Arriaran: boikot eskaeratik bestelako ekintzetara

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko urt. 16a, 09:48

Protesten aurrean, enpresa «entzungorrarena egiten» ari dela diote langileek; mobilizazioetan hastea aztertzen ari dira. 

Bi hilabete pasatxo dira, Tolosako Arriaran gasolindegiko langileek beren lan egoera salatzeari ekin ziotela. Epe horretan sare sozialak nahiz pankartak baliatu dituzte, beren borroka sozializatu eta enpresan zerbait mugitzeko, eta Gabonen bueltan plazaratu zuten azken mezua: boikot eskaera egin zieten gasolindegiko erabiltzaileei, enpresa zuzendaritzak haiekin negoziatzera eseri nahi ez zuela-eta. Orain, urte berrirako bestelako ekintzak martxan jartzea aztertzen ari dira ELA sindikatuarekin.

Kudeatzaileak «entzungorrarena» egiten duela, hala azpimarratu dute, Xabi Labaien Arriarango ordezkari sindikalak eta Ana Alkorta ELA sindikatuko kideak: «Zoritxarrez, auzi honek luze joko du».

Aurretik ere TOLOSALDEKO ATARIAn azaldu bezala, enpresako hitzarmen propioa lortu nahi dute Arriarango langileek, beren baldintzak duinak ez direla iritzita. Bide horretan, enpresaburuekin izandako bileraren emaitza «barregarria» iruditu zitzaien.

Ana Alkortak azaldu du, soldata igoera eskatu zutela, beste ezer baino lehen: igande eta jai egunetan ere lan eginda, 1.000 euroko soldata dute. Horrez gain, lan erreformaren aurkako blindajea eta lan egutegiari lotutako zenbait artikulu ere jaso zituzten, gasolindegiko arduradunekin esertzeko. «Enpresak gaitasun ekonomikoa baduela ikusita, gure eskaera erabat zilegia dela uste dugu, baina haien erantzuna garbia izan zen: ez dute itun propiorik nahi».

Gasolindegiko zuzendaritzak soldata igoera bat eskaini zien bilera hartan: «Hilero 60 euro gehiago ordaintzeko proposamena egin zigun, betiere, ikuskapen baten menpe; alegia, irizpide subjektibo baten menpe».

Lehen bilera hartan enpresaren aldetik jasotako proposamena eskastzat jotzearekin batera, Ana Alkortak «joko zikina» ere salatu du: «Enpresak saiakera egin baitzuen, ordezkari sindikala eta sindikatua bera negoziazio bilera hartatik kanpo uzteko».

EGOERA LEHERTU EGIN DA

Familia enpresa bat da Arriaran gasolindegia, eta 1949az geroztik eskaintzen du zerbitzua, Tolosako Larramendi auzoan. Egungo kudeatzaileak hamabost urte daramatza jardun horretan eta, Xabi Labaien langileak azaldu duenez, epealdi horrek ekarri ditu gaur egungo egoerara: «Bada jabearekin 40 urtez lanean aritu, eta erretiroa hartu duen jendea; lehen, bazituzten zenbait hobekuntza ekonomiko. Baina, kudeatzaile hau lanean hasi zenean, hobetze horiek desagertu ziren, eta langile asko pasatu dira gasolindegitik. Jendeak alde egiten du, eta hori zerbait gertatzen denaren seinale da».

Gipuzkoako gasolindegiek badute herrialdeko hitzarmen bat eta, ELAk azaldu duenez, Arriarango arduradunek hitzarmen hori darabilte beren neurriak proposatzeko. Ana Alkortak dio, joan den abenduan amaitu zela herrialdeko hitzarmenaren indarraldia, eta beraiek horregatik hasi zirela urrian, lanketarekin. «Arriarango kudeatzaileak hitzarmen hori erabiltzen du bere babeserako, baina hainbat irregulartasun sumatu ditugu».

Batetik, «urtean zazpi edo hamar egutegi aldaketa» egitea eman dute adibidetzat, edo komunen garbiketa euren gain hartu beharra. Bestetik, kontuek koadratzen ez badiete, aldea beren soldatatik kentzen dietela ere gaitzetsi dute langileek. «Egutegi aldaketen harira salaketa jarri genion kudeatzaileari, eta zerbait baretu zen egoera, baina berriro itzuli da lehengora, eta horrek leherrarazi du guztia», Labaienen ustez.

«KONBENTZIMENDU OSOZ»

Sare sozialetan nahiz aurrez aurre, herritarren babesa sentitu dute, asteotan, Arriaran gasolindegiko langileek. Boikot eskaeraren eragina, berriz, epe ertain-luzera begira neurtu behar dela uste du Xabi Labaienek: «Nik esango nuke lehen ondorio txikiak jasan dituela gasolindegiak, baina hori pixkana zabaltzen da, eta ezin da egun batetik bestera nabaritu».

Bitartean, boikot eskaeratik harago joan nahi dute langileek, eta bestelako protesta bideak aztertzen ari dira orain: «Gasolindegi aurrean elkarretaratzeak egitea aztertzen ari gara, jendeak ikus gaitzan, eta baita berak ere, egoera deserosoa baita. Prest gaude, eta konbentzimenduz ari gara».

Mobilizazio berriek egoera aldatuko ez balute, grebaren aukerarik ez dute baztertu. Hala Azaldu du Ana Alkortak: «Greba langileen tresna bat da, baina baita azken pausoa ere. Ez dugu greba batera iritsi nahi, iristeagatik, noski. Baina bi hilabete daramatzagu borroka hau sozializatzen, eta ikusten dugu beren aldetik ez dagoela mugimendurik. Ez bada esertzen, greba ez dugu alde batera utziko».

Momentuz, datorren urtarrilaren 30eko greba orokorrera batuko dira Arriarango langileak. Gero, enpresaren zain jarraituko dutela diote: «Arazo bat daukagu, eta hori ez da ona, ez guretzat, ez kudeatzailearentzat; ezta negozioarentzat ere. Berak dauka konponbidea, eta erraza da: eseri eta hitz egin, ez dago besterik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!