Zerbitzu publikoen defentsan, guztiak eskutik

Ataria 2020ko eka. 23a, 12:00

Larunbateko mobilizazioan parte hartzeko deialdia egin dute hainbat eragilek: zerbitzu publikoak, pentsio duinak, eta elikadura eta etxebizitza eskubidea aldarrikatu nahi dituzte. 11:00etan Iurreamendi egoitzan elkartasuna adierazteko mobilizazioa egingo dute, eta 12:00etan izango da manifestazio nagusia Plaza Zaharretik abiatuta.

"Inoiz baino beharrezkoagoa da kalitatezko zerbitzu publikoak exijitu eta hori lortzeko elkarrekin borrokatu eta lan egitea", zioten Nekane Berriotxoa eta Mila Canseco Oneka mugimenduko kideek, atzo arratsaldean Tolosan egindako agerraldian. Ekainaren 27rako, larunbaterako, manifestazioa antolatu dute hainbat eragilek. Tartean daude Pentsionisten Plataforma, Oneka, ELA, LAB, TOPA, Tolosaldeko Asanblada Feminista, Ernai eta Zutani.

Pertsonen beharrak asetuko dituen sistema bat eskatu dute, publikoa izango dena. 11:00etan Iurreamendi egoitzaren aurrean elkartuko dira bertako langile eta egoiliarrei elkartasuna adierazteko. Aurrez, 10:30ean, autoz joan nahi dutenak elkartzeko Santa Maria plazan elkartuko dira. Behin egoitzan bertan, minutu bateko isilunean egingo dute, manifestu bat irakurri eta dantza bat egin ostean, eraikinari buelta bat emango diote kalejiran, musika lagun dutela. Ondoren, 12:00etan egingo dute manifestazio nagusia plaza zaharretik abiatuta.

Pandemiaren eraginez sortu den krisialdira jendarte bezala "oso ahul" iritsi direla diote: "Zerbitzuak pribatizatuta, murrizketak nonahi eta prekarietatea etxe guztietara zabalduta". Zaintzak zein beharrezkoak diren konturatu direla azaldu dute, nola ordaindutakoak, hala dohainik egiten direnak. "Pertsona guztien oinarrizko beharrak asetuta egon daitezen ezinbestekoak dira giza baliabide zein material gehiago". Eta Iurreamendi egoitza izan dute gogoan, eta bere bueltan erakundeek izan duten "arduragabekeriak" utzi dituen "ondorio lazgarriak". Zaintza lanen aitortza politikoa egiteko garaia dela aldarrikatu dute. 

Eskualdean osasun zerbitzu publiko baten beharra dagoela ere azpimarratu nahi izan dute. Gogorarazi dute ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra dela Tolosaldea, eta "zerbitzu pribatu-kontzertatuaren mesedetan" espezialitateen anbulatorioa "desegin" dutela. Kudeaketa ereduak berrikusteko eskatu dute, publifikatuz, eta langile guztien subrogazioa eta horiek finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. "Ez du balio erakunde publikoen izenpean zerbitzu guztiak azpikontratatzea; ez dugu horrelako eredu sasi-publikorik nahi". Guztientzat izango den osasun publikoa beharrezkoa dela diote, baita elkar zaintza bermatuko duen sistema publiko bat ere, eta herritar guztiek elikadura zein etxebizitza eskubidea ziurtatuta izango duten jendartearen beharra dagoela adierazi dute, prekarietatetik urrun eta pentsio duina bermatuta. "Balkoietako txaloetatik kaleko borrokara igarotzeko garaia da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!