Kudeatzaileak "greba eskubidea ukatu" diela salatuz ekin diote lanuzteari, Arriarango langileek

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko otsailaren 18a

Joan den astean iragarri zuten greba mugagabeari ekiteko asmoa; langileek salatu dutenez, kudeatzaileak gasolindegia zabaldu du goizean goiz, eta epaitegietara joko dute bihar.

Enpresa hitzarmenerako negoziaziorik ezak eta bi kaleratzek, greba mugagaberako erabakia hartzera bultzatu ditu Arriaran zerbitzuguneko langileak. Gaur ekin diete lanuzteei, baina, sare sozialetan salatu  dutenez, enpresako kudeatzaileak berak zabaldu du gasolindegia, goizean goiz, "grebarako eskubidea ukatuz".

Gaur goizean zerbitzugunea zabaltzeko txanda zuen langilea "mehatxatu eta behartu" dutela gaitzetsi dute langileek, greba utzi eta lanera joan zedin. Haren ezezko erantzunaren aurrean, azaldu dute kudeatzaileak berak zabaldu duela gasolindegia: "Hori legez kanpokoa da, langileon greba eskubidea urratu baitu".

Gertakariaren aurrean, grebalariek epaitegietara joko dute bihar bertan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!