Ez da prozesu erraza izan. Bai luzea, ordea. Azken bi hilabeteetan, bilera telematikoetan murgilduta aritu dira Tolosako Udaleko nahiz San Joan festetan parte hartzen duten eragile batzuetako ordezkariak. Guztiek ere, helburu bakarra zuten: erabakia, bata edo bestea izan, guztien adostasunarekin hartutakoa izatea. Hain justu, horrela izan zela aitortu zuen udalak, pasa den ostiralean pleno aretoan egindako prentsaurrekoan. «Bertan behera geratu dira San Joan festak, guztien adostasunarekin», esan zuen Olatz Peon alkateak. Baieztapen horrek, baina, baditu bere korapiloak.
Urteen poderioz, geroz eta nabarmenagoa da Tolosako sanjoanak festa herrikoiak direla. Tolosako Musika Banda, Udal Txistulari Banda, Udaberri Dantza Taldea, eskopetarien konpainiak, elkarte gastronomikoak, Txosna Batzordea, adinekoen elkarteak, Hodeiertz abesbatza, Kuadrillen Eguneko antolatzaileak, Santa Maria musika kapera, kirol klubak… era guztietako dozenaka eragile eta taldek hartzen dute parte jai horietan. Aurten, ordea, ezinezkoa izango zaie horien parte izatea. Izan ere, ez dira adostasun batera iritsi udal teknikari nahiz ordezkari politikoekin.
Xabier Cañas kultur teknikaria eta Izarne Iglesias Kultura eta Festa zinegotzia izan dira eragileekin bildu izan direnak. Erabaki teknikoak hartzen dituena bata, ezer antolatu baino lehen kudeaketa lanetan aritzen dena; bestea, berriz, erabaki politikoak hartzen dituen langilea. Erraza litzake hasieratik festak bertan behera uztearen alde egitea, baina kasu batzuetan, interes desberdinak izaten dira, eta gerta daiteke hor ere talkak izatea.
Iritzi asko, erantzun gutxi
Urte luzez, San Joan festetan parte hartzaile garrantzitsuak izan dira Amaia Arostegi Tolosako Musika Bandako zuzendaritzako kidea nahiz Amaia Mancisidor Tolosako eskopetari konpainien ordezkaria. Azken urteetan, baina, belaunaldi berriak izan dira festara gehitu diren parte hartzaile berriak, eta horren adibide dira, Xabier Artola Udaberri Dantza Taldeko koordinatzailea eta Egoitz Garmendia Txosna Batzordeko kidea. Hain zuzen, beraiek izan dira, apirilaz geroztik, udalarekin harremanetan izan direnak, egun hauetarako zer egin zitekeen eta zer ez hitz egin eta adosteko.
Lehen bileretan, eragileei entzuteko prest azaldu ziren udal ordezkariak. «Oraindik itxialdian geunden», gogoratzen du Mancisidorrek. «Orduan posible ikusten genuen zerbait sinbolikoa egitea». Esate baterako, ekainaren 24ko une puntual batzuetan, San Joan zortzikoaren doinuak herrian zehar entzutea izan zen egindako proposamenetako bat. Hala ere, erabaki baten zain zeuden. Ezer esaten ez zietenez, pentsatu zuten ezer ez zela ospatuko. «Luzatzen ari zen kontua eta beldurra ere bagenuen».
Taldeen izenean izan dira bileretan, hortaz, taldean hartutako erabakien berri ere eman behar dute. Horiek, ordea, ez ziren beti aho batez onartuak izaten, talde guztietan izaten baitira iritzi kontrajarriak. «Ez da soilik zuk bertako ordezkari modura pentsatzen duzuna, gainerako kideek taldearentzat onena zer den pentsatzen dutena ere kontuan hartu behar baita», dio Mancisidorrek. Gainera, entzuteko bai, baina erabakiak hartzerako orduan, udal ordezkariei iniziatiba eta prestutasun handiagoa falta izan zaiela nabarmentzen dute eragileek. Arrazoi guzti horiengatik, ez da erraza izan adostasunetara iristea.
Bileretan, ahotsak faltan
Bilera horietan, baina, ez dira herriko festetan parte hartu ohi duten eragile guztiak izan, batzuek ez baitute gonbidapenik jaso. Hori da Txosna Batzordearen kasua. Beraiek arduratzen dira festetan txosnagunea jartzeaz, eta bertan egiten diren ekintzak antolatzeaz. Horretarako, ordea, udalaren baimena behar izaten dute. Apirilean, mezu bat bidali zuten udaletxera, aurten zein asmo zuten galdetuz. Geroztik, ordea, erantzun bakarra jaso dutela dio Garmendiak. «Teknikari baten bidez jaso genuen jaiak ospatuko ez zirenaren albistea. Orduz geroztik, ez zaigu informazio gehiago iritsi. Udalera deika aritu gara, baina ezer ez».
Egoitz Garmendia: «Ez da bidezkoa festa herrikoiak direla. eta eragile guztien artean antolatzen direla esan, eta gero batzuekin ez kontatzea»
Txosna Batzordeko kideek, oro har, argi ikusi dute beraien hasierako iritzi edo ikuspuntua ez dela kontuan hartu. «Ez da kasualitatea, eragile guztiekin duten harremana ez baita berdina, arrazoi desberdinengatik. Ez gaitu harritzen, baina aldi berean, esanguratsua da eragile guztiekin harremanetan jartzea, gurekin izan ezik. Txosnak ere festen parte izan dira beti. Beste kontu bat da zerbait ospatuz gero, guk parte hartu ahal izango genukeen ala ez. Baina festa herrikoiak direla, eta eragile guztien artean antolatzen direla esan, eta gero batzuekin ez kontatzea ere ez zait bidezkoa iruditzen».
Gainerako ordezkariek ez zuten Txosna Batzordeko kideei gertatutakoaren berri. Hala ere, bat egiten dute festaren parte diren guztiei ahotsa ematearen ideiarekin. «Gutxienez, lehen bileran, ezinbestekoa da eragile guztiak egotea», azpimarratzen du Artolak.
Kulturalki bai, etikoki ez
Bileren prozesua hasieratik bizitzea egokitu zaio Artolari. San Joan egunean egiten den Bordon Dantza Udaberri Dantza Taldeak antolatzen ez duen arren, taldeko kideak dira bertan parte hartzen dutenak. Hasieran, zerbait sinbolikoa egitea proposatu zitzaien, eta prest zeuden. Gerora, neurriak betez, emanaldi bat eskaintzea posible zela ikusi zuten. «Hala ere, ikuspegi etikotik, eztabaida handia izan da. Alarma egoera amaitu eta berehala, zerbait egitea hain beharrezkoa ote den ala ez pentsatu izan dugu».
Xabier Artola: «Udal ordezkari batzuek ez dituzte sanjoanak barnebiltzen dituzten tradizioa eta ondarea behar bezala ezagutzen»
Dantza taldearen ikuspegitik harago, Artolak bere inpresio pertsonalak ere izan zituen bileretan. «Ikusi dudanagatik, udal ordezkari batzuek ez dituzte sanjoanak barnebiltzen dituzten tradizioa eta ondarea behar bezala ezagutzen. Meza nagusian, prozesioan dantzatu ohi dugun San Joan zortzikoa bera eliza barruan dantzatzeko proposamena jaso genuen, lehenago inoiz egin gabeko ekintza bat. Guk behin eta berriz adierazi genuen, historikoki eta kulturalki, arratsaldean egiten den Bordon Dantzak duela garrantzia, eta hori egitea proposatzen genuen, bestela, ohituraren aurka joango ginatekeelako. San Joan eguneko ekintzak meza nagusiaren bueltan antolatu nahia ez zitzaigun egokia iruditzen».
Desinformazio nabaria
Eragileek bileretan izandako beste sentsazioetako bat, informazio falta edota ideien nahasketa izan da. «Alde askotatik informazio desberdina jasotzen genuen. Batzuei gauza bat esaten ziguten, besteei ez zitzaien horren berri ematen eta abar», diote. Oro har, informatzerako orduan, udalak izandako kudeaketarekin eta erantzukizun faltarekin egiten dute bat eragileek. «Gauza gehiagoren berri duzu orain. Batzuei hau esaten dietela edota beste batzuei ez dietela bileratara gonbidatzen», aitortzen du Mancisidorrek.
Tolosako Musika Bandak, adibidez, lehen proposamenari eman zion ezezkoa, sua piztuta zegoen bitartean, oholtzan jotzeari, distantziak betetzea ezinezkoa zelako. «Horrez gain, ekainaren 24ko dianan jotzeko aukera ere baztertu egin genuen, distantziak mantendu arren, musikarientzat ez delako komenigarria mugimenduan jotzea», dio Arostegik. Berak, ordea, argi utzi nahi du ideia bat: «Horrek ez du esan nahi jo nahi ez genuenik. Beste moduren bat ote zegoen ikusi nahi genuen».
Ekainaren 1eko bileraren aurretik, dei bat jaso zuen Artolak, udaletik. «Bertan esan zidaten eskopetariek eta musika bandak ez zutela parte hartuko. Nik, ordea, ez nekien erabakia eragileek edo udalak berak hartu ote zuten, ezta zein arrazoiengatik hartu zuten ere. Horren aurreko bileran, airean geratu zen dena, eta hurrengoan erabakiak jada hartuta zeuden». Bileran bertan eman zen jakitera eragileek ez zutela parte hartuko. «Guregan, azkenean, ez du eragin handirik izan», dio Mancisidorrek.
Udalak proposamen edo aukera berriren bat eskaintzea itxaroten ari ziren bandan. «Egingarria balitz, bandako kide guztiei galdetuko genieke ea zein zen euren iritzia, baina ez genuen inongo informaziorik jaso. Faltan bota dugu hasierako proposamenetatik aukera berriak sortzea. Ondorioz, udalak hartutako erabakia izan da».
Buruari bueltak emateraino
Udalak edota eragileek hartutako erabakia izan, askorentzat atsekabea eta tristura eragingo zuen San Joan festak bertan behera uzteak. Hala ere, eragileen iritziz, «datozen egunetan ezer egingo ez balitz ere, herritar guztiek ontzat emango zuten erabakia». Aitortzen dute buelta ugari eman dizkiotela gai honi, eta buruhauste asko izan dituztela. «Izan dira momentu txarrak tartean. Ondorioz, pertsonalki pena handia sentitzen dut», dio Arostegik.
«Guztiok nahastuta gaude, eta ez da erraza egoera bera ere kudeatzea. Iritzi desberdinak jasotzen dituzu aldi berean, barne-eztabaida bat sortzen zaizu, eta nahikoa duzu horrekin, ondokoari zer pentsatzen duen galdetu beharrik gabe», azaltzen du bandako ordezkariak. Artolak ere, antzeko sentsazioak ditu. «Sentsazioak ez dira batere gozoak. Ados nago ezer ez egitearekin, baina gero kontzertuak egongo direla ikusten duzu, eta orduan zure erabakia birpentsatzen jartzen zara, ea egokia izan den ala ez».