Aurtengo San Joan jaiak orain arte bezalakoak izango ez zirela jakitean, zein izan zen udalaren lehen erreakzioa?
Zuhurtziaz jokatu dugu hasieratik, eta tolosarren segurtasuna eta ongizatea bermatzea izan dira gure lehentasun nagusienak. Hori dela eta, jakitun ginen festak beti bezala ospatzea ezinezkoa izango zela. Urtetik urtera geroz eta herritar gehiagok hartu dute parte jai hauetan; beraz, zentzuzkoena iruditzen zaigu bertan behera uztea. Pena handia sentitu badugu ere, COVID-19ren hedapena ekiditea da gure lehentasuna, eta horretarako, bai edo bai saihestu behar ditugu jende pilaketak.
Hala ere, festan parte hartzen duten eragileekin, alternatibak bilatzen aritu zarete azken hilabeteetan. Zer moduz joan dira beraiekin izandako bilerak?
Oraindik itxialdi egoeran geunden lanean hasi ginenean. Guztiok argi genuen hasieratik festak ez zirela bere horretan ospatuko, baina aukera eta proposamen guztiak mahai gainean jarrita egin dugu lan denbora guzti honetan. Izan ere, egoera bera, neurriak nahiz irizpideak aldatuz joan dira aurrera egin ahala, aste batetik bestera. Itxialditik ateratzeko faseetan, horiek kontuan izanda landu ditugu aipatutako alternatibak, prebentzio eta segurtasun neurriak lehenetsiz. Bilerak oso ondo joan dira, eta arduratsu jokatu dute eragile guztiek, erabateko zuhurtziaz.
Zein inpresio jaso duzue eragileen aldetik?
Erraztasunak eman dizkigute, eta elkarlanean aritu gara hasieratik. Prozesua oso aldakorra izan da, baina aldi berean, aberasgarria ere bai. Noranzko berean egin dugu lan, eta eskertzekoa da guztiek izan duten jarrera.
Eragile batzuek ustez, udalak ez du hartu beharreko neurrien inguruko proposamen zehatzik egin, eta horregatik ez dute ekintzetan parte hartu ala ez erabakitzeko ahalmenik izan. Zein iritzi duzu?
Hasieratik jarri genituen proposamen desberdinak mahai gainean. Duela bi hilabete ezinezkoa zen orain zein egoeratan egongo ginen jakitea. Dena den, ekintza sinbolikoak mantentzeko zer egin genezakeen lantzen aritu gara. Nahitaez, zenbait ekintza bertan behera eramatera bultzatzen gintuen egoerak, hala nola, kuadrillen eguna, prozesioa, eskopetarien alardea, musika bandaren diana... Hori argi izan dugu hasieratik. Talde guztiekin landu dira proposamenak, eta aukerak ere jarri zaizkie mahai gainean, beraiek egin ohi dituzten ekintzak elkarren artean segurtasun neurriak betez eta distantziak mantenduz egin ahal izateko. Aldi berean, baina, horrek jende pilaketak sor zitzakeela ikusita, ekintzak bertan behera uzteko erabakia hartu genuen.
Diozuenagatik, bertan behera geratu dira festak baina bada egitarau bat.
Ofizialki, San Joan festak ez dira ospatuko, eta ez dago horietarako egitarau ofizialik. Sua piztuko da soilik. Elizkizunak mantendu dira, baina hori elizaren erabakia izan da. Bestelako jarduera guztiak bertan behera geratu dira.
Hala ere, kontzertuak antolatu dituzue...
Bai, baina berezko San Joan festetatik kanpo. Tolosa suspertu eta biziberritzeko Suspertu Tolosa planean jasotako hainbat laguntza lerro eta ekintzen artean, kale dinamizaziorako programa garatzeko asmoa txertatu genuen. Herriko hainbat kultur eragile eta taldeekin elkarlanean joan gara egitaraua osatzen, haien parte hartzea lehenetsita. Udara berezia izango denez, herritarrei kulturaz gozatzeko aukera eskaini nahi diegu, kulturaren eskutik, herriak berezkoa duen bizia berreskuratzeko. Ekainean emango diogu hasiera eta abuztura bitarte iraungo du, adin guztietako herritarrentzako saioak izango direlarik.
Suan, esaterako, ez da publikorik izango, eta beste ekintzetan mugatua izango da edukiera. Bertso saiorako, baina, ez dago sarrerarik salgai. Ez al duzue jende pilaketak izango direnaren beldurrik?
Ez. Kasu horretan ere, edukiera mugatua da. Gehienez 400 lagunek gozatu ahal izango dute bertso jaialdiaz. Hori bai, zezen plazara sartzeko ilara egin beharko da, beharrezkoa den distantzia mantenduz; sarreran kontrolatuko da sartzen den jende kopurua. Nahitaezkoa izango da maskara eramatea eta sartu nahiz irten aurretik eskuak garbitzea; behin barruan, zehaztutako eserlekuetan soilik eseri ahalko da. Neurri horiek zezen plazan egingo diren ekitaldi guztietan bete beharko dira. Sor daitezkeen jende pilaketak saihestu ahal izateko, segurtasun langileak egongo dira, bai barruan baita kanpoan ere.
Egitarau hauek kontrastatuak izan al dira udaleko zinegotzi guztien artean?
Bai. Kultur teknikaria eta biok aritu gara eragileekin biltzen, San Joan jaien harira egindako bileretan. Aldi berean, eragileekin egindako bileren berri emateko, alderdi guztietako zinegotziekin egin ditugu bilerak. Beraz, prozesu osoan zehar zinegotzi guztiekin partekatu dugu egitaraua, baita mahai gainean jarri diren proposamen eta alternatiba guztiak ere.
Zenbatekoa izan da guzti honek suposatu duten aurrekontua? Inoiz pentsatu al duzue diru kantitate hori San Joan garaiko ekintzetarako ordez, behar handiena duten herritarrei ematea?
Guztira, 36.000 euro bideratu ditugu San Joan jaien garaiko ekintza sinbolikoetara eta bereziki udararako prestatzen ari garen kultur eskaintzaren lehen ekintza horietara. Beste urteetan baino 130.000 euro gutxiago izan dira, diru kantitate hori COVID-19ren pandemiak eragindako behar berrietara bideratu delako. Edonola ere, 1,3 milioi euro baino gehiago bideratu da Suspertu Tolosa planera.