Pasa den ostiralean eman zuen jakitera udalak, erabaki ofiziala, Tolosako udaletxeko pleno aretoan egin zen prentsaurrekoan. «Apirilean hasi ginen San Joan jaietan parte hartzen duten herriko eragileekin biltzen, aukera desberdinak landu eta zer egin adosteko. Azken hilabeteetan, egoera eta baita baldintzak ere asko aldatu dira eta uneoro, planteamendu desberdinak eskuartean izanik lan egin da», adierazi zuen Olatz Peon alkateak.
Hasieratik guztiek argi zuten San Joan jaiak urtero ospatzen diren moduan egitea ezinezkoa izango zela aurten, jende pilaketak ekiditea funtsezkoa delako. «Larrialdi egoera honek jaiak normaltasunez gauzatzea galaraziko du, oraindik ere ardura osoz jokatzea beharrezkoa delako. Hala ere, herritarrei keinu txiki bat egitea ere garrantzitsua, oinarrizkoa eta ezinbestekoa iruditu zaigu; herria, distantziatik bada ere, elkartuta mantentzea. Jakitun gara sanjoanak oso bereziak eta sentituak direla tolosar askorentzat», gaineratu zuen alkateak.
Olatz Peon: «Ezinezkoa da kuadrillen topaketak ekiditea, baina ez dugu herri batzuetan ikusitako egoera bera bizi nahi»
Jaiak bertan bertan behera geratuko badira ere, San Joan bezperan sua piztuko da, Udal Txistulari bandak zortzikoa jo ondoren, «errituen sokan, suak, gaitzak eta larriak eraman ditzan», azaldu zuen Peonek. Saioa, gainera, streaming bidez eskainiko da. «Zerbait laburra izango da, sinbolikoa, eta plaza publikoari itxita egongo da». Horrez gain, hilaren 23an eta 24an elizkizunak mantenduko dira. «San Joan santua ez da plazara aterako, eta eliza barruan egingo du bere ibilbidea».
Kezka, biharko kuadrillen bazkariengatik
San Joan garaiko egunetan erantzukizunez eta zuhurtziaz jokatzeko mezua zabaldu nahi izan zuen alkateak. «Une zailak izan dira guztiontzat. Orain, inoiz baino gehiago sentitu dugu zenbaterainokoa den komunitatearen garrantzia. Herritarren segurtasuna bermatzeko, arduraz jokatzen jarraitzea ezinbestekoa da. Ziurgabetasunez betetako garai bat kudeatzea egokitu zaigu, eta beraz, zaila da».
San Joan festen barruan, ekitaldi jendetsuenetarikoa izaten da Kuadrillen Eguna. Aurten, ekainaren 20an zen ospatzekoa, baina bertan behera geratu da. Hala ere, herriko nahiz inguruko taberna, jatetxe eta sagardotegi askotan agortu dira egun horretarako bazkarietarako erreserbak. «Egoera horrek asko kezkatzen gaitu», adierazi zuen Peonek. «Ezinezkoa da kuadrillen topaketak ekiditea. Hala ere, sor daitekeen festarako gogo eta grinak, beste herri batzuetan ikusi ditugun egoerak bizitzera eraman gaitzake, eta ez dugu horrelakorik nahi».
Segurtasun neurri bereziak hartuko dira, batez ere, plazak zainduz. «Herritarrak ohartarazteaz gain, errespetuz jokatzea eskatu besterik ezin dugu egin. Isunak egon daitezke, baina horrek ez du ekiditen berez sor daitekeen egoera berezi hori. Erantzukizuna erakundeena da, noski, baina herriarekin partekatua izan behar da», nabarmendu zuen alkateak. «Izan arduratsuak, errespetatu eta zaindu ingurukoak, zuengatik eta guztiongatik», gaineratu zuen Izarne Iglesias Kultura eta Festa zinegotziak.
Festak bertan behera geratu direnez, ostalariek ez dute ordutegi ezberdin bat izango, hau da, ez dute tabernak ordu gehiagoz irekitzeko aukera izango; ohiko ordutegia mantenduko dute. Gainera, egun horretarako terrazen eremua handitzeko egindako eskaerei ezezkoa eman zaie. «Tamalez ezin ditugu jaiak ospatu, eta beraz, ezin gara elkartu pandemia honen aurretik elkartzen ginen bezala».
Eskerrak, eragileei
Festen parte izan ohi diren eragileek mezu bat helarazi nahi izan zuten, aurtengo egoera berezi honen aurrean: «Arduraz jokatzea egokitzen zaigu. Horregatik, eta gure herrian kutsatu gehiago nahi ez dugulako, aurtengo festetan ezingo dugu ohiko moduan parte hartu. Zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia egin nahi diogu Tolosako herriari ere».
«Horrelako erabakiak hartzea ez da batere erraza izaten», adierazi zuen alkateak. «Guztiek jokatu dute erantzukizun handiarekin, eta hori eskertu nahi diegu. Egoerak mahai gainean jarri behar dira, eta Tolosan argi geratu da ardura handia dagoela, eragileek egiten dituztelako San Joan festak».
Hirugarren adinekoen festarik ez
Azkenik, adineko herritarren Iturriza, Harizpe eta Beti Gazteak elkarteek, hirugarren adinekoen festa egunik ez egitea erabaki dute. «Arrisku-taldeko herritarrak gara, beraz, oso arriskutsua izan daiteke gu elkartzeko festa bat egitea. Birusa edozein tokitan dago, eta beraz, ezin dugu ezertarako ere erlaxatu», azaldu zuen Juan Bautista Matek.