ERREPORTAJEA

Herri bati bizitza, bizimodu bati amaiera

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko abe. 20a, 07:57

Tolosako Korreo kalean aurkitzen da herriko denda zaharrena, Gabirondo zapata-denda. J. ARTUTXA

Zahartuak nahiz eraberrituak, bertakoek zein kanpotik etorritakoek gidatutakoak, gertukoak, kalitatezkoak eta profesionalak. Horrelakoak dira Tolosako komertzio sarea osatzen duten dendak. Asko, gainera, historikotzat jotzen dira, lantoki izateaz gain, bizitoki ere izan baitira.

Hiru urte dira, Joxemi Saizar kazetari tolosarrak, Joseba Urretabizkaia argazkilariaren laguntzaz, Tolosako 24 saltoki eta establezimenduren inguruko liburu bat kaleratu zuela. Bi baldintza betetzen zituzten merkataritza gune horiek: 100 urte inguru izatea eta familia beraren ardurapean mantentzea. «Ezin zaie meriturik kendu 25 edo 50 urte bete dituzten dendei; are gutxiago, mende oso batez familia berak irekita eta martxan mantentzea lortuz gero», adierazten dute egileek hitzaurrean.

Omenaldi bat zen lan hura, eskerrak emateko, eta oraindik ere, hala izaten jarraitzen du. Garbi erakusten du tokiko merkataritzak garrantzi handia duela Tolosan. «Tokiko garapen ekonomikoan duen eraginagatik, baina bereziki, herria egiten laguntzen duelako», dio Olatz Peon alkateak atariko testuan. Hurbiltasuna, kalitatea eta profesionaltasuna nabarmentzen ditu. «Inguruko herri askoren bilgune da Tolosa, merkataritzak egiten duen ekarpenagatik».

Herriko denda asko «erreferente» izan direla, eta izaten jarraitzen dutela aitortzen du Peonek. «Urte luzez bertako nahiz eskualdeko herritarrei zerbitzua eskainiz, herri bizia bilakatu dute Tolosa, kaleak girotuz eta enplegua sortuz, paisaia urbanoaren parte garrantzitsu bihurtuz».

Tradizio komertzial luzea

Komertzioak herri bati «bizitza» ematen diola nabarmentzen dute Saizarrek eta Urretabizkaiak. «Denda historiko ia denek izaten dute familiako abizena izen modura. Herriaren historiaren parte garrantzitsua dira jada, entzun orduko tradizio komertzial luze bat ekartzen dutelako gogora». Tolosaren kasuan, kanpotik etorkizun hobe baten bila etorri eta bertan sustraitu ziren batzuk: Aragoi, Kantabria, Nafarroa. Sorrera urteari dagokionez, Gabirondo zapata denda da zaharrena, 1874koa. Beste hiru negozio ere XIX. mendekoak dira.

Hainbeste urtetan, garai alaiak eta tristeak bizitzea tokatu zaiela azaltzen dute egileek. «Gerrak, uholdeak, krisialdiak... baita familia barruko eztabaidak ere. Leitzarango autobideak ere kalteak eragin ditu, Nafarroako gune horretako bezeroak galtzea ekarriz. Azkenaldian, berriz, min handia eragin du saltoki-gune handien eta internetaren konpetentziak. Hala ere, ukaezina da zerbitzu profesionala eta pertsonalizatua eskaintzen dutela».

Tolosa&Co merkataritza elkartetik adierazten dutenez, Tolosak, historian zehar, «modu nagusi eta eredugarrian» bete du merkataritza gune baten funtzioa. «Merkataritza finantza jarduerek herriak egun duen nortasuna egituratu dute, ezaugarri horri ehunka urtez eutsiz. Batetik, garaian garaiko testuinguru eta beharretara egokitu behar izan dute herritarrek; bestetik, merkatariek belaunaldiz belaunaldi eutsi diete gogoari eta nahiari».

Itxierak eta eskualdaketak

Dendari horietako batzuek, baina, erretiroa hartu dute azken urte hauetan, negozioak ixtera helduz. Ayerza mertzeria, Gorrotxategi gozotegia, Iruiñ altzari-denda eta Malumbres arropa denda izan ziren pertsianak jaitsi zituzten lehenak. Ezohiko egoera honen ondorioz ere, badira, liburuan ez agertu arren, negozioa irekitzerik izan ez dutenak.

Hala ere, oraindik ere, negozio gehienek jarraitzen dute zabalik, urtez urte, Tolosak aire zabaleko merkataritza gune izaera izan dezan lanean, betiko nahiz etorkizuneko zerbitzuak bultzatuz. Gabirondo zapata-dendaren eta Orus drogeriaren kasuan, esaterako, eskualdatze prozesu bat izan dute, Gipuzkoako Merkataritza Bazkundeak kudeatutako Berriz Enpresa programari esker. Jabez aldatu dute, negozioaren kokapena eta esentzia mantenduz; lehenak, gainera, izena ere mantendu du. Denda historiko horiez gain, 2015az geroztik, hamahiru establezimendu eskualdatu dira Tolosan; aurten, hiru: Tasia jantzi-denda, Shanti Kirolak eta arestian aipatutako Orus drogeria.

Erlazionatuak

Betiko denda askotan, aurpegi berriak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 abe 20 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!