ERREPORTAJEA

33 mozorro, 33 inauteri

Ataria 2021ko ots. 12a, 07:58

Konfetia errauts bilakatu zenekoa. JON MIRANDA

Kabi-Alai elkarteak Hausterre pasatzen denean dokumentala estreinatu zuen, atzo. Ohitura eta iritzi ezberdineko 33 inauterizaleren bizipenak eta bitxikeriak biltzen dituen lana da, elkarteko kideen ustez, «tolosarrak modu batera zein bestera emozionatzeko modukoa».

Tolosako Kabi-Alai elkarteak, beste elkarte gastronomikoekin partekatzen dituen egitekoez gain, badu ezinbesteko ardura bat, ia garrantzitsuena dena: herriko festa handiena leherraraziko duen suziria nork jaurtiko duen erabakitzea. Ez da lan erraza izaten, eta denbora luzez aritzen dira ideiak biltzen, hautagaien zerrenda egiten, eta azken erabakia hartzen edo herriko inauterizale kuttunena aukeratzen.

Aurten, ordea, ez dute lan horietan aritu behar izan, ez dira lokatzetan saltoka aritu. «Berehala baztertu genuen aukera hori; ez zuen zentzurik. Kabi Alai kuttuna izendatzeak zerbait berezia badu, hori Ostegun Gizenean udaletxeko balkoian egoteko aukera da, besterik ez. Izendatua izateak baino gehiago balio du horrek. Hori bizitzerik ez bada, ez dago Kabi Alai Kuttunik», dio Itxaso Urdanpilleta Ostegun Gizen eguneko zuzendaritzako kideak.

Hala ere, hondarra zapaldu dute elkarteko kideek, eta tolosarrak beste modu batera asetu ahal izateko dokumental bat prestatu dute: Hausterre pasatzen denean. «Inauteriak bizitzeko, sentitzeko eta barneratzeko modu ezberdinak azaleratzea da helburua. Nola bizi izan dituzten, eta aurtengoak nola biziko dituzten, zer egingo duten eta zein emozio izango dituzten erakutsi nahi dugu».

'Hausterre pasatzen denean' dokumentala grabatzen. ARRI ESTUDIOA

Benetako inauterizaleak, eta ezkutukoak 

Tolosako 33 inauterizaleren bizipenak biltzen ditu lanak. Bakoitza ofizio ezberdin bateko herritarra da, inauterietan ezinbestekoa bilakatu den eragileko ordezkaria edo egitarauan gorriz markatuta agertzen den ekintzako partaidea. «Inauterietan urtero ikusten ditugun herritarrez gain, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun ezkutuko lana egiten dutenak ere elkarrizketatzea. Esaterako, Edorta Jauregi, Kilo dendako jabea».

Musikariak, aisialdi taldeko kideak, udal langileak, Ostegun Gizeneko konpartsa, ostalariak, musikariak, karroza eta konpartsetako partaideak edota inauterien iragarle diren kaldereroen konpartsako ordezkariak dira elkarrizketatuak. «Ohitura eta pentsamendu ezberdineko herritarrak dira, eta horrek izugarri aberastu du dokumentala bera». Zezen plazako txoko ezberdinetan grabatu dituzte elkarrizketak.

Guztiek izan dute zer kontatu eta zer iritzi. Izan ere, badira lagun giroko eztabaidak ere. «Elkarren arteko lehia sanoa duten taldeetako ordezkariak ere elkartu ditugu, eta batzuk elkar zirikatzen aritu dira», azaltzen du Urdanpilletak. «Lan ederra izan da, eta giro ona izan dugu gure artean; horrek asko erraztu du prozesua».

Ordenaren erdian, parodia

Dokumentala bera, inauterien kontakizun bat da, kronologikoki baitago kontatuta, kaldereroetatik hasi eta Asteartita eguneko azken arnasaldira arte. «Beste modu batera bizi daiteke inauterietako desordenaren barruan bizi ohi dugun ordena edo segida hori». Txupinazoko parodiari keinu eginez, esketx edo antzezlan motzak ere tartekatu dituzte, baita aurreko urteetako inauterietako irudiak ere.

Aurten, baina, txupinazoaren ordez, dokumentala ikusteko aukera izan dute tolosarrek. Horiek malkoei eusteko lanak izango dituztela iruditzen zaio Urdanpilletari. «Erraz hunkitzen zaituen lana da. Nik behin baino gehiagotan ikusita nuen aurkeztu aurretik, eta oilo ipurdia izateraino ere iritsi naiz».

Ostegun Gizenaren parekorik ez

Lau urte dira Itxaso Urdanpilleta Kabi Alai elkartean sartu zela. Duela bi urte egokitu zitzaion zuzendaritzako kide izatea. «Nahi duzuen bezala, baina Ostegun Gizenean utzi iezadazue balkoian egoten, baita argazkilari modura atera behar badut ere», esaten zien gainerako taldekideei. «Gogotsu nengoela eta, Ostegun Gizen eguneko zuzendaritzan sartzera animatu ninduten, eta iaz, ni izan nintzen inauterien historian balkoira hitz egitera atera den elkarteko lehen emakumea. Errespetu ikaragarria sentitu nuen, oso lotsatia naizelako, baina badut arazo bat: ez dakit ezetz esaten».

«Ni izan nintzen udaletxeko balkoira hitz egitera atera den elkarteko lehen emakumea; errespetu ikaragarria sentitu nuen»

Ostegun Gizen eguna da berarentzat inauterietako unerik onena, ez txupinazoa bakarrik. «Ez nuke ezergatik aldatuko. Behin txupinazoko antzezlana bukatu eta kalejirara joateko prestatzen garenean, sekulako pisua kentzen dugu gainetik, beste pertsona batzuetan bilakatzen gara. Txarangaren atzetik egiten ditugun lehen jauziak zirrara handiz egindakoak izaten dira», aitortzen du.

Nola azaldu lau urteko haurrari aurtengoa?

Inauteririk ez da izango aurten. Hala ere, jendea mozorrotuta ateratzeko asmotan dago, baita etxean ospatzeko asmotan ere. Horren inguruan iritzi garbia du Urdanpilletak. «Uste dut herritar guztiak kontziente garela bizi dugun egoeraz, eta nire ustez gai gara, urte batez bada ere, inauteriak ez direla ospatu behar sinistarazteko, arduratsu jokatzeko, alegia. Lasai, ez da eta mundua amaituko», adierazten du.

«Nik ez dut inguruan txilabarik ikusi nahi, ez dut musikarik entzun nahi» moduko esaldiak entzutea egokitu zaiola aitortzen du Urdanpilletak. «Egia da tolosar bakoitza ez dela inor beste bati kalera mozorrotuta ateratzea debekatzeko. Baina zer lortuko da horrekin? Ziurrenik, inguruko herritar guztiak ere mozorrotuta atera daitezen animatzea, festa girora bultzatzea». Tabernak irekitzeak ere errespetu pixka bat ematen dio. «Oso arraroa izango da aurtengoa, oroimenerako gordeta geratuko den urtea».

Inauterietatik ea zerbait faltan sumatuko duen galdetuta, «Ostegun Gizena» dio Urdanpilletak, «zalantzarik gabe», gainera. «Baita goizak ere. Ikaragarri gustatzen zait haurrarekin kalera mozorrotuta ateratzea eta konpartsak eta karrozak ikustea. Lau urteko haurra dut, eta ni bezain inauterizalea da, ia gehiago. Bada, nola azaldu adin horretako ume bati aurten ez dela inauteririk izango? Eskerrak ulertu duen…».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!