen ditugun balioek egiten gaituztela herri. Urtero, Tolosak ilusioz ospatzen du bere jairik handiena, parte hartzaileena. Aurten, berriz, Tolosako herriak erabaki du ez dela festarako unea.
Hainbat komunikabidetan egunak eta egunak eman ondoren erantzukizuna eskatzen, zuhurtzia eskatzen, eskatzen eta eskatzen, uste dut eskerrak emateko unea dela.
Eskerrik asko, azaldutako jarrera eredugarriagatik eta egindako ahaleginagatik. Eskerrik asko, baita ere, erantzunkidetasunerako mezu hori indartzeko bideoak egin dituzuen pertsona, talde edo kolektiboei, egun hauek lasaiak izan zitezen ezinbestekoak izan baitzarete.
Horregatik guztiagatik, eskerrik asko Tolosa.
Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea