Felipe Gonzalez eta GALen arteko lotura ikertzeko eskatu du Pili Zabalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 11a, 09:21

Pili Zabala tolosarrak “Felipe Gonzalez salatzeko aukera dagoen argitzeko” eskatu dio Gipuzkoako Fiskaltzari.

Joxi Zabala zenaren arrebak, Pili Zabalak, Espainiako presidente ohi Felipe Gonzalezek GALekin izaniko lotura ikertzeko eskatu dio Gipuzkoako Fiskaltzari. GAL ikertuko duen plataforma independentea bultzatu nahi du Pili Zabalak eta joan den ekainean eman zuen horren berri. Orain sare sozialen bidez jakinarazi du eskaera. "Agian erregeek opari utopiko bat ekarri didate, baina zuekin partekatu nahi dut. Utopiak ibiltzeko balio du eta Felipe Gonzalezek badaki lehenago edo beranduago egia horretara iritsiko garela", esan du.

Zabalak eskatu du ikerketa ekinbide bat hasteko, argitu dadin ea Felipe Gonzalezen aurkako salaketa bat jar daitekeen, "ustez GALen bidez atentatuak eta desagertze behartuak egitea eragiteagatik". Era berean, ikertzeko exijitu du ea Espainiako presidente kargua baliatu zuen "erreserbatutako funtsen bidez giza eskubideen urraketa larriak onartzeko, finantzatzeko edo estaltzeko". Delitu horiek preskribatuta daudela ondorioztatuz gero, eta horrek prozesu berri bat irekitzea eragotziko balu, Zabalak eskatu du Juan Carlos Garcia Goenaren hilketaren kasura gehitzeko. Garcia Goena 1987an hil zuen GALek, Hendaian, haren autoan lehergailu bat jarrita, eta kasua irekita dago oraindik.

Horrez gain, Zabalak gogoratu du AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak 1984an eginiko txosten batek "terroristak legez kanpo borrokatzeko mertzenario taldeen sorrerarekin" lotu zuela Gonzalez. Sinesgarritasuna ematen dio CIAren txostenari, argudiatuz haren argitaratze data "Espainiako Gobernua GALen atzean zegoela zioten lehen argitalpenen aurretik" egina dela.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!