1968ko ekainaren 7an, arratsaldeko lehen orduan Seat 850 coupé auto batean zihoazen Txabi Etxebarrieta eta Iñaki Sarasketa. N-1 errepidea Villabona parean moztuta zegoen, trenbide azpiko zorua konpontzen ari zirelako eta Adunako zubitik desbideratu zituzten bi etakideak. Gaur egungo Ibaiondo industria gunearen parean, motozikleta banatan zebiltzan bi guardia zibilek altoa eman eta geldiarazi egin zituzten. Mario Onaindiak lapurtutakoa zen autoa eta matrikula aldatua zuen. Jose Pardines guardia zibila, autoaren atzealdean makurtuta, bastidoreko zenbakia matrikularekin bat ez zetorrela ohartzerakoan, autotik atera eta Etxebarrietak tiro egin zion bizkarretik.
Une hartako lekuko gutxi dago. Pardinesekin batera zihoan guardia zibila, Felix de Diego Martinez, ETAk hil zuen 11 urte geroago Irunen. Fermin Garces kamioizaleak ere kontatu izan du une hartan gertatutakoa: «Etakideen atzetik nindoan eta leherketa bat entzun nuen. Motorrak eztanda egin zuelakoan kamioitik jaitsi eta Pardinesi tiro egin ziotela konturatu nintzen». Etxebarrieta eta Sarasketari aurre egin ziela kontatu izan du Garcesek eta hurrengo egunean erabaki zuela guardia zibil sartzea. 86 urte ditu egun eta «heroi» bezala hartzen dute Espainian; Guardia Zibilaren merituaren domina ere emana diote.
30 urte beranduago ETBrentzat Koldo San Sebastianek osatutako dokumental sortarentzat hitz egin zuen Iñaki Sarasketak: «Txabiren erabakia izan zen, ni ez nengoen ados. Uste nuen aski genuela guardia zibilari pistola kendu, motorrari tiro eman eta ospa egitearekin. Nik uste, Txabi pittin bat urduri jarri zela, galdutzat bezala eman zuela bere burua eta orduan erabaki gogorrena hartu zuen».
Sarasketak eta Etxebarrietak ihes egin zuten. Zenbait orduz Eduardo Osaren etxean ezkutatu ziren, baina gordelekua aski segurua ez zela pentsatuta, handik ateratzea erabaki zuten. Gertuko herri batera joateko asmoa zuten bi militanteek baina Tolosako irteeran, Bentaundin, oldartu egin zitzaien Guardia Zibila.
Adunan gertatutakoaz lekuko gutxi baldin badaude, are gutxiago Tolosan gertatutakoaz. Sarasketak kontatu izan zuen berak ikusitakoa: «Autotik jaitsarazi gintuzten. Oso urduri zeuden. Txabik jaka kremaileraduna zeraman eta guardia zibilak ireki eta pistola ikusi zionean, orro gisako zerbait egin eta gerritik heldu zion Txabiri. Ihesean korrika hasi baino lehen, istante batean Txabi lurrean ikusi nuen, eta guardia zibil bat bere gainean. Gero esan zidaten buruan kolpatu ziotela eta bularrean tiro egin ziotela». Sarasketak alde egitea lortu zuen. Auto bat gelditu zuen, Errezilera eramanarazi eta gaua hango elizan eman ondoren, biharamunean atxilotu zuten.
Hasiera eta bukaera
1968ko ekainaren 7ko gertakariak baino hamar urte lehenago sortua zen ETA. 1966ko abenduaren 7an Gaztelun ospatu zuen erakundeak V. Biltzarraren lehen zatia eta 1967ko martxoan, Getarian, bigarrena. Txabi Etxebarrietak zuzendu zuen biltzarra eta orduan eman zitzaion hasiera ETAren ziklo armatuari. Askapen nazional eta soziala oinarri bezala hartuta, estrategia zehaztu zuten, ekintza-errepresioa-ekintza espirala aktibatuz. Biltzarraren ostean izendatu zuten Etxebarrieta Biltzar Ttipi edo batzorde exekutiboko kide.
Errepresio giro horren lekuko izan zen bilbotarra, 1967ko azaroaren 7an guardia zibil batzuk tiro egiten baitzioten Derion. Orduko hartan onik ateratzea lortu bazuen ere, hurrengo urteko ekainean tirokatuta hil zuten Tolosan. Handik bi hilabete exkaxera, 1968ko abuztuaren 2an, Brigada Politiko-sozialaren —Francoren polizia politikoaren— Donostiako burua, Meliton Manzanas hil zuen ETAk Irungo bere etxean. Aldez aurretik antolatu zuen lehen ekintza izan zen hura eta historialari askoren ustetan, Etxebarrietaren heriotzak «azkartu» egin zuen Manzanas hiltzeko erakundeak hartutako erabakia.
Berriki amaitu den ziklo baten hasiera izan zen, Euskal Herria eta Espainiako nahiz Frantziako estatuen arteko gatazka politikoak bizi izan duen enfrentamendu armatuaren fasearen hasiera, ehunka hildako, milaka torturatu, preso eta erbesteratu utzi dituena. Genevan eman zuen ETAk bere ibilbidearen amaierari buruzko erabakiaren berri, maiatza hasieran Henri Dunant zentroari adierazpena helarazita. Erakundeak bere egitura guztiak erabat desegin ditu, eta ez da aurrerantzean eragile politiko izango.
Hil zuen lehena, hil zuten lehena
1968ko ekainaren 7 hartan, Donostiatik Beasainera zetorren Txabi Etxebarrieta, eta Eibartik zihoan haren enkontrura Jokin Gorosditi tolosarra. V. Biltzarraren aurretik ezagutu zuten elkar eta biak ziren, une horretan, ETAko liberatuak. Etxebarrieta hil eta hamaika urtera, Bentaundin, hitz egin zuen Gorostidik Etxebarrietaran omenezko ekitaldian: «Gudari guztiak, nola atzokoak, hala gaurkoak, enbor bakarraren hainbat une historikotako sustraiak dira, Euskal Herriarenak. Txabi izan zen ETAko lehendabiziko hildakoa. 32 urte lehenago, Tolosako seme bat, Mikel Alberdi erail zuten balek Bidanian, Txabi erori zen lekutik oso hurbil, eta gure adinekoek diotenez, Alberdi izan zen 1936ko gerran Euskadirengatik erori zen lehendabizikoa».
Jarraikortasun horren iruditeria ere behin baino gehiagotan aipatu izan dute. Hil zutenean Etxebarrietari Astra pistola bat aurkitu zioten, Gernikan egina. Nondik nora jakiterik ez badago ere, pistola hori FLN aljeriarraren sostengu talde baten eskuetara iritsi zen eta, Aljeriako askapen gerran berea utzi eta gero, Parisen barrena, euskal eskuetara itzuli zen. 36ko Gerrako gudarien ofizial batena izandakoa zen pistola hori historialari askok baieztatu dutenez. Gaizka Fernandez Soldevilla historialariak eta Florencio Dominguez Iribarren kazetariak koordinatutako Pardines. Cuando ETA empezó a matar (Tecnos, 2018) liburuan gezurtatu berri dute hori. Etxebarrietari atzemandako pistola «alegiazko ametsa, asmatutako kontakizuna» dela dio liburuko kapitulu batean Jesus Casquete EHUko irakasleak. Gernikako Unceta y Compañia arma fabrikatik atera zen Astra 600-43, 9 milimetro Parabellum pistola, baina irakaslearen ustetan, ez zen inoiz 36ko gerran ibili. «Lau urte geroago, 1943an, hasi ziren arma fabrikatzen, eta gainera, nazien aginduz».
Behin enfrentamendu armatuaren zikloa amaituta, errelatoen eta iruditerien lehia hasita dago. Miguel Angel Blanco fundazioak Nacional 1. La historia de la primera víctima de ETA dokumentalaren estreinaldia iragarri du, Jose Pardines 1968ko ekainaren 7an hildako guardia zibilaren irudiari gorazarre egiteko.
Bilboko Alde Zaharrean osatu berri den Etxebarrieta Memoria Elkarteak «Frankismoaren aurka borrokatu eta askatasunaren alde egin zuen» 1968ko belaunaldiaren bizipenak berreskuratu nahi ditu. Euskara bizirik mantendu, euskal kulturaren alde egin eta herriaren biziraupena bermatu zutenak hartu nahi dituzte gogoan. Hasteko, Txabi eta Josean Etxebarrietaren omenezkoak antolatu dituzte.
Oteizaren ekarpen estetikoa
Txabi Etxebarrieta hil eta hurrengo urteetan ez zen gertatutakoaren arrastorik sumatzen Bentaundin, harik eta Franco hil ondoren herritarren ekimenez oroimen ekitaldiak antolatzen hasi ziren arte. 1978an, etakidea hil zuten tokian plaka bat jartzeko asmoari debekua jarri zion garaiko gobernadore zibil Antonio de Oyarzabalek eta horrek herritarren haserrea piztu zuen. Tentsio uneak bizi izan ziren eta bildutako herritarrek osatu berri zen udal gestorari egotzi zioten errua gestorako kideen dimisioa ere eskatu zuten. Herriko armarria eta Espainiako erregeren irudiari eraso zioten batzar aretoan eta polizia manifestariei oldartu zitzaien. Urte hartako ekainaren 11n Migel Castells eta Telesforo Monzonek mitina eskaini zuten Plaza Zaharrean eta handik Bentaundira zuzendu zen jendea. Istiluak izan ziren han eta dozena bat lagun atxilotu zituen poliziak.
1994an 'Pare mugikorra'
Ekonomia ikasketak egina, idazle eta poeta zen Txabi Etxebarrieta eta laguna zuen Jorge Oteizak. Zirrara eragin zion ETAko kidearen heriotzak, eta 1968an bertan, Arantzazun hamalau apostoluen gainean dagoen Pietatea eskaini zion Txabiri. «Seme hila, amaren oinetan, hau zerura begira dagoela, erreguka, hitz egiten, ez dakit...» esan zuen orduan artista oriotarrak.
1956 inguruan Oteizak itxura geometrikoko eskultura abstraktuak egiten hasi zen. Garai honetan hasi zen, baita ere, bere lanak husteko teoriak lantzen, matematikekin estuki lotutakoak, alegia. Ordukoa da, Pare Mugikorra izeneko lana: erdigunean perpendikularki lotuta dauden bi zirkuluerdik osatzen dutena; segmentu bakoitza hirugarrenaren bila abiatzen denean, berezko azelerazioz kulunkatzen da irregularki.
Pare Mugikorra eskulturaren handipena jarrita dago 1994. urteaz geroztik, Bentaundin, Txabi Etxebarrietaren omenez. Tolosako Ekinbide Etxearen bultzadaz urte hartan Atauts eskultura ere jarri zuen Oteizak Trianguloan eta bi eskulturak giza kate baten bitartez lotzeko asmoa ere adierazi zuen artistak. CITeko batzordean, ordea, ez zuten egoki ikusi. Atauts proiektu kutural baten barruan Tolosari egindako donazioa izan zen, eta Pare Mugikorra berriz, artistaren ekimenez, eta Etxebarrieta omenduz, lur eremu partikular batean jarritako lana.
Berriki, Iñaki Uriarte Bilboko arkitektoak Eusko Jaurlaritzako Kultura sailari eskaera egin dio, Pare Mugikorra eskultura eta bere ingurunea, toki historiko gisa, ondare kultural izenda dezan. Arkitektoaren iritzian, «balio historiko, artistikoa, urbanistikoa, paisajistikoa eta emozionala du obrak eta baita tokiak ere». Uriarteren ustez, gainera, Foru Aldundiarekin elkarlanean «beharrezkoa da» eskuhartze bat egitea ingurune horretan, «aldamenean dituen elementuek, ezinezko egiten baitute artelan batek beharrezkoa duen inguru duina». Maiatzaren 7an zuzendu zion eskaera arkitektoak Kultura Ondarearen Zentroari.
EGITARAUA
EKAINAK 2, LARUNBATA
12:00. Lore eskaintza Tolosako Bentaundin eta plaka bistaratzea. Jokin Aranalderen hitzartzea.
13:00. Kalejira dultzaineroekin Euskal Pizkundearen plazara. Txalapartariek, dantzariek eta kantariek hartuko dute parte. Itziar Aizpuruak eta Haimar Altunak hitz egingo dute ekitaldian.
14:00. Berdura plazan bazkaria. Izen emateak, aurrez, ohiko tokietan.
EKAINAK 7, OSTEGUNA
12:00. Lore eskaintza Derioko hilerrian.
19:30. Manifestazioa Bilboko San Anton elizatik abiatuta.