'Lehengo batean, Bentaundi erdian, Xabier anaia hil zuten'

Ataria 2018ko eka. 2a, 16:58

50 urte beteko dira ostegunean Bentaundin guardia zibilek Txabi Etxebarrieta etakidea hil zutela. Gaur, lore eskaintza egin diote bertan eta ondoren ekitaldi politikoa izan da Pizkundearen plazan. AVT elkartekoak ere azaldu dira ekitaldian, protesta egiteko.

Etxebarrieta memoria elkarteak antolatu ditu ekitaldiak eta ezker abertzaleko hainbat kide ezagunek hartu dute parte. Bentaundin, lore eskaintza egin eta Jokin Aranalde militante historikoak hitz batzuk egin ditu. Handik kalejiran etorri dira Pizkundearen plazara. Txalapartariak, dantzariak, musikariak eta bertsolariak izan dira.

Itziar Aizpuruak hartu du hitza ekitaldi politikoan: "Eskerrik asko militante izan zareten guztioi, herria honaino ekarri duzuenoi, baina eskerrik asko, batez ere, hemendik aurrera jarraituko duzuenoi". Txabi Etxebarrietaren irudiari begira, horrela bukatu du bere hitzartzea Aizpuruak: "Txabi gurea, ez zaitut une batean ere ahanzten eta Jokinek ere barru-barruan eduki zaitu beti. Orain, biak zaudete nire barnean". Ekitaldian, Txabi eta Joxean Etxebarrieta anaien ondorengoak egon dira, tartean, Aitziber Ibaibarriaga Bilboko EH Bilduko zinegotzia.

Haimar Altuna, Gipuzkoako Sortuko arduradunak hartu du hitza ondoren eta Etxebarrietaren heriotza "une esanguratsuan" etorri zela aipatu du, "Euskal Herrian, Frankismoaren aurkako erresistentziak, euskal kultura, hizkuntza eta langile borrokaren kontzientziek bat egin zuten unean". Belaunaldi horrek abiatu zuen borroka izan du gogoan Altunak eta aipatu du utopia izan zitekeen hori, errealitatea bihurtzera doazela orain. "Ekin beraz, aurrera, eta begirada bat askatasunari", aldarria eginez bukatu du.

Hain justu, Begirada bat askatasunari leloa aukeratu du sortu berri den Etxebarrieta memoria elkarteak egunotan egingo diren ekitaldiak izendatzeko. Gaur Tolosan egin denarekin batera, ostegunean, ekainak 7, Derioko hilerrian lore eskaintza egingo zaio Txabi Etxebarrietari eta iluntzean manifestazioa abiatuko da San Anton elizatik Etxebarrieta anaien plazara.

AVTren elkarretaratzea

Pizkundearen plazan AVT elkarteko kideak ere agertu dira protesta egitera. Egia, memoria, duintasuna eta justizia zioen pankarta zabaldu eta Jose Pardines guardia zibila gogoratu nahi izan dute. Azken egunetan, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak Auzitegi Nazionaleko fiskaltzan salatu ditu gaur Tolosan egitekoak ziren ekitaldiak. Hala ere, normaltasunez gauzatu ahal izan dira.

Une batean, telebista kamara baten laguntzaz, jende artean galderak egin eta oihuka aritu da pertsona bat, Pardines guardia zibilaren memoria ahotan hartuta. Ekitaldia zapuztu nahian zebilela ikusita, udaltzainek eraman dute Pizkundearen plazatik.

 

 

Erlazionatuak

Min (ia) guztiak hasi zirenekoa

Jon Miranda Labaien 2018 eka 01 Aduna   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!