Iazko inauterien ondorena inflexio puntu bat izan zen, azken urteotan egosten ari zen egonezinari irtenbide bat emateko. Balorazio bileran, festaren bueltako eragile guztiak bat etorri ziren, zaratarekin arazo bat zegoela baieztatuz. Horrela, 2020ko inauterietan neurri zehatzagoak hartzea erabaki dute udalbatzako alderdi guztiek, herritarren iritzia bildu eta gero. Olatz Peon alkateak, Andu Martinez de Rituerto EH Bilduko ordezkariak eta Joxe Mari Villanueva PSE-EEko ordezkariak ezagutzera eman dituzte segurtasuna bermatzeko eta zarata kontrolatzeko adostutako bideak, eta bolumenari lotutakoa izango da berrikuntza nabarmenetako bat: inauterietako egunetan, ikuskatzaileek kontrolatuko dute karroza eta konpartsen bolumena.
Elkarbizitza ekarri dute hizpidera hiru udal ordezkariek, Tolosako inauterietako parte hartzea urtez urte gora doala azalduz, eta herritar guztien gozatzeko aukera defendatuz. Bide horretan, Xabier Cañas festa teknikariak azaldu du, neurri berriak abiapuntua izango direla, datozen urteetan aurrerapauso handiagoak ematen jarraitzeko. Hala berretsi du Olatz Peon alkateak ere: «Badakigu, neurri hauekin guztiekin, inauterietan ez dela sekulako aldaketarik nabarituko bat-batean, baina bide bat izango da».
Aholkularitza enpresa baten egitekoa izan da, kutsadura akustikoari eta segurtasunari buruzko azterketa bat egitea. Udalak, gero, azterketa hori baliatu du, neurriak zehaztu, eta aisialdi taldeekin, txarangekin, karroza eta konpartsen ordezkariekin eta herritarrekin partekatzeko. «Pleno aretoa bete egin da bilera horietan», Peonek nabarmendu duenez.
Inauterietako bizikidetza arazoen ingurukoa kezka orokorra izan da bileretan, eta hori izan da adostasunerako giltza: «Bakoitzak bere inauteriak bizi ditu, baina guk denonak hartu behar ditugu kontuan, neurriokin», dio Cañasek.
Inauterien soinu mapa
Zaldunitatik Asteartitara bitarteko zarata protagonista izan da, azken inauterietan, eta horri heltzeko bi neurri berri proposatu ditu udalak. Batetik, mugatzaile akustikoak ezarriko dizkiete soinu ekipoei eta, bestetik, inauterietako egunetan ikuskatzaileak arituko dira bolumena kontrolatzen.
Proposamen berriaren arabera, debekatuta egongo da 90 dezibelioko bolumena gainditzea. Horretarako, bozgorailuak modu jakin batean instalatu beharko dituzte karroza eta konpartsek, eta adituen laguntza jasoko dute horretarako; hilaren 17an eta 18an aholkularitza saioak eskainiko dizkiete karroza eta konpartsetako kideei, Ferialekuan nahiz Bellota pabiloian. Zaldunita bezperan nahiz Zaldunita goizean, berriz, teknikariak pasatuko dira, karrozaz karroza, soinu ekipoak ikuskatzera eta behar bezala daudenak zigilatzera. Parte hartzaileek diru laguntzak jasoko dituzte, soinu mugatzaile horiek ezarri ahal izateko.
Inauterietako egunetan ere zarata neurtzen ariko dira, udaltzainak eta enpresa aditu bateko langileak. Guztien artean ziurtatuko dute, arauak errespetatzen ari direla; kontrara, diru laguntzetan ondorioak jasoko dituzte parte hartzaileek.
Dena den, aipatzekoa da karroza eta konpartsen lehiaketan izenik eman ez duten ibilgailuei ere kontrolatuko dietela bolumena; soinu ekipo bat kalera ateratzen duten guztiei.
Orain arte bezala, txarangak eta kalejirak uneoro errespetatu beharko dira, eta karrozek 01:00ean amaitu beharko dituzte musika emankizunak. Konpartsa ibiltariek, berriz, ezingo dute denbora luzez leku berean geldirik egon, eta emanaldirik eskaintzen ez dutenek ez dute diru laguntzarik jasoko.
Iazko moduan, Trianguloa plaza eta San Frantzisko ataria zuzeneko musikaren gune izango dira, eta musikarik ez dutenek ere bertan kokatzeko aukera izango dute.
«Aurten, inauterien soinu mapa osatzea izango da helburua», Xabier Cañasek dioenez: «Soinua non eta zein ordutan sortzen den ikusiko dugu, etorkizunean, datuen gainean, erabakiak hartzeko».
Ilarak eta sarrailak
Zezen plazako sarrera uneetan bi berrikuntza izango dira aurten, segurtasuna bermatzeko: herritarrek eta txarangek ilara banatan sartu beharko dute.
Azkenik, asteotan Ferialekuan izandako kalteen ondorioz, Tolosako Udalak sarraila bereziak jarri ditu, bai Ferialekuan, bai Bellota pabiloian: 23:00etatik aurrera blokeatuta geratuko dira bi espazioetako sarrera-irteerak. «Ohiko bilakatu da, prestakuntza egunetan bi guneak lokal moduan erabiltzea, baina debekatuta dago bertan jatea, edatea eta erretzea».