Bihar jarriko dira salgai ostalaritza suspertzeko 2.000 bonu-orriak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 4a, 16:01

Bonu bakoitzari 15€ gehituko dizkio udalak, orotara, ostalaritza suspertzeko 30.000 euroko diru-laguntza bideratuz. Izena eman duten ostalaritza establezimenduetan erosi ahal izango da, eta pertsona bakoitzak gehienez 2 bonu-orri erosi ahal izango ditu, baina establezimendu ezberdinetakoak izan beharko dute.

Osasun krisia hasi zen unetik, Suspertu Tolosa planaren baitan, Tolosako Udala harremanetan izan da herriko eragileekin. "Larrialdi honek eragin nabarmena izan du sektore askotan, eta lehen pertsonan horiek ezagutu ondoren, aukerak aztertu eta zenbait neurri eta egitasmo jarri ziren martxan", adierazi du gaur eguerdian Nerea Letamendia Merkataritza, Feriak eta Turismoa alorretako zinegotziak.

Letamendiak, gainera, plan horren barruan orain arte aurrera eramandako proiektuak ekarri nahi izan ditu gogora. "Udaberrian, oso emaitza onak izan zituen merkataritza eta zerbitzuen sektorea laguntzea helburu zuten bonuak. Bestetik, uztailean abiarazi ziren autonomo eta mikroenpresei zuzendutako diru-laguntzak; azkenik, kultura sektorea sustatzeko eta tokiko talde eta artistak babesteko kultur programazio zabala eskaini da udaran".

Bada, orain, bonuen bigarren faseari ekingo zaio. Tolosako jatetxe, kafetegi eta tabernetan kontsumoa sustatzeko. "Kontsumo hori, betiere, arduratsua izango da, eta neurri guztiak errespetatuz egingo da". Bonu hauek bi helburu dituztela nabarmendu du zinegotziak: "ekonomia suspertzea eta establezimenduek likidazio bat izatea".

Bonuen funtzionamendua

Udalak 30.000 euro bideratu ditu bonu kanpaina berrira, eta guztira 19 establezimenduk eman dute izena. Hain zuzen, taberna, jatetxe eta kafetegi horietan erosi ahal izango dira bonuak, larunbatetik aurrera, urriaren 25era arte. Eta horiek abenduaren 7ra arte erabili ahal izango dira.

Guztira, 2.000 bonu-orri jarriko dira salgai. Bonu-orri bakoitzak zazpi bonu izango ditu: bost euroko bosna, eta hamar euroko bina. Bonu-orri bakoitzaren salneurria 30€-koa izango da, eta udalak gehituko dizkion 15 eurorekin, 45€ euroko balioa izango dute.

Pertsona bakoitzak gehienez ere 2 bonu-orri erosi ahal izango ditu, baina establezimendu ezberdinetakoak izan beharko dute. Hortaz, galdetegi bat bete beharko da erosterakoan. Erabiltzaileak kontsumizio bakar batean erabili beharko du bonu bakoitza, ez baita dirurik itzuliko; aldiz, kontsumizio bakoitzeko nahi adina bonu trukatu ahalko dira.

Parte hartuko duten establezimenduak

  • Ikatza
  • Illargi
  • Elurra
  • 66
  • Alondegia
  • Saikin
  • Ieltxu
  • Amaiur
  • Iurre
  • Ama
  • Plan B
  • K2
  • Botarri
  • Jokel
  • Izarra
  • Xare
  • Eguzki
  • Bide Bide
  • 3 taberna

Neurriak errespetatzeko deia

Uda amaitzear den honetan, ostalaritzatik azken hilabeteen inguruan egindako balorazioa "positiboa" izan dela aitortu du. "Ezohiko egoera batean jarraitzen dugu, baina udazkenean ere beharrezkoa da bultzada bat ematea. Komunitate bat izan behar dugu, eta beraz, herritarrei eta ostalaritzako langileei pazientzia izan dezaten eta bizikidetzarako urratsak eman ditzaten eskatzen diet".

Ostalaritza, eta oro har herria suspertzeko, babes neurriak betetzea ezinbestekoa dela gogorarazi du. Horregatik, udalak arduraz jokatzeko dei egin die, bai herritar kontsumitzaileei, baita ostalariei ere. "Udaletik, gainera, euren aktibitatea mantentzeko sektore guztietako langileek egindako ahalegina eta egindako esfortzua eskertu nahi dugu". 

Informazio eta argibide gehiagorako www.suspertutolosa.eus webgunea bisita daiteke. Zalantzak argitzeko, merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 69 74 54 telefonora deitu (10:00etatik 13:00etara) ahal izango da.

Erlazionatuak

"Bi balore garrantzitsu gurutzatzen dira"

Tolosaldeko Ataria 2020 ira 04 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!