Eguzki betean lehertu dira inauteriak, aurten, Tolosako Plaza Zaharretik. Udaletxeko balkoiak lapiko bilakatu dira, eta baita argazki onena lortzeko lehia ere, Ostegun Gizenak ohikoa duen moduan; Kabi Alai elkarteko korporazioa, dantzariak, aguazilak, benetako zinegotziak nahiz kazetariak, guztiak eraikin berean. Eta, saltsa horren guztiaren erdian, Incansables txarangako omenduak, suziriari lehen txinparta eman nahian. Mende erdiko musika ibilbideari, 43. Ostegun Gizena batzen ari dira gaur, eta musikaz ospatuko dute, beste behin.
Hitz asperturik gabe eta motzean aritu nahi izan dute, balkoitik, Canario, Ropero, Paotxa eta Moneo Incansableseko sortzaile eta lehenengo kideetako zenbait, eta muinera jo dute, inauteriak segituan leherraraziz. Sua, lehertzea, lehen notak eta eskuak gora: gora Ostegun Gizen!
Inoizko txupinazo moreena izan da 2020koa, hainbat arrazoirengatik. On Ostegun Gizenen konpartsak Kontxi Mendizabal inauterizalea omendu du, Gozona Ibañez gozodendaren atarian, eta udaletxeko balkoian ere, lehenengo aldiz aritu dira bi emakumezko pregoilari. Txilibitu doinuz heldu da, ordea, gaurko aldarri doinua: Kabi Alai elkarteak azken urteotan antolatu ohi duen parodiak Hondarribiko alardea ekarri nahi izan du Plaza Zaharrera, Jaizkibel konpainia omenduz.
Ahozko erreferendum bat plazan egin eta gero, Tolosako alardean konpainia ofizialtzat hartuko dituztela azaldu diote Jaizkibeli, eta pregoilariek ongietorria eman diete zapi koloredun eskopetariei. Tolosako Udalak inauterietako musikari ezarritako neurri berriekin ere hartu dute txantxarako tartea: "Lasai egon dadila udala, gure eskopetek ez dituzte 90 dezibelio gainditzen". Zalantzarik gabe, txupinazoa betikoa izan da, baina desberdin.
Zortzi hamarkadako bizipoza
Ostegun Gizenak Plaza Zaharrean egiten du bor-bor, baina Alde Zaharreko kaleak taupada horien guztien arteria bilakatzen dira, festa giroa noranahi zabalduz.
Bizipozaren odola barreiatzen dutenetako batzuk dira Pintxana txarangakoak: aurten 80. urteurrena ospatu dute eta, garai batean bezala, orain ere, musikari heldu eta gazteen eskolarik gozoena da txaranga. Plaza Berrian hasi ohi dutenari Aroztegieta kalean ekin diote aurten, baina urteroko grinaz, eta urteroko jendetzaz.