Berriro ere etxean

Iñigo Terradillos 2020ko aza. 20a, 16:58
Iker Galarza, behean erdian, Gure Zirkuko hainbat kiderekin, Tolosan. I.T.

Gure Zirkua Tolosako San Esteban auzoan kokatu dute, egoera zertxobait hobetu, eta abenduan Tolosaldeko herritar guztientzat emanaldiak eskaintzeko helburuz; zirkuaren bitartez, gaztetxoengan ilusioa piztea oso garrantzitsua dela diote, bereziki bizi dugun egoeran.

Denbora gelditu, fantasiari ateak zabaldu eta ezinezko guztia egi bihurtu daitekeen mundu magikora bidaiatu. Proposamen interesgarria dirudi, eta are gehiago bizi dugun egoeran. Horixe da, bada, Gure Zirkuak herritarrei zabaltzen dien mezua, bertaratzera gonbidatuz. Eta, bidaia hori burutzeko ez da gehiegi itxaron beharko, ezta urrutira joan beharrik izango ere, Tolosan lekutu baita Gure Zirkua.

Orion igaro zuen uda, eta Tolosara ailegatu aurretik, Arrasaten egin zuen geldialdia Gure Zirkuak. Iker Galarza zirkuko arduradunak azaldu duenez, «oso gustura» egon dira bi herrietan: «Uda oso ondo joan da, eta udazkena ere ondo abiatu dugu, beraz, zirkura gerturatu diren guztiak eskertu behar ditugu». Arrasaten zirela, baina, osasun egoerak okerrera egin, eta neurriak areagotzen ari zirela ikusita azpiegitura guztia gorde eta herria uztea erabaki zuten. «Zirkua betetzen ari ginen, baina, neurriak estutzen ari ziren, inguruko herrietatik ezin ziren gerturatu, beraz, azkenean, etxera etortzea egokiena zela ikusi genuen».

Pasa den urte amaieran ere Tolosaldean izan zen Gure Zirkua, Ibarran zehazki. «Aurten Tolosa aukeratu dugu, izan ere, egun berezi hauetarako ere nahiago genuen etxetik gertu egon», dio Galarzak. Momentuz, San Esteban auzoko aparkalekuan altxa dute zirkua, eta bi karpa ikus daitezke, sorreratik erabili duten gorri eta hori koloreduna, eta handiagoa den zurri-gorria. Azken hori osasun neurrien eraginez alokatu beharra izan dute, ikusle kopurua mantentze aldera. «Edukiera murriztu zutenean egokitu beharra izan genuen, eta karpa txikiaren ikusle kopurua mantentzeko handiagoa alokatu genuen; hori bai, gastuak ere handitu egin dira», dio.

Bertan egongo da esperoan, izan ere, Gure Zirkuko kideek egoera zerbait hobetu, eta neurriak arinduko direla espero dute, eskualdeko herritar guztiek aukera izan dezaten zirkuaz gozatzeko. «Oraindik ez dakigu emanaldiak noiz izango diren, poliki-poliki goaz, eta ikusiko dugu egoerak nola egiten duen aurrera. Ea abenduan sartu ahala, gutxienez udan genuen egoera horretara itzultzen garen, egungo egoeran tolosarrez gain, aldameneko herritarrek soilik izango bailukete zirkura etortzeko aukera».

Ikuskizun berritua

Abendurako eskaini asmo duten ikuskizunari dagokionez, pasa den urtekotik aldaketekin datorrela azaldu du Galarzak: «Iazko emanaldiarekin oso pozik nengoen, oso borobil ikusten nuen eta berarekin jarraitzeko asmoa nuen, baina konfinamenduan buruari bueltak emateko denbora gehiago izan dugu, gauzak aldatuz joan gara, eta azkenean, goitik behera ia emanaldi guztia berritu dugu». Emaitza «oso polita» dela eta ikusteko aukera izan dutenek ere hori transmititu dietela dio. «Koxka bat gora egin dugula esan digute, beraz oso pozik gaude. Hori bai, Gure Zirkuaren esentzia mantentzen da, bere pailazo, trapezio, malabarista, kable, mago, musika eta abarrekin». Ordu eta 40 minutuko ikuskizuna da prestatu dutena, eta taula gainean ariko diren artistak pasa den urteko berberak dira ia guztiak. «Gure Zirkuaren hezurdura nagusia Tolosan dago, Poxpolo eta Mokoloren garaitik gatozen lantalde edo kuadrillan, hain justu, eta horrez gain, Euskal Herriko txoko askotako lagunak ditugu. Taulan hamabi bat lagun gara, musikariak eta artistak kontuan hartuta, eta horri teknikariak batu behar zaizkio. Horrekin batera, azken neurrien ondorioz jende gehiago behar izan dugu ikusleak antolatu eta esertzen laguntzeko, eta horretan, lagunak eta familiako kideak ari dira».

Iker Galarzak argi du Gure Zirkuaren helburua zein den: «Ederki pasatzea eta barrea eta algarak sortzea». Eta, horri berebiziko garrantzia ematen dio izurrite garai honetan. «Gaztetxoentzat bereziki egon dadila ilusio puntu hori, zerbait magikoa, gure txikiek zerbaitekin ilusionatzea behar dute. Zenbaitek esan izan digute terapia moduan oso ona dela, eta neurriak gogortuta ere Gure Zirkuak baimenduta egon beharko lukeela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!