«TAKEren parte sentitzen naiz, eta beti sentituko naiz»

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 10a, 11:59

Beñat Azaldegik ez du jarraituko TAKEko talde nagusiko jokalaria izaten denboraldi honetan, baina ez du klubarekin lotura etengo. Kirola egiteko gogoa triatloiarekin betetzen du orain.

Saskibaloi jokalari izateari utzi dio Beñat Azaldegik (Tolosa, 1994). Hainbat urtetan aritu da TAKE klubaren lehen taldean, eta aurreko urtean ligako jokalari baliotsuena izendatu zuten.

Nola hartu zenuen saskibaloia uzteko erabakia ?

Ez da egun batetik bestera hartutakoa izan. Orain pare bat urte hasi nintzen pentsatzen amaieraren hasiera izan zitekeela. Denboraldi hasieratik erabakita nuen azken urtea izango zela. Denboraldia ezin izan badugu bukatu ere, pentsatuta nuenari eutsi diot.

Justu Jon zure anaiak ere utzi du entrenatzaile kargua denboraldi honetan.

Eta ez da izan batera hartutako erabakia. Bion arrazoiak ezberdinak izan dira. Jon entrenatzailea izan den azken bi urteetan saskibaloia eta lanaren uztarketa nahiko zaila izan du. Nirea ez da lanaren uztarketarengatik izan, nirea desgaste moduko bat izan da, eta beste gauza batzuk egitea ere asko gustatzen zait. Saskibaloiak denbora dezente kentzen du, eta nire erabakia horregatik hartu dut.

Azken urtea berezia izan da, COVID-19a dela eta.

Egia esan martxora arte denboraldia nahiko txukun zihoan, eta gure helburua betetzen ari ginen. Egia da kirolari guztientzat bezala, bat bateko kontu bat izan zela. Bestalde, esan beharra dut ondo ohitu naizela. Esan nahi dut ez zaidala gogorra egin saskibaloirik gabe bizitzea. Eta horrek ere bultzatu nau pauso hori hartzera.

Besteak beste, ez duzu aukera izan kantxan agurtzeko.

Ez dut pentsatzen klubetik erabat urruntzea. Egia da kantxan agur esatea gustatuko litzaidakeela, batez ere Usabalen, zaletuei eskerrak emateko. Baina horrela egokitu da. Nik denboraldi hasieratik pentsatuta nuen azkena izango zela, eta denboraldia behar bezala ez bukatzeak ez du baldintzatu beste urte bat jarraitzea. Horrela gertatu da, baina gauza okerragoak gertatu dira munduan, eta horrela utzi beharko dugu.

Ze lotura izango duzu TAKE klubarekin?

Ez daukat zehaztuta. TAKEko kirol batzordearekin hitz egin beharko nuke. Jokalari bezala ez, aldi baterako behintzat. Baina egongo dira moduak laguntzeko. Ni TAKEren parte sentitzen naiz eta beti sentituko naiz.

Gogoan duzu nola hasi zinen saskibaloian?

Bai, nola ez ba. Oso garrantzitsua izan da saskibaloia guretzako. Seigarren mailan hasi ginen; justu orain lehenengo taldeko entrenatzailea den Goar Artetxerekin eta Juan Mari Lasarekin hasi ginen entrenatzen, infantilak izan aurretik. Oso polita izan zen lehenengo esperientzia hori, eta gero urte luzeetan ere oso esperientzia polita izan da. Seniorra izan aurretik egindako sei urteen oso oroitzapen onak ditut, ez nuke ezerengatik aldatuko. Talde oso polita genuen, lagun talde bat ginen; aldi berean lehiatzea gustatzen zitzaigun, baina oso ondo moldatzen ginen elkarrekin. Hori zoragarria izan zen. TAKEk aukera ematen zuen zaharragoekin jokatzeko, eta horrek bere emozioa gehitzen zion, berez zirraragarria den kirol bati. Gero seniorretako urte batzuk ikaragarri politak izan dira. Asebeteta noa.

Ze bizipen nabarmenduko zenituzke?

Lehen taldera iritsi aurreko taldeak gure belaunaldiarentzat garrantzi handia izan zuen, oso bloke polita genuen, eta oso urte politak izan ziren. Oso gogoan ditut TAKErekin egindako bidaiak: urteko egunik onenak izaten ziren, umetan udako torneoak jokatzeko, eta senior taldearekin ere bidaia bikainak egiten genituen Kataluniara joanez. Ikaragarri gozatzen genuen denboraldi-aurreaz. Horrez gain, lagunez eta bidaiez aparte, kirol mailan lortutakoak ere gogoan ditut: EBA ligara igoera, eta jaitsiera ere bai, garrantzitsua delako horrelako uneak bizitzea ere. Taldean izan naizen 13-14 urte horiek ez nituzke ezerengatik aldatuko.

Iazko denboraldian ligako jokalari baliotsuena izan zinen. Zer suposatzen du horrek?

Ez nion bestelako garrantzirik eman. Polita izan zen intsignia hori jasotzea. Gero zenbaitzuk txantxa egin didate horren kontura. Nik uste dut lanaren fruitu izan zela. Zerbait ona izan badut nire ibilbidean nahiko saiatua izan naizela izan da, nahiko presente egon naizela, eta lan horren fruitu izan zen.

Zer esango zenuke TAKE klubari buruz?

Hitz onak besterik ez ditut. Handituz joan da, baina oraindik betiko herriko talde hori izaten jarraitzen du, eta ez nuke nahi filosofia hori galtzea. Oso eskola ona iruditzen zait, orokorrean erakusten dituen baloreak beste klub batzuekin alderatuz askoz humanoagoak iruditzen zaizkidalako. Argi dago galtzen ikasten dela, tokatzen delako, eta irabazterakoan nahiko apalak izaten erakusten dute.

Kirola, baina, ez duzu guztiz utzi, triatloian hasita baitzeunden.

Nahiko anekdotikoa da, afizio moduan egiten dudana. Aurten ezin izan ditut egin, baina aurreko urtean egin nituen proba batzuk. Oso esperientzia polita izan da, eta beste arlo bateko lagun talde bat topatu dut. Aurten, dena bezala, geldirik dago, baina jarraitzen dugu kirolaz gozatzen.

Bestalde, udan istripu bat izan zenuen bizikletarekin.

Maiatza bukaeran sorbalda atera nuen, gero ebakuntza egin zidaten, eta hori izan zen saskibaloia uztera eraman ninduen azken bultzada, denboraldi bukaeran zalantzekin bainenbilen. Orain berreskuratze lanetan gabiltza, baina osatuko gara. Traumatologoak gomendatu zidan kirola egiten hasteko. Kirola egitea gustatzen zait, behar dut energia gastatzeko, eta orain lasai ari naiz, inongo betebeharrik gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!