ELKARRIZKETA

«Inauterien inguruan nuen ezagutza aberasteko balio izan du dokumentalak»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 12a, 07:59

Irene Larrañaga Hausterre pasatzen denean dokumentalaren egilea. ARRI ESTUDIOA

Tolosako Arri estudioko langilea da Irene Larrañaga zizurkildarra. Ardura handia izan du aurtengo inauterietan, bera izan baita Kabi-Alai elkartearen Hausterre pasatzen denean dokumentalaren zuzendaria. 33 inauterizalek festen inguruan duten ikuspegia biltzen saiatu da, eta horri esker, berak inauterien inguruan zuen jakintza handitzea ere lortu du.

Zizurkildarra da izatez, baina azken asteetan egin duen lanari esker, tolosartu egin da pixka bat. Berak eraman du Kabi-Alai elkarteak atzo aurkeztu zuen dokumentalaren pisu handiena; berak izan du grabaketetako nahiz edizioko lanean pisu handiena. Gustura dago azken emaitzarekin, helarazi nahi zuten mezua behar bezala transmititzen delako.

Nola hasi zineten dokumentala prestatzen?

Kabi Alai elkartetik inauteriei buruzko dokumental bat egiteko asmoa zutela jakinarazi ziguten. Gure bezeroak bira, eta beraz, lehendik ere badugu harremana. Behin baino gehiagotan eskaini izan diegu, diseinu, irudi eta bideo zerbitzua, eta oraingoan ere gugana jo dute, beraz eskerrak eman behar dizkiegu erakutsitako konfiantzagatik. Dokumentalaren ideia aurkeztu zigutenean erronka bat bezala hartu genuen.

Nolakoa izan da elkartearen eta zuen arteko harremana dokumentalaren prestakuntzan?

Oso ona, lehendik ere elkar ondo ezagutzen dugulako. Inauterietan, gainera, batera egin izan dugu lan. Ostegun Gizen egunerako Kabi-Alai Kuttuna aukeratzen dutenean, horren aurkezpenerako edota txupinazoaren aurretik egiten den tamarindoaren banaketa ekitaldirako ere guk egiten dugu dokumentazio lana. Gainera, txupinazoaren uneko argazkiak nahiz bideoak ere hartu izan ditugu elkartearentzat, Ostegun Gizenean, Kabi Alai Kuttunak elkartean bazkaltzen du, eta liburu bat ematen zaio, egun horretako udaletxeko ekitaldiko argazkiarekin, eurak sinatu dezaten.

Zergatik izenburu hori?

Hitz joko bat egin nahi izan da. Aurten ez dago ezer ospatzeko, eta inauterien errautsa besterik ez zaigu geratu, oraindik ere Hausterre egunean gaudelako. Hori da, hain justu helarazi nahi dena. Hausterre hitza bera ere erabili daiteke igarotzen ari garen egoera hau deskribatzeko.

Nola joan da grabaketa prozesua?

Lehenik, elkarrizketak egin genituen. Kabi-Alai elkartekoek elkarrizketatuen zerrenda eman zigutenean, dokumentalari zer forma eman nahi zien azaldu ziguten. Berehala ohartu ginen elkarrizketatu gehiegi zirela. Hortaz, bederatzi gai edo bloke ezberdinetan sailkatzea erabaki genuen, hala nola, inauterien atarikoa, Ostegun Gizena, txarangak, aisialdi taldeak… Bakarkako elkarrizketak izan beharrean, taldekakoak izan dira, eta hortaz, errazagoa izan da. Elkarrizketa guztiak, gainera, asteburu bakarrean grabatu genituen, bi egunetan.

«Aurten ez dago ezer ospatzeko; inauterien errautsa besterik ez zaigu geratu, eta oraindik ere, Hausterre egunean gaude»

Horrez gain, elkarteko kideek ere badute euren lekua dokumentalean. Izan ere, urtero, inauterietako txupinazoan, performance edo antzezlan bat prestatzen dute, urtean zehar nazioartean zeresana eman duen albiste edo gai baten ingurukoa. Aurten ere, ezin izan diote tentazioari eutsi, eta esketx batzuk prestatu dituzte, dokumentalean agertzen direnak. Baliagarriak izan dira dokumentaleko bloke ezberdinak bereizteko eta lanari arnas pixka bat emateko.

Zein baliabide erabili dituzu grabaketetarako?

Bi kamera erabili nituen elkarrizketetan, plano ezberdinak grabatu ahal izateko; irudi ezberdinak hartu ahal izateko, gainera, mota guztietako objektiboak erabili ditugu. Horretarako, laguntzaile bat izan nuen. Berez, ni bakarrik naiz estudioan bideogintzaz arduratzen dena, baina horrelako proiektu potolo baterako beharrezkoa izaten da beste norbaiten laguntza.

Edizioan ere elkarrekin aritu zarete?

Edizioaren kasuan, nirea izan da ardura osoa. Hala ere, gidoigintzan aritu den pertsonak ere lagundu dit.

Zer suertatu zaizue zailena grabaketetatik?

Audioaren grabaketa. Sei pertsona elkarrekin elkarrizketatzeak buruhauste handiak sortu zizkigun. Genituen errekurtsoekin ahalik eta emaitza onena lortzen saiatu ginen, gehiegi konplikatu gabe. Bestetik, erronka handia zen zezen plazan 33 pertsona sartzea, eta bederatzi elkarrizketetarako toki ezberdinak erabiltzea. Izan ere, horrek dinamismo puntu bat ematen diolako dokumentalari.

«Filomena denboralearen egunetan izan ziren elkarrizketak; beldur handia genion euriari; ez hainbeste elurrari»

Eta eguraldiarekin nola moldatu zineten?

Bada, hain justu, Filomena denboralearen asteburuan izan zen grabaketa. Gainera, elkarrizketa bakoitzerako jada esleituta genuen grabaketaren tokia. Hortaz, ateri zegoela ikusten genuenean, estalperik gabe egitea erabakitzen genuen. Beldur handia euriari genion ; ez hainbeste elurrari, irudia ere polita izan zitekeelako.

Zergatik erabaki zenuten grabaketa guztiak zezen plazan egitea?

Hasiera batean, elkarrizketa bakoitzerako toki ezberdinak aukeratzea erabaki genuen, gaiaren arabera; esaterako, Arpegikoak Leidorren edota udal langileak udaletxe plazan. Baina, arazo handia izan zitekeen, inguruan jende ugari ibiliko zelako, baita audioaren aldetik ere. Zezen plazak, alde horretatik, sortu daitekeen edozein arazorentzat (soinua, irudia…) baditu irtenbideak. Horrez gain, hainbeste jende hain denbora gutxian eta leku ezberdinetan elkarrizketatzeak, lanerako denbora ugari galtzea ekarriko luke.

Izan al duzue arazorik grabaketetan edo gerora edizioan?

Bada, grabaketaren asteburuan, gidoigintzaz, elkarrizketetako galderak egiteaz eta solasaldiak gidatzeaz arduratu behar zuen langilea konfinatu egin behar izan zen. Badakizu, gaur egun edonori gerta dakioke hori edozein momentutan. Hortaz, Kabi-Alai elkarteko kideek hartu zuten ardura hori.

Edizioari dagokionez, egun batzuetan etxetik lan egitea egokitu izan zait. Noski, estudioko ordenagailuaren eta etxekoaren abiadurak ez dute zerikusirik. Txikikeria dirudi, baina ikaragarri nabaritzen da xehetasun hori, eta asko baldintzatzen du prozesua.

Horrelako lan bat egiterako garaian garrantzitsua izaten da festak barrutik ezagutzea, ezta?

Dokumentalaren ideia proposatu zutenean, berehala honakoa esan nien lankideei: zizurkildarra izanda, beharrezkoa zen lan-taldean, eta batez ere edizioan, benetan tolosarra den norbait izatea, dokumentalaren mezua transmititzeko modu egokiena zein den ezagutuko lukeena. Orain, dokumentalari esker, gehiago dakit inauteriei buruz. Inauterien inguruan nuen ezagutza aberasteko balio izan du.

«Elkarrizketen egunetan, konfinatu egin behar izan zen solasaldiak gidatzeaz arduratu behar zuen lankidea»

Uste duzu tolosarrek «Aurten, ez» mezua ulertzea lortuko dutela?

Bai. Hala ere, aitortu behar dut, dokumentala bera oroitzapen ezberdinen bilduma bat dela. Guztiok inauteriak ospatzeko gogoa dugu, baina aurten ez da halakorik izango, eta berriro ere, Hausterre eguneko atzera kontaketari ekin beharko diogu, datorren urtean gogo gehiagorekin ospatzeko.

Erlazionatuak

33 mozorro, 33 inauteri

Ataria 2021 ots 12 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!