Zazpi egun barru, urduritasuna airean usainduko da Tolosan, inauterien etorreraren zain. Datorren asteburuan atariko onenak eginda, kaldereroek eta pregoi kontzertuak piztutako txinparta luzatzera helduko da, ostegunean, txupinazoa. Tolosako Udalak eguerdian egin du aurkezpen ofiziala, eta elkarbizitzaren inauteriak izatea espero duela azaldu du Olatz Peon alkateak. "Urteko prentsaurrekorik alaiena da gaurkoa".
Beste behin, herriko eragileei eskerrak emanez ekin dio aurkezpenari Peonek, "guztien lana ezinbestekoa baita, halako festa batzuk aurrera ateratzeko". Bide horretan, fokua jarri die, inauteriak elikatzen dituzten egitasmo pertsonal eta pribatuei.
Gaurko aurkezpenean protagonismo berezia izan dute, alkatearen aldamenean, Pintxana txarangak, Berazubiko danborradak eta Udaberri dantza taldeak. Ostegun Gizenean 80. urteurrena ospatuko du Pintxanak, eta berrikuntza eta ezusteko txikiren bat izango dutela iragarri du Ivan Arostegi txarangako kideak: "Ospatzeko moduko zenbakia da, eta oso gogotsu gaude".
Bide beretik, Berazubi auzoko danborradak mende laurdena beteko du, Zaldunita bezperan, danborra jotzen, eta haien ordezkari Mertxe Bustamantek hartu du hitza, herritarrak parte hartzera deituz: "Gazteak erakarri nahi ditugu, eta aurten taldetxo bat irtengo da, jantzi berri eta ekonomikoago batekin. Jende gehiago behar dugu, eta gustatuko litzaiguke herritarrek danborradara ekarpenen bat edo beste egitea".
Udaberri dantza taldeak, azkenik, inauterien aurkezpen ofizialean azaldu du, beren prentsaurrekoan iragarritakoa: Gaur txantxo naiz emanaldia eskainiko dute ostiralean, euskal inauteriak ikuskizun berezi batean bilduz.
Askotan errepikatzen da, Tolosan, inauteriak urtero berdinak direla, baina urtero desberdinak. Horregatik, urtez urte sor daitezkeen ideia eta jarduera berriekin batera, urteroko hitzorduek markatzen dute, birika inauterizaleen arnas-erritmoa. "Kaldereroak eta pregoi kontzertua, txupinazoa eta Kabi Alai Kuttuna, Arpegiren ikuskizuna, Ostiral Meheko danborrada, Zaldunita bezperako danborrada, txarangak, Diana, Alborada eta txosnak ezinbesteko osagaiak izaten dira beti, eta aurten ere hala izango dira", Olatz Peonek azpimarratu duenez.
Zenbakitan, berriz, 80 karroza eta konpartsa irtengo dira, Zaldunitatik Asteartitara bitarte, eta 1.400 haur eta gaztetxotik gora elkartuko dira, Astelenitan, aisialdi taldeen bueltan.
Festa bai, prebentzioa ere bai
Gozatzeko plazek aurrez hartu beharreko neurriak eskatzen dituzte, eta Tolosako inauterietan prebentzio eta sentsibilizazio lana egin behar izaten da, zenbait arlotan.
Parekidetasunaren esparruan, eraso matxisten aurkako kanpaina eraberritu du udaleko Berdintasun Sailak eta, urteroko Joka sano pegatinekin eta puntu moreekin batera, kalkomaniak eta pegatina berriak banatuko dituzte, aurten, #LIBRENonahi leloa idatzirik dutela; herriko hainbat gazteri banatu dizkiete jada. Balizko eraso matxisten aurrean, jarrera aktiboa izateko eskatu die alkateak, herritarrei
Alkohol kontsumoa ardurazkoa izan dadin, azken urteotako dinamikari helduko diote aurten ere: Gipuzkoa osoko DBH eta Batxilergoko ikasleen gurasoei gutun bat helaraziko die udalak, Ez dago ezer puntutik komara leloarekin. Gazteekin eurekin ere egin dituzte zenbait heziketa saio, eta kalderero egunean gazte lokalak bisitatuko dituzte, informazioa banatuz. Gauza bera egingo dute inauteri egunetan, trenean bertaratzen diren gazteekin, eta Ai Laket! elkarteko kideek ere esku hartzeak egingo dituzte, Inmakulada ikastetxeko Gizarte Integrazioko ikasleekin batera, inauteri egunetan. Azkenik, Euskal Herria plazan testing karpa bat ezarriko dute, Zaldunita egunean, 00:00etatik 03:00etara bitarte.
Bost jai egunek ohiko bost egunek baino hondakin gehiago sortzen dute herrian, eta horretan eragiteko, udalak ezinbestekotzat jo du herritarrak ardura hartzera deitzea. Horrekin batera, garbiketa zerbitzuko langileen jarduna txalotu du alkateak, aurkezpenean.
Eta, elkarbizitzaren inauteriak izango direnaren esperantzaz aurkeztutakoek, elkarbizitza errazteko neurri berriak izango dituzte, udalak joan den astean jakitera eman zuenez. Besteak beste, soinu mugatzaileak ezarriko dituzte karrozetan, eta inauteri egunetan ikuskatzaileak ibiliko dira, kalean, musika ekipoak ateratzen dituzten talde guztiei soinua neurtzen. Era berean, inork ezin izango du bolumena 90 dezibeliotik pasatu.
Horren harira, zenbait karroza eta konpartsak haien desadostasuna kalean azaltzeko duten asmoa bolo-bolo dabil egunotan, Tolosan; antza, Zaldunita egunean ordubeteko geldialdia egiteko asmoa dute, protesta moduan. Alkateak zarataren gaia mahai gainean jarri izana pozez hartu du, eta udalak neurri zehatzak hartu beharra zeuzkala nabarmendu: "Inauterietan norberak nahi duena adierazteko aukera dauka, beraz, geldialdia egin nahi duenak, egin dezala".
Festaren dirdirak badu saria
Hilabetetako lana izaten da, askorentzat, inauterietarako ideiei forma eman, eta konpartsa, karroza edo mozorro forma ematea. Inauterizaletasun dirdiratsuenek saria izango dute aurten ere, eta otsailaren 28an banatuko dituzte bost sariak, Topic zentroko aretoan. Udalak errekonozimendu horietako bat nabarmendu nahi izan du: Berdintasun Saria.
Iazko konpartsa irabazlearen eskutik jasoko du saria, aurtengo txapeldunak, eta, harreman parekideak sustatzearekin batera, emakumeen parte hartzea nabarmendu, nahiz sexu-genero aniztasunaren aldeko mezu sinbolikoak lantzen dituzten taldeak izango dira jomugan, aitorpen morea banatzeko.