Etxera itzuli da

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 21a, 20:00

Jokalari bezala klubean hainbat urtetan aritu den Goar Artetxe anoetarra izango da Redline Mekanika TAKEko entrenatzailea datorren denboraldirako.

Goar Artetxe (Anoeta, 1977) izango da Redline Mekanika TAKE taldeko entrenatzaile berria. Jon Azaldegiren lekua hartuko du anoetarrak. TAKE klubaren jokalari esanguratsuenetako bat izan ondoren, hemendik aurrera taldea gidatuko du. Etxera bueltatu dela azaldu du Artetxek: «Albiste ona da niretzako. Azken bi urteetan TAKEk interesa izan du ni etxera bueltatzeko. Aurretik ez ziren baldintza egokienak eman, eta gaur egun bai klubaren eta bai nire aldetik baldintza horiek eman dira, eta oso kontentu nago berriz ere hemen izateagatik».

TAKEko jokalari izateari utzi ondoren, entrenatzaile lanetan hasi zen Artetxe. Lehenengo urte bat egin zuen Zarautz taldea gidatzen EBA ligan, eta ondoren hiru urte egin zituen bigarren entrenatzaile moduan Azpeitiko Iraurgi taldean, Urrezko eta Zilarrezko LEB ligan. «Iraurgin saskibaloi profesionalean pasa ditudan hiru urte hauek oso politak izan dira, alde horretatik ez da erraza izan erabakia hartzea, baina, bestalde, nire buruan argi neukan lehenago edo beranduago TAKEra bueltatuko nintzela», esan du. Gertuko jendeari garrantzia ematen diola gaineratu du, eta elementu guztiak balantzan jarri ondoren, azkenean TAKEra itzultzea erabaki du.

Bere entrenatzaile ibilbidean, pauso honek «egonkortasuna» emango diola azaldu du Artetxek: «Saskibaloi profesionalak alde batetik bestera eramaten zaitu, ordu asko pasatzen dituzu bidaiatzen, eta azkenean TAKEra bueltatzeak etxetik gertu egotea ahalbidetzen dit, eta gertuko jendea hor izatea». Bestalde, Artetxek TAKEri «pasioa eta oreka» emango diola dio: «Saskibaloia bizitzeko modu bat da niretzat, eta saskibaloiaren bitartez batez ere nire jokalariei laguntza eskainiko diet, eta oro har TAKE osatzen duten pertsona guztiei».

Maila baxuago batean ariko da entrenatzen Artetxe, baina TAKEra itzultzea «epe luzerako» proiektu bat dela azaldu du. «Hogei bat talde daude klubean. Aldaketa nagusia kirol ikuspegitik izan daiteke, baina hemen dagoen saskibaloi proiektua da, epe luzerako deseinu on bat eginez, beste arrazoietako bat bueltatzeko». Gizonezkoen lehen taldearen entrenatzaile izateaz gain, jokalari gazteekin lan tekniko bereziak antolatzeaz arduratuko da. «Saskibaloia jokalariena da. TAKEn neska-mutil askok jokatzen dute, eta horiekin lan berezi bat egin behar da, jokalariei kalitate pixka bat eskaintzeko bere hazkundean».

Aurretik, jokalari zenean, taldekide izan zituen lauzpabost jokalari izango ditu Artetxe orain ardurapean. «Bere unean oso gazteak ziren, eta gaur egun ez dira beteranoak, gazteak dira oraindik. Ezagutzen dudan jendea da, oso harreman ona dugu, eta ez dugu arazorik izango, primeran moldatuko gara», esan du entrenatzaile berriak. TAKEk harrobia zaintzen duela gaineratu du, eta urtero izaten dela jokalariren bat edo bi lehen taldera igotzen direnak. «Ez dugu, baina, presaz jokatu. Bere prestakuntza prozesua errespetatuko dugu, ezin dira etapak erre».

Aurreko entrenatzailearekin, Jon Azaldegirekin, harremanetan dago Artetxe. Oso harreman estua dutela dio anoetarrak, bere garaian taldekide izandakoak dira, eta azken egunetan berarekin elkartu da, besteak beste, jokalariei buruz hitz egiteko. Azaldegik klubarekin duen lotura mantenduko du, aurrera begira prestatzaile fisikoa izango baita. «Elkarlan hori indartu egin behar dugu, azken urte hauetan kanpoan izan bainaiz. Jon oso garrantzitsua da TAKErentzako. Beti erakutsi du lehiakortasuna, kantxan eta kantxatik kanpo, eta bera gertu izatea bai taldearentzat eta bai klubarentzat, oso garrantzitsua da».

Datorren denboraldirako planifikazioa osatzeko buruhauste dezente izango dituzte TAKEn, egoera berezi honetan beste kiroletan ere gertatuko den moduan. «Ikusi egin beharko dugu datozen asteetan kiroldegiak irekitzen dituzten, ze baldintzatan, ea multzo txikitan lan egin dezakegun...», esan du Artetxek. «Azkenean jokalariek bi-hiru hilabete daramatzate geldirik, eta martxan jarri behar ditugu. Ez da egoera erraz bat, baina moldatuko gara eta jokalarien gogoarekin eta beti duten inplikazioarekin, errazago izango da».

FITXAKETA «IZUGARRI ONA»

TAKEko zuzendari teknikoa den Alain Rekondok azaldu duenez, Artetxeren fitxaketa «izugarri ona» da klubarentzat: «Prestatutako entrenatzailea da, eta saskibaloiaren inguruko ezagutza asko emango dio taldeari, batez ere Iraurgiko etapan jasotakoa». Jon Azaldegik klubari azaldu zioenean ez zuela entrenatzaile moduan jarraituko, Rekondo Artetxerekin jarri zen harremanetan, eta akordio batera iristea lortu zuten. Izan ere, uneren batean TAKE eta Artetxeren bideak elkartuko zirela garbi zuen Rekondok.

Gizonezkoen lehen taldean kirol aldetik «proiektu ederra» osatzen ari dela esan du zuzendari teknikoak: «Jende gaztea sartzen ari da, eta EBAra igoera lortu zuten belaunaldiko jokalariak uzten ari dira. Beraz, erronka ere hor dago».

Emakumezkoen lehen taldeari dagokionez, ez da talde teknikoan aldaketarik izango. Iñigo Irurtzunek lehen entrenatzaile eta Jon Ander Zabalak bigarren entrenatzaile moduan jarraituko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!