Ordiziako fokuaren jarraipen batzordean egon ondoren, "neurriak areagotuko" dituela esan du Tolosako Udalak

Ataria 2020ko uzt. 9a, 15:19

Musukoaren erabilera kalean "derrigorrezkoa" dela esan du udalak 1,5m-ko distantzia mantentzea ezinezkoa denean, "baina une oro erabiltzea gomendatzen da". Zaintza eta kontrol lanak areagotu egingo direla ere gaineratu du udalak, "ezarritako neurriak errespetatu daitezen; edukierak ere kontrolatuko dira eta neurriak betetzen ez badira isunak jarriko dira". 

Gaur goizean Ordiziako agerraldiaren inguruko jarraipen batzordea bildu da, Zumarragako Ospitalean. Osasun Sailak Goierriko udalerriekin batera, Tolosako Udala deitu dute bertara. Azken bi egunetan Tolosan hiru positibo izan dira. Ordiziako fokuaren ondorioz, datu ofizialen arabera, dagoeneko 58 pertsonek eman dute positibo COVID-19arekin.

Bileraren ondoren, Tolosako Udalak jakinarazi duenez "zaintza eta kontrol lanak areagotuko dira kalean zein establezimenduetan herritarrek neurriak errespetatzen dituztela ziurtatzeko". Musukoaren erabilera eta edukierak kontrolatuko dira eta ezarrita dauden neurriak errespetatzen ez badira isunak jarriko direla ere azaldu du udalak.

Musukoaren kasuan, gomendioa ondorengoa da: "1,5m-ko distantzia mantendu ezin denean derrigorrezkoa da musukoa erabiltzea. Dena den, une oro erabiltzeko deia egiten zaie tolosarrei babes neurri modura".

Olatz Peon Tolosako alkatearen esanetan, neurri berriak etor daitezke: "Egoeraren jarraipen estua egingo dugu eta datozen egunetan neurri gehiago hartu behar baditugu, hartuko ditugu, bereziki, gaueko aisialdirari lotuta ordutegia mugatuz, baina mugak ezarri ordez, elkarlanaren bideari heldu nahi diogu, erantzukidetasunari, guztion ardura delako birusaren hedapena mugatu eta neurriak errespetatzea".

Peonen esanetan, birusa hedatu ez dadin arduraz eta zuhurtziaz jokatzen jarraitzea ezinbestekoa da: "Modu arduratsuan eta elkartasunez jokatu behar dugu, jende pilaketak ekidin behar ditugu eta gure burua zein gainerakoak arriskuak jarriko dituzten egoerak ekidin Covid19a ez delako desagertu. Elkar-zaindu behar dugu, pandemia honen aurrean, erantzunkidetasun indibidual zein kolektiboa dugulako; neurriak errespetatzea norberaren esku dago eta orain ezin gara lasaitu birusak gure artean jarraitzen duelako eta bizi izandako une ilunetara itzuli nahi ez badugu babes neurri guzti guztiak jarraitu behar ditugulako, gugatik eta guztiongatik". 

Alkateak Tolosan momentu honetan 3 kasu positibo daudela esan du, "eta horiek etxean egon behar dutela" gaineratu du.

Eskerrak sailburuari

Olatz Peon Tolosako alkateak Nekane Murga Osasun Sailburuari eskerrak eman nahi izan dizkio: "Azaldutako gertutasunagatik eta datuak eta informazioa aurrez-aurre eta gardentasun osoz emateagatik. Ordiziako kasuaren aurrean Osakidetzaren erantzuna oso azkarra izan da, protokoloak zehaztuta daude eta horiei esker oso denbora gutxian froga asko egin dira eta kasu positiboen hedapena mugatu ahal izan da". Tolosako alkatearen esanetan, "erabat kontrolpean daude atzemandako kasu positibo guztiak".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!