Arriarango langileek borrokari ekin diote, itun propioa lortzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abe. 19a, 08:29

Langileen ustez, 1.000 euroko soldatak ez du bat egiten gasolindegiko lan baldintzekin; lehen bilerak eginda, enpresak ez die hitzarmen propioa onartu.

N-1 errepideko noranzkoaren arabera, Tolosako azken edo lehen sarreran dago Arriaran gasolindegia. 1949an jardunari ekinda, gaur egun sei langile aritzen dira bertan: bost kontratu finkoarekin, eta bat errelebo kontratuarekin. Bada, azken asteotan, langile horien protestaz eta aldarriz bete dira eskualdeko hainbat txoko.

«Soldata duinago bat nahi dugulako hasi gara protestan. 1.000 euroko soldata dugu, eta asteburu eta jai egunetan ere lan egin behar izaten dugu». Xabi Labaien ELAko ordezkari sindikalaren ustez, ordainsari hori ez da nahikoa gaur egungo beharrei erantzuteko, eta horrek mugitu ditu.

Dena den, abiapuntua soldata igoeraren eskaria izanagatik, Arriaran gasolindegiko langileek helburu zehatz bat jarri diote, hasi berria duten borrokari: enpresako itun propioa lortzea. Momentuz, bi bilera egin dituzte gasolindegiko enpresaburuekin, eta haiek ez diete enpresa hitzarmena sortzeko aukera onartu: «Bigarren bileran beren proposamena jarri ziguten mahai gainean, ustez baldintzak hobetzeko, baina barregarria da eman diguten aukera».

Horrela, beraz, borrokari eustea erabaki dute. Aldarrikapen pankartak zintzilikatzea izan da lehen pausoa, eta Facebook sare sozialean ere zabaldu dute profila Arriaran Avia Lagileak , informazioa zabaltzeko. «Azken finean, Arriaran herriko gasolindegia da, eta denek ezagutzen gaituzte. Zentzu horretan, elkartasun izugarria jasotzen ari gara bezeroen, herritarren eta auzoko bizilagunen aldetik; oso eskertuta gaude».

Momentuz, beren protestekin jarraituko dute Arriarango langileek, enpresa hitzarmen propioa lortzeko. Inguruan badituzte erreferentziazko borrokak, Tolosaldea Buseko langileena, kasu. «Argi dago, borroka eginez gero, helburuak lortu egiten direla».

Bide horretan, Xabi Labaien ELAko ordezkari sindikalak azaldu du, lan talde osoa ados dagoela, aurrera begira balizko lanuzte edo greba egiteko: «Enpresak neurri gogorrak hartuko lituzke kasu horretan, baina presioa egin beharra dago gure helburua lortzeko».

Horrenbestez, martxan jarraitzeko asmoa dute, enpresaburuen mugimendu berri baten zain: «Beraiek badakite zertan ari diren, eta gu zertan ari garen ere bai. Haiena da azken hitza».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!