"Bi balore garrantzitsu gurutzatzen dira"

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 4a, 11:59

Suspertu Tolosa kanpainarekin bat egin du AMA tabernak, Tolosako beste 20 establezimendurekin batera. Javi Rivero sukaldariak udaren balorazioa eta gaur abiatuko den kanpainaren berri eman du.

Zein da gaur egun ostalarion egoera?

Zentzu handiz ari gara jokatzen. Izan zitekeenerako, uda nahiko ondo joan da. Gutxiago bada ere, jendea kalean badabil, eta ulertzen ditu neurriak. Baina egin dugun lan hori normala baino jende gutxiagoren artean egin behar izan dugu. Eta aurrera begira ziurtasun eza da nagusi. Egoera delikatua da, gehienbat langileei begira. Berriz ere kolokan geratu diren lehendabiziko pertsonak langileak izan dira. Enpresa salbatzeko gai ez bagara, langileak kalera doaz, eta horregatik ezarri dira ERTEak. Kudeaketa mota honekin estu hartuta gaude, eta erabaki gogorrak hartu ditugu.

Tolosako Udalak kanpaina bat jarri du martxan ostalariei laguntzeko. Pozik jaso duzue berria?

Bai, noski. Bi balore garrantzitsu gurutzatzen dira hor. Batetik, herriarentzako, ez bakarrik ostalaritzarentzako, suposatzen duen bultzada ekonomikoa. Izan ere, ostalariek diru laguntza zuzena jaso baino, bezeroak ugaritzea ekarriko du, bezeroari ekonomikoki gutxiago kostako zaiolako kontsumitzea. Gogo hori pizten saiatzeko kanpaina da, eta helburua bezeroen inertzi puntu hori mantendu ahal izatea da gero. Aldi berean, ostalaritza, udaletxea eta herriaren arteko irudi indartsu bat osatzen da. Herri bat gara eta herri bezala funtzionatuko dugula erakusten du horrelako proiektu batek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!