Bi kaleratzeren ondoren, greba mugagabeari ekitea erabaki dute Arriaranen

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko ots. 10a, 13:00

Duela hiru hilabete hasitako protesta bidea greban amaitu dute, Arriaran zerbitzuguneko langileek; datorren otsailaren 18an hasiko dute greba mugagabea, iragarri dutenez

Enpresa hitzarmena lortzea izan da, azken hiruzpalau hilabeteotan, Tolosako Arriaran zerbitzuguneko langileen helburua. Lan baldintza duinagoak eta soldata igoera eskuratu nahi zituzten, eta pankarta eta aldarriekin hasi ziren lehenengo, boikot eskaerarekin jarraitzeko. Orain, enpresak joan den astean bi langile kaleratu eta gero, greba mugagabera doazela iragarri dute, ELA sindikatuaren egoitzan.

Agerraldian, azken asteotan salatu dutena berretsi dute, enpresa zuzendaritzak negoziatzeko asmorik ez duela gaitzetsiz: "Negoziazio eremua duela hiru hilabete ireki zen, baina negoziaziorik ez da izan; ez dugu inolako aurrerapausorik eman". Azaldu dutenez, enpresa "hobekuntzaren bat" negoziatzeko prest legoke, betiere, "zerbaiten truke". Baina, Ana Alkorta ELAko kideak eta Xabi Labaien Arriarango langileak azpimarratu dutenez, "inoiz ez digute zehaztu zeren truke".

Joan den astean, gainera, bi langile kaleratu zituen Arriarango zuzendaritzak; zazpi langiletik bost langile izatera pasatu dira. Antza, urtarrileko salmentetan %10eko jaitsiera izan dela argudiatu du enpresak: "Horrek lan baldintzen funtsezko aldaketa bat ekarriko digula ere azaldu digute, ordutegia aldatu nahi baitigute. Gaur egungo lanaldi jarraituaren ordez, lanaldi zatituan antolatu nahi gaituzte". ELAk eta Arriarango langileek argi dute, kaleratzeena "mehatxu" bat dela: "Egoera hau guztia adar jotze bat iruditzen zaigu, eta mendeku hartze bat ere bat, gure baldintzak hobetzen saiatu garelako. Baina guk badakigu irtenbide bakarra dagoela hau konpontzeko: akordio duin bat negoziatzea eta sinatzea".

Hilaren 18tik aurrera

Gipuzkoako gasolindegiek badute hitzarmen sektorial bat, baina ELA sindikatua ez zen horretara atxiki, soldata igoerak nahiz lan erreformaren aurkako blindatzea ez zitzaizkiolako nahikoa iruditu. Bide horretan, enpresa hitzarmena lortzeko bidean jarri ziren Arriaran zerbitzuguneko langileekin, eta hitzarmen proposamen bat helarazi zuzendaritzari, duela hiru hilabete.

Bada, greba deialdia erregistratu eta gero, lehen erantzun bat jaso dutela ere eman dute jakitea: "Asteburu honetan jaso dugu plataforma horren erantzuna, eta orain hasiko gara zehatz-mehatz aztertzen. Lehen begiratuan eskasa iruditu zaigu, baina ea hau lehen urratsa den, negoziazio bat garatu ahal izateko".

Greba mugagaberako deialdia otsailaren 7an erregistratuta, Arriarango langileak datorren otsailaren 18an hasiko dira grebarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!