Hasiera ezin hobea

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 28a, 11:59

Redline Mekanika TAKE lehen postuan dago bi jardunaldi jokatu eta gero. Goar Artetxek lehen urtea du entrenatzaile bezala eta lehen sentsazioak «ezin hobeak» direla dio.

Lehen bi jardunaldi jokatuta, lehen postuan dago Redline Mekanika TAKE. Gizonezkoen lehen mailan aritzen den saskibaloi taldeak entrenatzaile berria du denboraldi honetan, Goar Artetxe, eta oso pozik azaldu da orain arte ikusitakoaz: «Oso kontentu nago batez ere taldea oso ondo lehiatzen ari delako. Egia da denoi gustatzen zaigula irabaztea, baina ondo lehiatuta garaipenak beti gertuago egoten dira».

Hain justu, bere ideietako bat horixe izaten dela gaineratu du Artetxek: «Nire taldeak lehiakor izatea nahi dut, baina azkenean jokalariek atera behar dute grina hori, talde bezala lehiakor izateko. Hasieratik zehaztu genuen zein den gure jokatzeko modua, jokalariek sinesten dute eta erakusten ari dira bi partida hauetan gauzak ondo eginez emaitzak ateratzen direla».

Orain arteko bi partidak «oso ezberdinak» izan direla esan du Artetxek. Lehenengoa etxean jokatu zuten, Beasaingo Arri BKL taldearen aurka. «Azken urteotan asko sufritzen ari den taldea da, beti beheko postuetan ibiltzen den taldea, eta uste genuen nahiko ondo aterako genuela partida. Bagenituen lesionatu batzuk, eta baita zalantza batzuk ere, denboraldi-aurre berezia izan delako. Partidari ondo ekin genion, hautsi egin genuen eta gero ondo eutsi genion». Bigarren partida Tecnun-Askatuak taldearen aurka izan da. «Gure liga nahiko berdintsua da, eta Tecnun aurreneko postuetan ibili da eta aurreikusten genuen partida zaila izango zela. Halere, oso partida ona atera zitzaigun, momentu askotan dominatu egin genuen, eta nire ustez merezitako garaipena ekarri genuen etxera».

Ligan hamalau talde dira, eta igoera postuei dagokionez, lehendabizi geratzen dena mailaz igotzen da zuzenean, eta hurrengo lau postuetan sailkatzen direnak euren artean jokatzen dute mailaz igotzeko beste taldea zein izango den erabakitzeko. Bestalde, azken bi taldeek maila galduko dute. Kirol helburu zehatzik ez dutela dio Artetxek: «Niretzat garrantzitsuena entrenatzaile bezala, TAKEren lehen taldea batez ere erreferente izatea da. Klubean beste hogei talde daude, eta lehen taldea erreferente izatea bai jokatzeko moduan, bai baloreak transmititzen... garrantzitsua da».

Lehenengo denboraldia du TAKEko lehen taldea entrenatzen eta lehen sentsazioak «ezin hobeak» direla dio Artetxek. «Entrenatzaile berria naiz jokalari hauentzako eta beti izaten da hor denbora tarte bat egokitzeko, bai nik jokalariak ezagutzeko eta baita beraiek ni ezagutzeko ere. Jokalariak asko ari dira errazten prozesu hori. Ni kontentu nago eta jokalariei ilusioarekin ikusten zaie. Sentsazioak oso onak dira eta ziur nago denboraldi bukaeran ere berdina esan ahalko dudala».

Jokalariei dagokionez, Beñat Azaldegik utzi egin du taldea. Etorri direnak Imanol Ceciaga eta Mikel Esnaola izan dira, eta horrez gain, jubeniletatik Euken Huici lehen taldera igo da eta Beñat Etxeberria eta Unai Conde jubenilek tarteka parte hartuko dute lehen taldearen dinamikan.

COVID-19aren inguruko neurriak direla eta, hurrengo jardunaldiak bertan behera geratu dira. Atzo jasotako erabakia da hori, aurretik taldean entrenatzeko debekua baitzuten, baina partidei buruz ez zekiten zer gertatuko zen. Orain, entrenamenduak egin ahal dituzte, baina, esan bezala, partidarik ez dute izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!