ELKARRIZKETA

«Maratoi bat izan da nire ofizioa eta osasuntsu heldu naiz helmugara»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko abe. 20a, 07:58

Joxe Mari Arana, zapata-denda zenaren aurrean. J. ARTUTXA

Arana familiako hirugarren belaunaldiko ordezkaria da Joxe Mari (Tolosa, 1955). Hiru anaietan gazteena da, eta berari egokitu zitzaion hamar urterekin zapata-dendan lanean hasi, eta gerora, saltokiaren ardura hartzea. 55 urtez lan egin ondoren, heldu zaio erretiroa hartzeko garaia. Denetik ikusi, entzun eta bizitzea egokitu zaiola aitortzen du.

Nola oroitzen dituzu lehen urte haiek?

Udaletxean 1928ko kuota baten ordainagiria aurkitu bazuten ere, baliteke denda lehenago sortua izatea. Hala ere, 1965ean, orain arte ezagutu dugun denda hartu zuen familiak, eta orduan hasi nintzen bertan lanean, hamar urte nituela. Eskolatik ateratzen nintzenean joaten nintzen dendara, eta ama egoten zen bertan. Orduan, baina, baserritarrentzako arropak eta tresnak ez genituen erakusgarri jartzen, eta almazenean gordetzen genituen. Zapatak saltzeari ekin genion. Azoketara joan behar zenean, ni joaten nintzen; bestela, ni geratzen nintzen dendan, eta ama etxean.

Zein azoketara joaten zinen?

Tolosara, Ordiziara, Hernanira eta Azpeitira ere joaten nintzen. Ia 50 urtez aritu nintzen batetik bestera, aitarekin aurrena, bakarrik gero. Zapatez gain, baserriko tresnak eta jantziak saltzen nituen: segak, aizkorak, sardeak, aitzurrak, eskuareak, abarkak, katiuskak eta lanerako arropa. Lehen urteetan, mahai gainean jartzen nuen generoa; beranduago, furgoneta bat prestatu nuen, alboetatik irekitzen zena, eta barruan apalak eta kaxak zituena. Asko errazten ninduen lana, eta oso erosoa zen.

Ezberdina al da azokako postu batean edo dendan bertan saltzen aritzea?

Erabat bestelakoa da. Azokan, kalean zaudenez, harreman zuzenagoa eta estuagoa duzu bezeroekin, haiengandik gertuago zaudelako. Dendaren kasuan, ordea, zurekin egon ahal izateko, bezeroek sartu behar dute barrura. Ehiztariekin alderatzen dut nik. Haiek, usoak noiz pasako zain, postuan egoten diren moduan egoten dira dendariak denda barruan sartuta. Horri lotuta, bada egoera kontrajarri bat. Kalean egonda ere, bezeroaren eta saltzailearen arteko harremana ez da denda barruan bezain hotza.

Zein motatako oinetakoak saldu izan dituzue?

Hasieran, denetik izaten genuen: gizonezkoenak, emakumezkoenak eta haurrenak. Gerora, haurrentzako oinetakoak kendu genituen lehenik; azoketarako generoa prestatzeak ere lan handia eskatzen zuen, eta beraz, gure eskaintzen abanikoa murriztea erabaki genuen, bestela, stock handia izatea eskatzen zigulako. Beranduago, emakumeentzako zapatak kendu genituen, eta gizonezkoenak soilik saltzen hasi ginen.

Aldatu al zitzaizun lan egiteko modua?

Ez dut inoiz konponketarik egin; zapatak saldu izan ditut beti. Bestetik, nahiko klasikoa izan naiz, eta lanerako modua ez dut modaren arabera aldatu, nahiz eta saiatu izan naizen oinetako politak eta kalitatezkoak eskaintzen. Zapata berdinak izaten nituen beti; horrela, bezeroek bazekiten halako botak edo zapatak bertan aurkitu ahal izango zituztela. Kirol-oinetakoak ere saltzen nituen, batez ere, gazteentzat.

Ba al dago zapatak saltzeko urte sasoi hoberik?

Lehen bai nabari zela urtaro batetik besterako aldaketa. Neguko zapatari balio handiagoa ematen zitzaion; udakoa baino garestiagoa izaten zen, sendoagoa zelako. Orain, ordea, azaroan ere jendea ikus daiteke sandaliak jantzita.

Urte guzti hauetan, anekdota ugari biziko zenituen.

Liburu handi bat idazteko adina. Denetik ikusi, entzun eta bizitzea egokitu zaigu dendarioi. Bezero batzuk, denda batean oinetako pare bat erosi ondoren, beste batetara joaten ziren aldatzera, nahastuta. Bi dendetan berdinak izan arren, guk bagenekien zein zapata ziren guk saldutakoak eta zein ez; seme-alabak ezagutzearen parekoa zen.

Badut beste gertaera bitxi bat ere gogoan. Duela 48 bat urte izango zen. Herriko hiruzpalau dendetan mendirako bota berdinak saltzen genituen orduan. Urriaren 24an, zapatarien egunaren bezperan, zapata-saltzaileek afaria egin ohi zuten. Urte hartan, nire aita joan zen afarira, eta bertan zela, honakoa entzun zion beste saltzaile bati: «Emakume bat dendara joan, eta ezker oineko bota bat uzteko eskatu zion, eskuinekoa baino handiagoa zuela esanez, eta ezer ordaindu gabe eraman zuen etxera». Egun batzuk geroago, aitarengana joan zen emakume batek, eskuin oineko bota bat uzteko eskatu zion; hark ere, argudio bera erabili zuen. Hortaz, nire aita eta beste saltzailea afarian bertan ohartu ziren emakume bera zela, eta ordurako bota parea osatua zuela.

Hortaz, argi geratzen da bezero askok duten malezia hori ez dela oraingo kontua. Gaur egun, baina, gutxitan ikusten dira halakoak, dena kontrolatuago dagoelako. Orain guztiek dute nahi dutena egiteko eskubidea, eta saltzaileari hau, hori eta hura atera diezaien eskatuz ibiltzen dira. Merkataritza-gune erraldoietan ikusten dutelako egiten dute hori. Asko, gainera, ez erostera joaten dira, denbora-pasa modura, ikustera besterik ez; erosterakoan baino lan handiagoa ematen dute, eta hortaz, pazientzia handia eskatzen dute. Eta horrelakoetan zer egin behar izaten du saltzaileak? Adeitsua eta jatorra izan. Ondorioz, argi dago bezeroek ez dutela beti arrazoi.

«Emakume batek ezker oineko bota bat eraman zuen denda batetik, ordaindu gabe; gerora, parea osatzeko, guretik eraman zuen eskuin oinekoa, hau ere, lapurtuz»

Hainbeste urtetan, gainera, nabarituko zenituen aldaketak herritarren erosteko ohituretan, ezta?

Salmenta kopuruak handiagoak izaten ziren lehen. Nire kasuan, gainera, baserritarrak izaten ziren bezero gehienak. Azoketara, beraz, gutxitan eramaten nituen kaleko oinetakoak. Garai batean, gainera, urtean behin edo bitan jaisten ziren baserritarrak zapatak erostera; orain, berriz, ia egunero dabiltza kalean.

65 urte bete eta erretiroa hartu ondoren, iritsi zen denda betiko ixteko ordua. Gogorra egin zitzaizun?

Sekulako poza hartu nuen. Ez naiz batere sentikorra, eta beraz, oso gustura nago orain nagoen egoeran, eta dudan bizimoduarekin. Oso ezberdin ikusten dira gauzak mostradore barrutik eta kanpotik. Maratoi moduko bat izan da nire ofizioa. 55 urtetan egin ditut 42 kilometroak, eta azkenean, osasuntsu heldu naiz helmugara, lasaitasun handiarekin.

Aurrena, 15 urteko ikasketa prozesu bat egin nuen, 25 urte nituenean amak dendaren jabetza eman zidan arte. Itsasmutil bezala hasi, eta kapitain modura amaitu dut. Barku bat eman zidaten, ekaitzak nahiz barealdiak ezagutu ditut, egun onak nahiz txarrak, eta bidaia luze baten ondoren, portura heldu naiz berriro, itsasontzia ondoratu gabe.

Ekaitzak diozu. Tartean 1983ko uholdeak ezagutuko zenituen, noski.

Oso gogorra izan zen. Guri, gainera, erreka aldetik heldu beharrean, mendi aldetik sartu zitzaigun ura, atzeko atetik, almazenaren aldetik. Hura urez bete ondoren, erdiko horma bota eta dena jausi zen.

Zer eman eta zer kendu dizu ofizio honek?

Gauza asko eman dizkit, asko ikasteko aukera izan baitut. Hala ere, badu alde txar bat, denbora aldetik oso lotua dela. Igandetan bakarrik egiten nuen jai, opor egun gutxi izaten nituen, eta gaixo nengoenean ere, lanera joan behar izaten nuen. Bestalde, bizimodua aurrera ateratzeko balio izan dit, eta beraz, ezin naiz kexatu.

Etxean ez al zuen inork negozioarekin jarraitu nahi?

Lehen, ohitura handia zen negozioa seme-alabengana eskualdatzea. Harrotasun handiz egiten zen ekintza izaten zen, gainera. Garaiak, baina, erabat aldatu dira. Alaba eta seme bana ditut, eta euren ikasketekin lotutako lanbideetan ari dira biak. Ondorioz, nire erretiroarekin amaitu da zapata-dendaren historia.

Duela urte batzuk, denda txikien etorkizuna ilun ikusten zenuen. Iritzi berekoa al zara orain?

Tristea da hau esatea, baina iritzi berekoa naiz. Gauzak asko okertzen ari dira, eta salmentak asko murriztu dira azken urteotan. Merkatariaren lana beti izan da zaila, baina gero eta zailagoa jartzen ari da; niri hala iruditzen zait behintzat. Merkataritza-gune handiek nahiz internet bidezko salerosketek ere eragin handia izan dute. Azken hauek, gainera, 24 orduz egoten dira zabalik, urteko 365 egunetan.

Betiko bezero fidelaren arraza hori desagertu egin dela esan daiteke. Lehen ohitura handiagoa zen horretarako, norbere gurasoek erosten zuten denda berean erosteko. Gaur egun dagoen eskaintzarekin, jendea gehien komeni zaion dendara joaten da. Normala da, gainera, izan ere, betiko dendan dauden produktuekin zergatik konformatu, beste dendetan prezio hobea edo gehiago gustatzen zaizun zerbait baldin badago? Norberak bere diruarekin nahi duena egiten du, eta erraztasunak bilatzen ditu.

Erlazionatuak

Herri bati bizitza, bizimodu bati amaiera

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 abe 20 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!