"Sistema publiko indartsu bat da bide bakarra"

Ataria 2020ko ekainaren 27a

Kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzeko mobilizazioa egin dute goizean Tolosan, hainbat eragilek deituta. Lehenik, Iurreamendi egoitzan elkartu dira, eta manifestazioa egin dute ondoren Plaza Zaharretik abiatuta.

Zerbitzu publikoak, pentsio duinak, eta elikadura eta etxebizitza eskubidea aldarrikatu dituzte goizean egindako mobilizazioan. Pertsonen beharrak aseko dituen sistema bat eskatu dute, publikoa izango dena, zaintza erdigunean jarriko duena, ospitale publikoa izango duena, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izango dena eta murrizketarik izango ez duena. Ozen oihukatu dute: "Publikoa da bide bakarra".

Iurreamendi egoitzan hasi dute mobilizazioa, 11:00etan. Herritar mordoa gerturatu da bertako egoiliar, langile eta senideei elkartasuna adieraztera. Minutu bateko isilunea egin dute lehenik, eta manifestu bat irakurri eta agurra dantzatu ostean, eraikinari buelta bat eman diote kalejiran, egoitzako leiho eta balkoietan zeuden egoiliar eta langileen txalo zaparrada artean. Amaitzeko, arin-arin eta fandangoa dantzatu dituzte atarian, eta txalo artean agurtu dituzte bertakoak. Ondoren, 12:00etan egin dute manifestazio nagusia Plaza Zaharretik abiatuta. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!