Txabi Etxebarrietari giza eskubideak urratu zitzaizkiola aitor dezaten tramiteak abiatu ditu sendiak

Ataria 2020ko maiatzaren 9a

Tolosako Bentaundin hil zuten 1968ko ekainaren 7an eta familiak uste du "menderatu eta armagabetu ondoren, exekutatu zutela". Gainera, jakinarazi dutenez, kasuaren inguruko egia argitzen lagundu dezakeen dokumentazioa lortu dute berriki.

Egiari Zor fundazioak ohar baten bitartez eman du ezagutzera izapideak abiatu dituela ETAko militante izandakoaren familiak. "Eskaera honen helburua da aitortzea Txabi Etxebarrietak giza eskubideen urraketa jasan zuela, eta biktima gisa aitortua izan dadila, betiere Balorazio Batzordea osatzen duten adituek hala irizten badiote".

Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematen die Eusko Legebiltzarraren uztailaren 28ko 12/2016 Legeak. Familiak tramiteei ekin die orain "1968an jasan zuen giza eskubideen urraketa aitortua izan dadin". Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren udal erretratuak txostenean jadanik “nahikoa argitu gabeko kasu” moduan dago jasota Etxebarrietarena.

Familiak aktiboki parte hartzen du Egiari Zor fundazioaren dinamikan, estatuen indarkeria jasan duten biktimen eskubideen defentsan lan eginez. Fundazioaren bidez jakinarazi du, halaber, orain arte ezezaguna zen dokumentazio ofiziala eskuratu ahal izan duela, "kasua argitzen lagundu dezakeena".

Duela bi urte 1968-2018 Begirada bat askatasunera dinamika abiatu zuen Etxebarrieta Memoria Elkarteak, eta besteak beste, Tolosan ekitaldia antolatu zuen 2018ko ekainaren 2an.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!