Argazki galeria

Unai Arroyo eta Maite Arraiza azkarrenak, XXXII. Tolosako Herri Krosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urr. 12a, 17:17

Goizean, Tolosako Herri Krosaren XXXII. edizioa ospatu da, San Esteban auzoan. Arroyok, 26 minutu eta 2 segundo behar izan ditu ibilbidearen 8,1 kilometroak osatzeko. Arraizak, berriz, 29 minutu eta 42 segundotan geratu du kronoa.

Eguraldi epela zegoen goizean Tolosan. "Lasterka egiteko giro paregabea", Ainhoa Artolazabal auzotarrak aipatu moduan. Eta hala irten dira 209 lagun, ausart, 8 kilometro pasatxoko ibilbidea, ahalik eta azkarren egiteko asmoz. Egutegian gorriz markatutako lasterketa izaten da askorentzat gaurkoa. Auzotarrek, gainera, argi zuten, mota guztietako korrikalarientzako proba zela, eta hala ikusi da.

Hasieratik, korrikalari indartsuenek markatu dute erritmoa, eta ez da sorpresa handirik izan. Duela astebete Txingudiko proban garaile izan zen Unai Arroyok lortu du garaipena, kronoa, 26 minutu eta 2 segundotan geratuz. Haren atzetik, Aitor Regillaga iazko irabazlea sailkatu da, 27:26ko denborarekin. Hirugarren, berriz, Euskal Selekzioarekin aritzen den Hassan Ait-Chaou billabonatarra izan da, 27:40ko denborarekin.

Emakumezkoetan, berriz, Maite Arraiza lazkaotarra izan da azkarrena, 29 minutu eta 42 segundoko markarekin. Bigarren, Ororbiako Nuria Rodrigez helmugaratu da, 10 segundora (29:52), eta hirugarren, berriz, Maialen Muñoz ibartarra izan da, 30 minutu eta 44 segundoko denbora ezarriz. Sariei dagokienez, lehen 350 sailkatuek jaso dute kamiseta bana opari moduan. Kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek, gainera, garaikurra eta ordainsaria jaso dute. Gizonezkoetan Unai Arroyo eta emakumezkoetan Loreto Lopez de Murillas izan dira lehen tolosarrak helmugan.

Gainerako korrikalariak bata bestearen atzetik sailkatu dira. Gehienek, gainera, Behobia-Donostia lasterketa prestatzeko erabili ohi dute gaurkoa, entrenamendu modura. Helmugan, gainera, emozio handiko uneak izan dira. Batetik, Tolosa CF Atletismoko taldekideek, besoak gorantza jarrita eta eskuekin zerura seinalatuz gurutzatu dute helmuga, lasterketa Ibon Gonzalezi eskaini asmoz. Bestetik, azken postuan helmugaratu den korrikalariak harrera beroa jaso du bertan bilduta zeuden haur, gazte eta helduen partetik. Txalo eta oihuez gain, olatu batekin jaso dute lasterkaria.

Erlazionatuak

Txikienak, erraldoi eta guzti

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 urr 12 Tolosa

Ibon Gonzalez omendu dute, lasterka hasi aurretik

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 urr 12 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!