ERREPORTAJEA

Betiko denda askotan, aurpegi berriak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko abe. 20a, 07:59

Herri bateko negozio historikoak betiko itxi ez daitezen, eta horien zerbitzuak bizirik jarrai dezan, 'Berriz Enpresa' programa jarri zuen abian Jaurlaritzak. Tolosan, belaunaldi berriei lanerako aukera berriak eskaini asmoz, hamairu establezimendu eskualdatu dituzte azken urteetan.

Merkataritza, ostalaritza nahiz ostatuen sektoreetan, EAEko negozioei jarraipena eman asmoz, Eusko Jaurlaritzak sortutako zerbitzua da Berriz Enpresa programa. Gipuzkoako Merkataritza Bazkundeak kudeatzen du, eta udalek ere parte hartzen dute, diru laguntza osatuz. Establezimendua bera eta historia luzeko proiektua galtzea nahi ez dutenentzako dago pentsatua, baita horri jarraipena eman nahi dieten ekintzaileentzako ere. Alde bati zein besteari, laguntza, aholkuak eta sostengua ematen dizkiete.

Berriz Enpresak negozio bat erosten laguntzen die proiektu berri batean murgildu nahi duten herritarrei; horretarako, interesa agertzen duten inbertitzaileen profil profesionalaren araberako negozioak bilatzen ditu, aktiboki. Horrez gain, aukeratutako negozioaren bideragarritasuna aztertzeko eta enpresa-plana egiteko laguntzak ematen ditu, baita eskualdatze prozesua ixteko eta negozio berria martxan jartzeko ere, aholkularitza juridikoa eskaintzeaz gain.

Bestalde, merkatari batek duen negozioa saltzen ere laguntzen du zerbitzuak, balizko erosleak aktiboki bilatuz. Saldu nahi den negozioaren sustapen ekintzak, salmenta-txostena nahiz balorazio ekonomikoa egiten ere laguntzen dute, eskualdatze prozesu osoan zehar, eta batez ere ixterakoan, erraztasunak emateaz gain. Prozesu guzti hori eramangarria eta arina izan dadin, zerbitzu katalogo zabala, pertsonalizatua, doakoa eta isilpekoa eskaintzen du programak.

Sarean ere aurki daiteke zerbitzuari buruzko informazioa, www.berrizenpresa.com webgunean. Bertan, gainera, programa honekin lan egin duten erosle nahiz saltzaileen esperientziak ezagutzeko nahiz une honetan salgai dauden establezimenduak ikuskatzeko aukera ere badago.

Prozesu erraza eta eramangarria

Zentzu horretan, azken bost urteetan, hamahiru izan dira Tolosan, tokiz mugitu gabe, jabe aldaketa izan duten saltokiak. Maribi Saizarrek, adibidez, hamabost urtez Eder Home dendan lanean aritu ondoren, eskaintza berri bat jaso zuen beste lanpostu baterako, eta aldaketa «tentagarria» iruditu zitzaion. Orduan, Berriz Enpresa zerbitzuarekin kontaktuan jartzea erabaki zuen. «Dendara joan ziren, niri prozesuarekin laguntzeko. Negozioa baloratu, publizitatea egin, eta saltokiarekin jarraitzeko pertsona egoki bat bilatzeari ekin zioten. Eskualdaketarako lan guztia errazagoa egin zait», nabarmentzen du.

Eskualdatze prozesua arintze aldera, zerbitzu katalogo zabala eskaintzen du laguntza programak

Saizarrek ez bezala, beste bide bat hartu zuen Edurne Garmendiak. MM arropa dendako langilea zen bera, lehengo jabeak denda eskualdatzeko asmoa zuela jakinarazi arte. «Dendaz arduratzeko prest agertu nintzen. Hala ere, niretzat handiegia zela, eta lagun batekin hitz egingo nuela esan nion, bion artean eramateko»; biak dira orain dendako arduradunak. Garmendiak ere Berriz Enpresa programa erabiltzearen esperientzia «oso ona» izan zela azpimarratzen du. «Prozesua oso eramangarria izan zen, eta laguntza handia jaso genuen».

Ohiko bezeroa, eroslerik onena

1974an, bere izena daraman estetika zentroan hasi zen lanean Maite Jimenez, autonomo modura. Erretiroa hartzeko ordua heldu zitzaionean, negozioarekin jarraitzeko asmorik ez zutela adierazi zioten ondorengo senideek; gainera, Berriz Enpresa programari buruz hitz egin zioten. Gerora, Tolosa&Co elkartetik iritsi zitzaion aukera horren berri. «Interesatzen zitzaidala esan nien, eta berehala jarri nintzen dendari berri posibleekin kontaktuan».

Hainbat aukera aztertu ondoren, Eli Karrera egin zen negozioaren jabe. Bera izan zen Berriz Enpresa programarekin kontaktuan jarri zena, eta sektore honez gain, beste batzuetan aritu zen begira. Hala ere, betidanik izan da bertako bezeroa, eta beraz, esku hartzea erabaki zuen. «Zerbait berria egiteko grina nuen, proiektu berri bati ekitekoa».

Behin negozioa saldu ondoren, ez du poza ezkutatzen Jimenezek; establezimendua «esku onetan» utzi duela dio. «Zorte handia izan dut Elirekin. Ez nuen pentsatzen orain horrela funtzionatuko zuenik. Oso pozik nago martxan dagoela jakinda; gainera, lehen nituen langileek bertan jarraitzen dute, eta horrek pozten nau gehien».

Programari buruzko balorazio orokor bat egitekotan, «azkartasuna eta erraztasuna» azpimarratzen ditu Jimenezek. «Euren esku utzi nuen prozesu guztia, eta ni babesteaz gain, Eli ere babestu dute». Oso erraz heldu ziren akordio batera. «Bideragarria izan behar zuela esan nien, eta hala izan da». Karrerak ere programak eskaintzen dituen laguntzak nabarmentzen ditu: «Asko laguntzen du aholkularitzan, negozioaren bideragarritasunean nahiz udalarekin kontaktatzeko garaian, hauek diru laguntzak ematen dituzten ala ez ohartarazteko».

TOLOSAN ESKUALDATU DIREN DENDAK

Maite estetika zentroa

Hariak

Ortiz tapizeria

Coviran suprmerkatua

Eder Home

MM arropa denda

Marylin arropa denda

Sorron

Zunzu poltsak eta osagarriak

Shanti Kirolak

Tasia jantzi-denda

Orus drogeria

Erlazionatuak

Herri bati bizitza, bizimodu bati amaiera

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 abe 20 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!