Koronabirusa

Tolosako kasuak kontrolaturik daudela jakinarazi diote udalari

Ataria 2020ko uztailaren 14a

Olatz Peon Tolosako alkatea Osasun Sailarekin harremanetan dago. Lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute udaletik, jasotako informazioaren arabera, ez baitago kutsatze komunitariorako arriskurik. Positibo kasuak fokalizatatuta eta kontrolatuta daudela azaldu diote udalari.

Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi duenaren arabera, atzo, Tolosan 6 COVID-19 kasu baieztatu zituzten. Olatz Peon alkateak Osasun Sailarekin hitz egin du, eta jasotako informazioaren arabera, "igandeko kasuarekin dute lotura 6 positibo horiek, eta kontrolpean daude".

Udalak ondorengo informazioa plazaratu du: "Igandean, Ordiziako fokuarekin lotura zuen positibo kasu bat izan zen Tolosan. Berehala, inguruko kontaktuei frogak egin zizkien, eta 6k positibo eman dute. Oraindik froga gehiago egingo dituzte, ondorioz, positibo gehiago egon daitezke. Hala eta guztiz ere, ez da foku komunitario bat, hau da, Ordizian gertatu zena. Tolosako kasuan ingurune guztia fokalizatuta eta kontrolpean dago, eta aislamenduan egon dira frogak egin aurretik. Horregatik, lasaitasun mezua zabaldu nahiko genuke".  

Musukoa, "une oro" erabiltzeko gomendioa

Joan den ostegunean, Tolosako udal ordezkariak Ordiziako fokuaren jarraipen batzordera gonbidatuak izan ziren. Bileraren ondoren, udalak musukoaren erabilera kalean "derrigorrezkoa" dela gogoratu zuen 1,5m-ko distantzia mantentzea ezinezkoa denean, "baina une oro" erabiltzea gomendatu zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!